Noiz etorri zinen Zumaiara bizitzera?
Ni duela hamar urte etorri nintzen Teruelgo Alcañiz herritik Zumaiara. Nire mutil-laguna Bilbokoa da baina Azpeitian lan egiten du, eta elkarrekin etorri ginen hona.
Zein izan zen hemen aurkitu zenuen hizkuntza errealitatea?
Nirekin gaztelaniaz hitz egiten zuen jendeak, baina nik ezin nuen egin euskaraz, eta gaizki sentitzen nintzen. Beti euskaraz hitz egiten dute, baina nirekin ez. Etorri nintzenean ez nekien ezer, "kaixo" eta "agur" bakarrik, telebistan entzutetik. Orduan, pixkanaka hasi nintzen: zenbakiak, koloreak... umeak bezala.
Non hasi zinen euskara ikasten?
Euskaltegian. Urrian etorri nintzen, baina kurtsoa urtarrilean hasi zen. Lehen urte hau oso oinarrizkoa zen: "Sofia naiz", "26 urte ditut"... Sei urtez joan nintzen, eta gero, mintzapraktiketara joaten hasi nintzen, pandemiara arte. Pandemian sakelakoarekin egiten saiatzen ginen, baina gaizki... Ordutik hiru urte egon naiz mintzapraktika gabe, eta iaztik talde bat dugu Aizarnazabalen.
Zer egiten duzue mintzapraktika horietan?
Astearteetan geratzen gara hitz egiteko. Neska bat euskaldun zaharra da, eta beste hiru euskaldun berriak gara. Garrantzitsua da euskaldun zahar bat izatea. Gu saiatzen gara hitz egiten, baina berak bultzatzen gaitu. Ordu eta erdi inguru egoten gara, taberna batean, zerbeza batekin. Zenbat eta kaña gehiago edan, hobeto hitz egiten dugu, kar-kar.
Mintzalagun programatik kanpo, jende gehiagorekin euskaraz hitz egiten duzu?
Kalean, tabernetan, dendan erosketak egitean... Ni euskaraz hitz egiten saiatzen naiz. Adibidez, euskaltegian egiten genuen ariketa modura astebetez beti euskaraz hitz egitea kalean ere. Eroskin ordaintzerakoan galdetu zidaten ea txartela banuen eta nik: "Ez dut nahi poltsarik, eskerrik asko". Baina saiatu egiten naiz.
Garrantzitsua da jendeak kontuan izatea guk poliki hitz egingo dugula. Niretzat errazagoa da jendeak euskaraz hitz egitea eta nik gaztelaniaz erantzutea, baditut halako harremanak, baina hitz ere egin behar dut. Hitz egitea ulertzea baino zailagoa da. Arazo handiena hori da: nik pentsatu egin behar dut lehenago, gero hizkuntza aldatu, eta hitz egin.
Orain Aizarnazabalen bizi zara, ezta?
Duela sei hilabetetik. Hor beti egiten dute euskaraz. Tabernetan euskaraz hitz egiten dut, eta hitz egiten didate. Hemen (Zumaian) ere bai, baina normalean lagunekin gaztelaniaz hitz egiten dut, ohituraz. Orain jende ezberdina ezagutu nahi dut ohitura horiek aldatzeko.
Eta lanean zer hizkuntza erabiltzen duzu?
Aizarnazabaleko paper-fabrikan egiten dut lan etorri nintzenetik; duela hamar urte hasi nintzen. Jende gehiena ingurukoa da: Zumaia, Aizarnazabal, Zestoa... Baserritar asko dago, eta dena euskaraz egiten dute.
Nire lanagatik, jendeak gauzak egin behar ditu niretzat. Hasieran "Me puedes traer una silla?" eskatzen nienean beraien erantzuna zen "Sofia, zer moduz? Kafetxo bat nahi?", baina ez zidaten aulkia ekartzen. Nik pentsatzen nuen: "Oso jatorrak dira, baina kasurik ez". Lankide batekin lan egiten nuen, eta mutil berri bat etorri zen. Ea zerbait nahi zuen eskaintzean berak "Yo, ver" monosilabotan bezala erantzuten zidan. Orduan ulertu nuen. Nik gaztelaniaz hitz egiten nuen hasieran, eta haietako batzuek ez zidaten ondo ulertzen.
Zuk, gainera, euskara batua ikasiko zenuen euskaltegian.
Bai. Baina nire euskaltegiko irakaslea zarauztarra zen. Hasieran batuan hitz egiten zuen, baina gero jada ez. Belarriprest aritzen naiz kalean.
Euskara "bizirauteko" ikasi duzu nolabait, baina gerora sortu al dizu bestelako interesik?
Heldutan ikasi dudan aurreneko hizkuntza da. Eskolan nenbilenean ingelesa ikasi nuen, baina ez da berdina. Euskaltegian euskaraz ikasten da, baina euskal kulturaz ere bai; antzerki bat ikustera joan ahal gara, adibidez. Argi dago: edo hemengo jendea ezagutzen duzu, edo ezin da. Nik uste dut zaila dela lehen pausoa ematea. Ez da hain zaila, baina ez da erosoa. Nik hizkuntza bat bakarrik nuen, eta balio zidan hemen, baina Euskal Herria da, eta euskaraz hitz egin behar dugu.