Josefran Ispizua: "Ondo sentitzen zarelako egiten da, ez konpromisoagatik"

Ainhoa Baglietto 2024ko abu. 28a, 08:00

Josefran Ispizua, mintzalaguna. (Ainhoa Baglietto)

Zumaian jaioa. Euskararekiko maitasun harremana Ipar Amerikan hasi zitzaion. UBI (Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea) Amerikan egiten ari zela, konturatu zen ingelesa ondo ikasi zuela eta euskaraz gaizki moldatzen zela. Beraz, konplexu hori kentzea erabaki zuen, baita Euskal Filologia ikasketak egin ere, nahiz eta gaztetan ikasketak euskaraz ikasi ez. Erronkari heldu, eta hizkuntzaz maitemindu zen.

Uztaileko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Maitemindu hitza aipatu duzu elkarrizketa hasieran. Zergatik diozu hori?

Euskararekin hiru pasio sortu zitzaizkidalako, eta bakoitzak bere ondorioak izan zituelako. Lehena soziolinguistika izan zen. Ikaragarri sartu nintzen hori sakontzera, eta horrek Finlandiara eraman ninduen, eta finlandiera ikastera. Gaur egun nire bihotzean dago Finlandia, bere historia soziolinguistiko eder eta terriblearekin. Eta hortik aurrera, gainera, Estatu Batuak direla, Finlandia dela, bidaiari porrokatu bilakatu nintzen. Beti, udan, motxila hartu –hotelak gorroto ditut– eta bi hilabetez bidaiatzen nuen. Horrela, hainbat herrialde ezagutu nuen eta haien kulturaz gozatzen ikasi dut. Bigarrena, fonetika eta fonologia. Horri dagokionez, alde batetik, momentu batean unibertsitateko irakasle izan nintzen, euskal filologian; eta horrek eraman ninduen herri hizkerak aztertzera eta maitatzera. Eta 1980ko hamarkadaren hasieran, uste dut hasierakoa izan nintzela, Zumaian, hika eta hitanoari buruz ikerketak egiten eta pixka bat lantzen. Ordurako Euskaltzaindiak emanak zituen hika eta hitanoaren idaztarauak eta, horrek bultzatuta, hortxe murgildu nintzen. Euskalkietan, berriz, batez ere behe nafarrera eta bizkaiera ikasteari ekin nion. Hirugarren pasioa, hizkuntzen eta kulturen kosmogoniak dira. Honetaz ez naiz mintzatuko; bestela, asko luzatuko naiz.

Nola izan zenuen Mintzalagun proiektuaren berri?

Lehen Donostian bizi nintzen, eta ni bezala Donostian bizi zen getariar lagun baten eskutik ezagutu nuen Mintzalagun programa, laguna Bagera elkarteko partaide delako eta hango mintzalagunen aitzindarietako bat. Ikaragarri gustatu zitzaidan, zeren nik ere beste hizkuntza batzuk ikasi nituenean halako bidaideak izan nituen, adibidez, Finlandian. Eta argi nuen asko laguntzen zutela ikas-prozesuan.

Eta Zumaian eman zenuen izena euskaraz mintzatu nahi zutenei bidean laguntzeko, ezta?

Bai, hala da. Zumaiara etorri nintzen orain dela lau urte, eskola lanak utzita. Urte askoan izan naiz, gaztetatik, Barandiaran Lizeoko eta Zurriola ikastolako irakasle ertainetan, Donostian, eta hori baino lehenago AEK-ko irakasle Gasteizen eta Legution. Zumaiara etortzea erabaki nuen poz-pozik eta, hemen denbora gehiago nuenez, erabaki nuen Mintzalagun proiektuan sartu eta serioago nire aletxoa jartzea. Oker ez banago, hau hirugarren urtea da, eta oso gustura nago. Oso aurkikuntza polita izan da niretzat. Uste dut denek elkarrekin egin dugula gure taldetxoa. Oso talde berezia dugu; zortzi dira: zortzi, eta ni.

Asko, ezta?

Bai, ez da normalena izaten, baina zortziak ez gara inoiz elkartzen, eta bidelari bi gara; izan ere, berak ez daki, baina bi gara. Bera euskaldun zaharra da eta ez dauka inolako premiarik, baina hurbiltzen da, bere ustez, halako beharra zuelako. Eta azpimarratu nahi dut hori, esateko gustatuko litzaidakeela horrelako gehiago egotea; eta ez da behar ostegunero etortzea. Ez dute izan behar inongo konpromisozko jarrerarik.

Pentsa, tarteka gertatu izan zaigu halako egoeraren bat, eta oso polita izan da. Lagunen laguna zena, harekin topo egin eta kontatu genion mintzalagunak ginela, ostegunero elkartzen ginela. Eta berak esan zigun: "a ba neu ere agertuko naiz". Ez zuen esan ostegunero etorriko zenik, eta etortzen denean, oso polita izaten da. Gainera, beste euskalki bateko hiztuna da: Gipuzkoako bizkaieraz hitz egiten du, eta beste kolore bat, beste kutsu bat ematen dio gure taldeari. Bakoitzak du bere ekarpena eta zer konpartitua.

Aldez aurretik pentsatzen zenuena topatu duzu mintzataldean?

Hasieran bi lagun nituen; haietako bat ama izan zen, eta gero beste batzuk batu ziren. Orain zortzi gara, horietako batzuk ez dira asko agertzen, zeren hau ez da konpromisoz egin beharrekoa; kontrakoa, egiten denean, ondo sentitzen zarelako egiten da, gogotsu zaudelako. Konpromiso bakarra dugu: abisatzea ez zarela agertuko. Bidelariek ez dugu ordaintzen eta bidelagunek ez dugu kobratzen; Urola kostako Udal Elkarteak eta Zumaiako Udalak, besteak beste, sustatzen dute.

Gainera, oso pozik nago, konturatu naizelako taldeak baduela bere nortasuna eta, ni ez nagoenean ere, bi, hiru edo lau elkartzen direla. Eta seguru nago euskaraz egiten dutela. Beraz, bere dinamika dauka taldeak berak. Ni gabe, lagun talde bat sortu da; aitzakia euskara praktikatzea da. Baina harantzago doa, eta hori oro interesgarria da; izan ere, niri ere gertatu zait bestelako kontuetan mintzalagun batek asko lagundu izana. Pertsonak gara, euskararen bitartez errealitateaz dihardugu.

Nabarmendu duzu astean behin elkartzearekin beraien euskara hobetu dela, jariotasuna handitu zaiela.

Hobetu da, bai. Hitz egiteko beldurra kentzen zaie, eta lasai hartzen dute. Komunikatzeari garrantzia ematen diogu, komunikazio errealari; geure gauzez hitz egiten dugu. Bidelagunak ez du zertan ondo hitz egin: euskalduna izan behar du, eta lagundu egin behar dio bidelariari euskararen prozesuan, euskaraz hitz egiteko bidea egiten. Euskara erabiltzeari beldurra kentzen laguntzen diegu.

Zumaian Mintzalagun proiektua behar al da?

Bai, Donostiatik etorri nintzenean, oso idealizatua nuen Zumaia. Neure baitarako esaten nuen: 'Nahiko erraza da Zumaian euskaraz bizitzea'. Baina bai, konturatu naiz Zumaian ere behar dela. Zumaian ere badira erdaraz bizi direnak eta, jakinda baten bat euskara ikasteko ahaleginetan ari dela, beti harekin erdaraz jarduteko ohitura zurruna aldatzeko erronkak badu zailtasunak gainditzearen satisfazio ederra. Gure esku dago laguntzea. Aspaldi hasi ginen normalizazioaren gizarte proiektu etiko duin eta politaren bidean, eta horri buruz etengabe hausnartzen jarraitu behar dugu: behar dugun ala ez, eta horren alde zenbat gauden egiteko prest. Ematen duena baino errazagoa da, eta deserosotasunarekin aurrera egin behar dugu. Uste dut helburuak merezi duela, eta beraiek eskean ari zaizkigu. Nola ez lagundu?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide