Zumaiako Herri Eskolako pilotalekura hurbildu bezain pronto suma zitekeen giro ona. Zumaiako Kirol Elkarteko pala egokituko kideek denboraldiko azken entrenamendu saioa zuten ekainaren 6an eta, entrenatzailea heldu bitartean, beraien artean ari ziren jokoan, baita ostegun arratsalde hartan frontoira bertaratu ziren haurrekin ere. Barre artean, jokatzeko eta jolasteko gogoa nabari zen pilotakadak partekatzen zituzten bitartean.
Leire Esnal da historia honen protagonistetako bat. Txikitatik hasi eta hezi izan da frontoietan. Beste kirol batzuk ere praktikatu izan ditu, futbola, esaterako, baina eroso eta gustura sentitzen da pilotalekuetako bi hormen artean. "Bizitza osoa nabil palan jokatzen. Hasieran, urritasunik gabekoekin ibiltzen nintzen, baina gero eta neska gutxiago aritzen ziren, eta amaieran, bat bere ere ez", dio. Pilotan jokatzen jarraitzeko gogoa zuen, eta pala egokituan jokatzen hasi zen. "Pare bat urte aritu nintzen Zarautzen, eta beste pare bat Errenterian. Zumaiako gazte batek unibertsitaterako gradu ertaineko lan baterako elkarrizketatu ninduen, eta galdetu zidan ea zer egoeratan zegoen kirol egokitua herrian. Hor ikusi nuen ez zela posible Errenteriara joan-etorrietan ibiltzea, diru asko gastatzen nuen-eta. Beti frontoian ibiltzen nintzenez, klubeko kideei galdetu nien ea taldea sortzerik izango zen herrian".
Duela lauzpabost urte sortu zuen Zumaiako Kirol Elkarteak pala egokituko taldea. Kirol elkarteko kide eta pilota egokituko entrenatzaile Peio Carballok gogoratu duenez, Esnalen gogoak eta grinak abiatu zuen taldea. "Leire betidanik ibili da klubean, pilota eskolan, esku pilotan, laguntzen... Baina pala egokituan aritzeko Zarautzera edota Errenteriara joan behar izaten zuen. Klubeko presidente Iñaki Ostolazari galdetu zion ea egongo zen Zumaian pala pilota egokituko talde bat sortzerik, eta elkartean palako sekzio bat bagenuenez, baietz esan genion". "Nire egoskortasunetik sortu zen hau. Beti frontoian ibiltzen nintzela-eta, klubak ez zidan inongo trabarik jarri, eta beti laguntzeko prest agertu dira", gaineratu du pilotariak.
Ander Manterola izan zuten pilotariek lehen entrenatzailea. "Begiralea ere bazen, eta entrenatzaile lanak egiteko boluntario agertu zen", dio Carballok. Hasiera hartan larunbatetan egiten zituzten prestatze saioak, eta lanagatik batzuetan ezin izaten zuenez Manterolak agertu, Carballo hasi zen entrenamenduetan laguntzen. "Anderrek urtebete egin zuen, eta haren ordez Beñat Lizeaga sartu zen", gaineratu du Esnalek. "Hura ere gustu handiz etortzen da gurekin", jarraitu du Carballok.
Lehen entrenamendu saioak Aitzuri frontoian egiten zituzten, "baina eskola kiroleko kontuak zirela-eta, esan ziguten ea ahal izango genuen hona [Zumaiako Herri Eskolako frontoira] etorri. Orain, ostegunetan entrenatzen dugu, 18:30etik 19:30era", dio Esnalek.
Arduradunek jakin badakite pilotariek urritasunen bat edo behar bereziak dituztela. Hala ere, entrenamendu saio "normalak" egiten dituztela dio Carballok. "Hasieran beroketa lanak egiten ditugu; gero, luzatze ariketa batzuk, eta ondoren, palarekin hasten gara: bakarka, partidak, kinielak, denetik egiten ditugu. Pilotariek beraiek maila desberdinak izango dituzte, baina ariketak denok batera egiten ditugu, multzo berean. Orain, gainera, Leirek monitore titulua atera du, eta berari eman dizkiogu ardura batzuk".
Jokalariek zein entrenatzaileek taldean duten giro ona azpimarratzen dute
Partaide denek, jokalariek zein entrenatzaileek, taldean bizi duten giro ona azpimarratzen dute. Egoitz Arribas zumaiarraren kasua da. Talde horretan lagun onak aurkitu dituela dio. "Leirerekin eta Jurdanekin [Arakistain] gustura etortzen naiz. Lagun onak dira". Entrenamendu saioak gogorrak direla dio Arribasek, eta oin batean izandako lesio baten ondorioz, batzuetan pilotetara heltzea kostatu egiten zaiola ere azaldu du. Hala ere, ikasteko grina duela nabari zaio. "Kantxaren atzealdean aritzen naiz ondo, baina oraindik ikasten ari naiz".
Luis Zulaika gasteiztarra, berriz, duela bi urte hasi zen taldean palan jokatzen, "Zumaiara bizitzera etorri nintzenean. Aurretik, Zarautzen, pandemia baino lehen probatuta neukan. Gero, bertan behera geratu zen dena, eta, aparte, ebakuntza batengatik, utzi egin behar izan nuen". Palara engantxatu egin dela ere azaldu du gasteiztarrak. "Oso giro ona dago, eta oso gustura nago". Palan aritzeak onurak ekarri dizkiola ere nabarmendu nahi izan du Zulaikak: "Lehendabiziko onura ludikoa da, ondo pasatzea, sozializatzea. Ondo pasatzen dugunez, etorri egiten naiz. Taldean aritzea, jendearekin ibiltzea, niretzako oso lagungarria izan da, eta nire egoera barneratzeko ere balio izan dit. Elbarritasun fisiko bat daukat [parkinsona du], eta palan aritzeak asko lagundu dit egoera barneratzeko".
Gipuzkoa, aitzindari
Pala egokituko taldea sortu eta urte gutxira, Zumaiako Kirol Elkarteak beste pauso bat eman zuen, eta pala egokituko sekzioa sortu zuen. "Hasieran Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren fitxarekin jokatzen zituzten txapelketak Zumaiako pilotariek. Duela pare bat urte egindako batzar orokorrean klubaren estutuak aldatu genituen, eta pala egokituko sekzioa sortu genuen. Aurten, lehendabizikoz, Euskadiko Pilota Federazioko fitxa izan dute pilotari hauek, Zumaiaren izenean. Hori lorpen bat izan da guretzako", dio Carballok.
Pilota egokituan Gipuzkoa aitzindaria dela dio Carballok. "Alde horretatik, hemen zorte handia dugu. Hemen kirol egokituarekin egiten den lana ez da beste inon egiten. Hainbeste jende dabil Gipuzkoan pala egokituan, txapelketetarako selekzioak egin behar izaten ditugula. Beste herrialde edo erkidegoetan, berriz, justu-justu osatzen dituzte taldeak. Gipuzkoako Federazioa oso lanketa ona egiten ari da, eta oso eskertuta gaude, lana asko errazten digu eta".
Zumaian egiten den lanketa inguruko herrietara ere heldu da. Arribasek dioenez, gero eta jende gehiago etortzen da taldeak egiten dituen entrenamenduetara, "bai Zumaiakoak, baina baita beste herrietakoak ere. Denok bat egiten dugu hemen". "Egia da Gipuzkoan pilota egokituko talde gutxi daudela, eta Errenteriakoak, Zarauzkoak eta gu izango gara erreferentziazkoak", gaineratu du entrenatzaileak.
Mikel Alonso elgoibartarra da horren adibideetako bat. Haren aita, Bixen Alonso, semearekin etortzen da Zumaiara, taldeko entrenamenduetan parte hartzera. "Elgoibarren jarduera asko egiten dira, baina justu pilotakoa ez dugu", kontatu du. "Bere garaian ikusi genuen Zarautzen taldetxo bat zegoela. Hura amaitu zenean, pare bat urtez ezer egin gabe egon ginen. Gero jakin genuen Zumaian taldea zegoela, eta etortzen hasi ginen". Bi urte daramatzate astero Zumaiako pala entrenamenduetara etortzen. "Oso talde polita da, oso jende jatorra. Peio eta Beñat baino laguntzaile hobeagorik ezin da eduki. Talde ederra da, oso ondo moldatzen dira, eta oso pozik daude. Semea oso gustura dago, eta Elgoibartik ez dugu hutsik egiten, beretzako oso inportantea da eta".
Autismoaren Espektroko Nahasmena du Alonsok, eta pilota egokituko entrenamendu horietan aritzeak semeari onura asko ekartzen dizkiola dio aitak. "Beste pertsonekin erlazionatzeko arazoak ditu, eta hona etortzen denean talde bateko kide sentitzen da. Bere lagunak dira, eta bera ere konturatzen da horretaz. Bitartean, jarduera fisikoa egiten du, eta besteek esaten dutena ere entzuten du". Pilota bakarrik ez, surfa ere praktikatzen du Alonsok Zarautzen, Shelter elkartearen bitartez, eta arraunean aritzeko aukera ere badu Orion.
Jurdan Arakistain, berriz, Zestoatik etortzen da, eta dagoeneko txapelketak jokatu ditu Zumaiako taldearekin. "Jurdan oso txikitatik aritu izan da palan. Zestoarrak gara, eta txikitatik bi palarekin ateratzen zen kalera beste norbaitek berekin jokatu nahi bazuen ere", dio arreba Libek anaiaren pilotakadak ikusten dituen bitartean. "Bere kasa hasi zen txapelketetan parte hartzen, oso gaztetatik. Urte askoan bera izan zen txapelketetako gazteena. Hemen taldea sortu zutenetik hasi zen entrenatzera etortzen", du gogoan arrebak.
Palan aritzeak on egiten diola sumatu dute Jurdanen familian. "Taldean entrenatzeak beste alderdi batzuk lantzen laguntzen dio. Bere lagunak futbolean edo beste kirol batzuetan aritzen diren bezala, berak pilota taldeko lagunekiko edota taldearekiko lotura badu". Igeriketan ere aritzen da Arakistain, Azkoitiko Izarraitz taldearekin.
Familia bat
Bai Arakistain, bai Leire Esnal eta Zulaika, Gipuzkoako pilota egokituko txapelketako finaletara heldu ziren. Maiatzaren 20an jokatu zituzten partidak, non eta Donostiako Atano III.a frontoian. Esnalek eta Zulaikak irabazleen txapelak jantzi zituzten; azken horren aurka aritu zen Arakistainek, berriz, txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan zuen oraingoan.
"Txapelketan bazabiltza, irabazten saiatzen zara", dio Esnalek. "Aurrena ondo pasatzea da, baina gero bikote desberdinekin jokatzen ikasi egiten duzu". Iñaki Divasson zarauztarrarekin osatu zuen bikotea Esnalek Gipuzkoako txapelketan. "Bere lana sakea egitea zen, eta beste guztiaz ni arduratu nintzen. Ondo moldatu ginen, eta irabazi egin genuen".
Zulaikak umorea erabiltzen du txapelketan izandako sentsazioak gogoratzean. "Aurten esan nuen aspertuta nengoela ondo pasatzearekin, irabazi nahi nuela, eta kasualitatez-edo, irabazi dut. Oso gustura nago. Alde ludikoaren puntu agoniakoa da irabaztea. Ezinbestekoa da hori, horrek ematen dio-eta bizitza honi. Hala ere, hemen benetako lana honi guztiari ikusgarritasuna ematea da".
Denek ere datorren denboraldian entrenamenduetara itzultzeko asmoa erakutsi dute
Iritzi berekoa da Carballo. "Gipuzkoako txapelketako finala Donostian jokatu zuten, Atano III.a frontoi historikoan, eta Euskal Telebistaren bidez eman zuten. Horrek guztiak ikusgaitasuna eman zion. Eskertzekoa da, kirol honek balio batzuk dituelako eta horiek erakusteko lanean ari direlako". Pilota egokituko taldeak herri gehiagotan sortzea eta sare bat osatzea da, entrenatzailearen arabera, eman beharreko hurrengo urratsa.
Ekainaren 6koa izan zuten azken entrenamendu saioa, eta denek ere datorren denboraldian itzultzeko borondatea erakutsi zuten. "Segitzeko asmoa daukat, besteei erakusteko zer lan egiten dugun hemen eta umeek-eta ikas dezaten hemen zer egiten dugun", dio Arribasek jokoan erabiltzen duen pala eskuetan duela.
"Familia bat osatu dute", gaineratu du Carballok. "Denak ezagutzen dira. Askotan, lanean ere, elkarrekin egoten dira. Topiko bat izango da, eta hala esaten diot emazteari entrenamenduen ondoren etxera joaten naizenean, baina askotan beraiek gehiago ematen dizute guk beraiei ematen dioguna baino. Duten jarrera, ematen dizuten maitasuna, horrek ez du preziorik".