Urrea lepoan, hankak lurrean

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 5a, 11:00

Andrea Saez zumaiarra Bera Berarekin ibiliko da aurtengo denboraldian. (Utzitakoa)

Gazteen eskubaloiko Munduko Txapelketa irabazi berri du Andrea Saez jokalari zumaiarrak, eta orain, aurreneko denboraldia hasiko du Iberdrola ligan dabilen Bera Bera talde donostiarrarekin. Saezen eta selekzioko haren kide Libe Arruabarrena oriotarraren iritziak bildu ditu Gukak.

"Ametsa izan da; asko ikasi dut, eta baita asko gozatu ere. Kristoren esperientzia izan da". Andrea Saezek (Zumaia, 2006) horrela laburbildu du gazte mailako eskubaloiko Munduko Txapelketan bizi izandakoa. Hamalau egun egin dituzte Txinan lehian Espainiako selekzioarekin, eta urrezko domina jantzita bueltatu dira etxera bera eta Libe Arruabarrena (Orio, 2006). Txapelketa abuztuaren 26an amaitu zuten, eta Oriora iritsi orduko jende askok zoriondu zuen Arruabarrena. Aupa Libe txapeldun! zioen pankarta ere jarri zioten, globo horiz apainduta. Orain arte bere kluba izan den Orio Eragineko entrenatzaile guztiek bidali zizkioten mezuak, eta jokalari gazteenek elkarrekin ikusi zuten herrikidea finala jokatzen. Saezi, berriz, omenaldia ere egin zion Pulpo eskubaloi klubak joan den larunbatean Zumaian, Lubaki kiroldegian, Labarra Nikol Pulpo taldeak jokatu zuen Euskal Kopako partidaren atarian. "Oso-oso polita izan zen, oso eskertuta nago, nire taldekide ohi guztiak ere han ziren". Arruabarrenak ere "eskerrak" eman nahi izan dizkio orain arte bere kluba izan denari.

Abuztuaren 11tik 26ra, zortzi partida jokatu zituzten txapelketan, eta finala sufrituta irabazi zuten, 22-23 emaitzarekin, ordura arteko txapeldunaren kontra, Danimarkaren kontra. "Bagenekien partida zaila izango zela. Ikusi genituen haien beste partidak, eta ikusi genuen oso ondo jokatzen zutela. Iparraldekoek maila oso ona dute kategoria guztietan", azaldu du Orioko pibotak.

Libe Arruabarrena oriotarra, Beti Onak taldeko elastikoarekin. (Utzitakoa)

Txapelketako gainerako partidak, berriz, nahikoa erraz irabazi zituzten, eta "ondo" sentitu zirela esan du Arruabarrenak; "ez zen hainbesteko tentsioa egon beste partidetan, eta hori alde genuela iritsi ginen finalera", gogoratu du. Egiptoren eta Japoniaren kontrako lehiak, esaterako, nahiko aise irabazi zituztela kontatu du, eta finala izan zela "justu-justuan" ibili ziren bakarra. Saezek berretsi egin ditu taldekidearen hitzak, eta ez du beste ezer gehitu nahi izan. Izan ere, taldeko atezaina da zumaiarra, eta "gutxi jokatu" du txapelketan. Espainiako selekzioarekin izan duen aurreneko esperientzia ere horixe izan da.

Oriotarrak, berriz, aurrez txapelketa gehiago ere irabaziak zituen Espainiako selekzioarekin, baina hau izan da A kategoriako aurrenekoa, eta Saezek bezala, hark ere nabarmendu du "kristoren esperientzia" izan dela. Arruabarrenak hiru uda daramatza selekzioan, 15-16 urte zituenetik; taldea nahiko egonkorra dela esan du, eta hori "nabaritu" egiten dela: "Familia bat gara, oso-oso ondo moldatzen gara".

Denboraldirako prest

Munduko Txapelketa irabazi izanak poz handia eman dien arren, burua hasiberri den eskubaloi liga denboraldian dute biek. Izan ere, aurreneko urtea egingo dute beren txikitako klubetatik kanpo –Orio Eragin eta Pulpo–, eta pozarren dira. Ez da gutxiagorako: Iberdrola ligako –gorengo maila– Beti Onak taldeak fitxatu du Arruabarrena, eta liga berean dabilen Bera Berak, berriz, Saez. "Oso pozik nago Beti Onak taldera joateko aukera izan dudalako; kanpora noa, baina, aldi berean, etxetik ordubetera egongo naiz. Taldean baditut ezagunak, eta entrenatzaileak ere oso jatorrak dira", azaldu du oriotarrak.

Saezentzat "ametsa" da Bera Beran jokatzeko aukera edukitzea: "Inoiz ez zitzaidan burutik pasatu honaino iritsiko nintzenik". Donostiako taldeak iaz proposatu zion astean behin edo bitan beraiekin entrenatzea, eta aurten iritsi da taldera joateko proposamena eta fitxaketa.

Gazteak dira Saez eta Arruabarrena, eta asko dute ikasteko. Horregatik, lehenengo eta bigarrengo taldeekin ibiliko dira entrenatzen eta lehiatzen. "Orain arte jubenil mailetan bakarrik jokatu izan dut, eta orain askoz helduagokoen kontra ibili beharko dut; ea zer moduz moldatzen garen", hausnartu du Arruabarrenak.

Kontuak kontu, ikasketak alboratu gabe ariko dira eskubaloian, Saezek Batxilergoko azken urtea hasi baitu, eta Arruabarrenak, berriz, unibertsitate ikasketetako aurrenekoa.

Ametsa izan da Munduko Txapelketan parte hartu eta hura irabaztea, eta orain beste amets bat dute esku-eskura: eskubaloian lehenengo mailan jokatzea. "Hankak lurrean ditugula, lanean gogor segituko dugu", ziurtatu dute.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide