Noiz hasi zinen kantuan?
Gogoan dut 17 edo 18 urte nituela. Donostiako Kontserbatorioan pianoko ikasketak egiten ari nintzen. Goiko tabernan nengoen arratsalde batean, eta han zegoen Agustin [Zubimendi] zuzendaria. Esan nion kantatzen hasi nahi nuela, eta abesbatzara gonbidatu ninduen. Ordutik, ez diot abesteari utzi. Are gehiago: adinean aurrea egin ahala, kantuak presentzia handiagoa hartu du nire bizitzan. Kantuak, eta batik bat, koruen munduak. Mundu koralean oso murgilduta nago. Asko ematen dio koruak nire bizitzari, eta asko eskatzen dit. Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko lehendakaria naiz orain. Juntakide hasi nintzen, baina halakoetan karguak batetik bestera pasatzen dira.
Bestalde, Hernaniko Musika Eskolan irakaslea ere banaiz, eta han, haurrei musika eta mugimenduko klaseak emateaz gain, abesbatzak zuzentzen ditut. Mundu profesionalean ere badute beren presentzia abesbatzek.
Garbi zeneukan abestu nahi zenuela, baina zerk bultzatuta?
Musikak bultzatuta. Musika ikasketak egiten ari nintzen, eta herrian, Musika Banda edo korua neuzkan parte hartzeko. Ez zegoen beste aukerarik. Inork ez ninduen gonbidatu; neure iniziatibaz hasi nintzen.
Ordutik espazio askotan aritu zara kantuan.
2008a baino lehen San Pedro abesbatzan aritutakoa naiz, eta urte horretatik naiz abesbatzako zuzendaria. Horrez gain, Zumarte Usurbilgo musika eskolan aritu nintzen abesbatzak zuzentzen 2006tik 2017ra arte, eta 2015etik aurrera Hondarribiko emakumeen Eskifaia abesbatza zuzentzen dut.
Emakumezkoen korua daukat Hondarribian, ahots zuriena; San Pedro abesbatza Zumaian, ahots mistoena; eta musika eskolan, haurrengandik hasi eta helduetarainoko taldeak.
Zer ikasketa dituzu?
Pianoko eta ganbera-musikako goi mailako ikasketak eta musika lengoaiako erdi mailako ikasketak ditut.
Abesbatza batean hainbat abesti mota abesten dira: tradizionalak, moldaketak, sakroak... Zeintzuk dituzu gustukoen?
Ezingo nuke bakar bat aukeratu. Bakoitzak eskaintzen du momentu batean eta egoera batean zerbait, eta beraz, ez nintzake zentratuko mota zehatz batean.
Abesbatzak adin batetik aurrerako jendearekin eta elizarekin lotu izan dira sarri. Parekoak al dira abesbatza guztiak?
Zumaian momentu honetan abesbatza bakarra daukagu. Egia da formatu jakin bat badutela abesbatzek, baina pixka bat sakondu eta talde desberdinak ezagutuz gero, badago aldea.
Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak gazteen abesbatza bat dauka, eta 18-23 urte arteko gazteak dabiltza hor kantuan. Maila izugarria du talde horrek. Hori badago herrietan ikusten den abesbatzen formatu horretatik kanpo. Gazteen energia eta indarra helarazten du koru horrek.
Abesteko ez da jakin behar instrumenturik jotzen, instrumentua gorputz barruan dagoelako. Zabala eta irekia da; edonor etor liteke koru batera. Kantatzeko ahots kordak besterik ez dira behar, eta horregatik da zabala. Ez da trikitilarien talde batean parte hartzea bezalakoa.
Abesten, maila baxu batean hasi, eta poliki-poliki ikas dezakezu. Koru bat sozializatzeko gune indartsu bat da. Adin nagusiko jendea ere badaukagu, eta hortxe daude kantuan. Asko laguntzen du talde horretako parte izateak, laguntasunak. Gauza asko ditu.
"Zuzendari bat oso bakarrik sentitzen da askotan, jendez inguratuta egon arren"
Zailtasunak dituzue belaunaldi gazteengana heltzeko? Erronka bat al da hori?
Abesbatzak ez dira modan egon inoiz. EITBk izan zuen lehiaketa bat bere garaian, eta gazteen artean boom bat egon zen, baina orokorrean, ez da modako gauza bat.
Kirola badago modan, eta beti egongo da. Gaur egun lanera joaten gara eta gero kirola egin behar dugu bai edo bai. Abesbatza batek, berriz, ez du erakartzen hasiera batean.
Koruan jarraitzen duten gazte gehienak emakumezkoak dira. Unibertsitatera doaz, eta handik bueltan, abesteko tartea ateratzen dute. Barruan sortu zaie zerbait deskribatzeko oso zaila dena. Gehienbat gazteengan sumatu dut hori, jarraitzeko izaera pixka bat eduki behar delako. Zer esanik ez mutilen artean.
Kantuak ematen die zerbait. Endorfinak sortzen ditu, orokorrean, musika egiteak, kirolak bezalaxe. Joan zaitezke entsegu batera animoz baxu, eta buelta emanda atera.
Zu zeu gazte hasi zinen, eta zuzendaria zara orain.
Ni musika ikasketetan murgildua nengoen koruan abesten nenbilen garai berdinean. Agustinek urte mordoa zeramatzan korua zuzentzen, eta poliki-poliki, begirada nigan jarri zen, eta horrelaxe hasi nintzen.
Talde oso bat gobernatzeko behar al da gaitasunen bat?
Lidergo bat behar da. Musika bera izan behar da aintzat, baina ez hori bakarrik: kudeatu behar dira koru-kide bakoitzaren egoerak ere. Talde bat zuzendu behar da, beraien artean giro ona egon dadin zaindu behar da, eta arraunean bezala, denek arraun elkarrekin egin dezaten zaindu behar du zuzendariak.
Zuzendari bat oso bakarrik sentitzen da momentu askotan, jendez inguratuta egon arren. Bakarrik zaude hor aurrean, eta ez dituzu zure buruhausteak partekatzen. Momentu batzuetan gogorra egiten da. Eman egiten du, baina kendu ere bai.
Zuzendariaren arabera, asko aldatzen al da abesbatzaren estiloa?
Bai. Zuzendariak erabakitzen du zer musika mota abestu. Eta baita abesbatzaren soinua ere: musikarekiko duen ulerkeragatik, zuzentzeko duen moduagatik eta bere izateko eragatik.
Zuzendariak ardura handia dauka talde horren soinuari dagokionean. Koruak musika erabat aldatu dezake aurrean daukanaren arabera.
"Koruaren soinua erabat aldatzen da aurrean daukanaren arabera"
Zuzendaria izateak eman dizu abesbatza baten tripak errazago ikusteko aukera?
Denok hasten gara gutxi jakinda, eta beti gaude ikasketa prozesu horretan. Koruak maila bat hartzeko denok egin behar dugu lan, bai koru-kideek beren ahots teknika landuz, eta baita zuzendariek ere, zuzendaritza formazioa jasoz.
Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko lehendakaritzak zer lan ematen dizu?
Lan handia eskatzen du. Boluntariook osatzen dugu batzordea, eta Gipuzkoako ehunka abesbatzen egoera aztertzen dugu, zikloak antolatzen ditugu... Perspektiba oso ona ematen du abesbatzaren egoerari buruz. COVID-19aren eraginez koru batzuk desagertu egin ziren, ez geneukalako entseatzeko elkartzeko modurik. Beste batzuk, berriz, indar gehiagorekin atera ziren.
Tolosako Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketa ere hor dago. Ikaragarria da hori, mundu osoan erreferentea den lehiaketa bat delako. Kirolean hau gertatuko balitz, beste istorio bat litzateke. Maila izugarria dute etortzen diren koruek, eta horiek bertatik bertara ikusteko aukera dugu.
Aurten betetzen ditu 40 urte Zumaiako San Pedro abesbatzak.
Garai batean parrokiko abesbatza bakarrik zen. Parrokiarekin zeuzkan konpromisoak betetzeaz gain, kanpora begira abesten hasi zen abesbatza duela 40 urte.
Elizan abesten genuen, baina kalean ere bai, eta poliki, poliki abesbatza beste bide bat egiten hasi zen. 2008. urtean, abesbatzaren zuzendaritza hartu nuenean, urtean sei elizkizunetan bakarrik parte hartzera pasatu ginen.
Nola hartu zen elizatik irteteko erabakia?
2008an, nik zuzendaritza kargua hartu nuenean, presentzia handia zuen oraindik elizak. Jendearekiko halako hesi bat sortzen zuen horrek, batzuk ez zirelako elizan parte hartzearen aldekoak. Horrek eragin zuen koruari buelta bat ematea.
Elizan abesten diren abestiak oso interesgarriak dira, baina eukaristia baten barruan kantatu behar dira, eta horrek sortzen du halako deserosotasun bat zenbait jenderengan.
Gerora, koruak oso ibilbide zabala egin du, eta aipatzekoak dira zenbait parte hartze: 2013an Suite izeneko diskoa grabatu genuen herriko musika bandarekin batera. Esperientzia polita eta aberasgarria izan zen musika haiek egitea. 2014an San Vicente de la Barquerara joan ginen, lehiaketa batera. Joxean Goikoetxearen Hesia urraturik egin genuen 2022an, orkestrarekin.
Horrelako ekimenek asko eskatzen diote koruari, baina eman ere bai. Horrelako momentuetan korua hazi egiten da: lan gehiago egin behar da, baina erronka bat da horretara iristea, eta lanketa pertsonala eta kolektiboa eskatzen du horrek.
Hesia urraturik, esaterako, proiektu oso potentea zen, eta zalantzak izan genituen. Baina herriak erantzun zuen, eta orduan ohartu ginen, bai gu, bai udala, merezi izan zuela. Koruarentzat izugarria izan zen.
Musika Jaialdiko lehen kontzertua izaten da abesbatzarena urtero.
Urteko kontzerturik garrantzitsuena izaten da, zalantzarik gabe. Herrian gaude, eta herriak ezagutzen gaitu. Maila bat eman eta zerbait berria aurkeztu nahi izaten dugu. Aurtengoa prestatzen ari gara. Ibilbide honetan garrantzitsuak izan diren zenbait obra sartu ditut errepertorioan, baita asko maite ditugun abesti batzuk ere. Iker Gonzalezen bi kantu ere bai.
Nolakoa irudikatzen duzu abesbatzaren etorkizuna?
Korua egoera oso onean dago. Oraintxe 38 partaide gara, eta jendea adin nagusikoa den arren, momentu onean dago. Erretiratu gazteak dira gehienak; sasoiko jendea. Etorkizun oparoa ikusten diot. Daukagunarekin, ondo gaude.