“Gutxigatik, segundo bat baino gutxiagogatik, baina gureak kanpoan geratu dituk”, esan zidan lagunak. Kontxako sailkapen estropadan Zumaiako neskek egindakoaz ari zitzaidan, noski. Segidan, mutilek ere bezperan sailkatzerik izan ez zutenez, aurtengo estropadak ikusi bai, baina lasaiago, askoz ere lasaiago ikusiko genituela komentatu genuen. Alegia, lehia ez dugula berdin bizi gure ordezkariak bertan direnean eta “gu” gabe beste batzuk ari direnean.
Ados ginen biok. Ados ginen “gureek” sorrarazten digutena azaltzean ere: urduritasuna, poza, tristura… “Gorriak bakarrik lortzen dik hori, gu gorriak gaituk, Zumaia gorria duk”, jarraitu zuen lagunak, keinu bat eginez gorria izate horren zentzu bikoitzari. Hitz jolasak jolas, ados segitu genuen, eta hala jarraituko genuela uste genuen orduan, sinboloak aipatzeak (koloreak, kasu honetan) beste era bateko burutazioetara eramango gintuela pentsatu gabe. Konturatu orduko, Kontxako estropadak arraunaren Olinpiar Jokotzat hartu izan direlako edo, pasa berri diren Olinpiar Jokoak ere hizketaldian sartu genituen lehenik. Ondoren, Espainiako selekzioarekin parte hartzen duten euskal kirolariei komunikabideetan eman beharreko trataeraz ere aritu ginen. Eta horraino gure arteko adostasunak.
Nik nioen, eta diot, Kontxan Zumaiako trainerurik ez baina beste traineruetan badirela Zumaiako arraunlariak, eta horrek ez dituela arraunlari horiek “gure” ordezkari egiten; gure ordezkaritzarik ez dela izango aurten Kontxan. Arraunlari horiek, eskubide eta zilegitasun osoz bada ere, Zumaia ez den beste herri batzuk ordezkatuko dituztela, herri horietako koloreak/sinboloak eramango dituztela soinean eta traineru bakoitzak ordezkatzen duen herrian izango duela zentzua ondo merezia eta irabazia izango duten harrerak. Han jasoko dituztela herritarren eta agintarien babes eta miresmen goxoak.
Bitartean, zumaiar kirolari horiek dauden traineruak lehengo moduan ikusten ditut nik, beste herri bateko ordezkari modura. Eta sortzen didaten sentimendua aipatu beharko banu, inbidia (sanoa, noski) aipatuko nuke lehenik.
Distantziak distantzia eta desberdintasunak desberdintasun, egin daiteke paralelismo bat Espainia ordezkatzen duten euskal kirolariekin. Euskal Herriko hainbat komunikabidetan Olinpiar Jokoetan nahiz futbol selekzioan Espainia ordezkatuz aritu diren euskal kirolariei buruz aritzerakoan “euskal ordezkariak”, “gure ordezkariak” eta antzekoak erabiltzea ez dut gogoko. Izan ere, zergatik aritu gure herria ordezkatua izan dadin aldarrikatzen dagoeneko ordezkatuta gaudela uste badugu? Era horretan, Euskal Herriak kirolean bizi duen ukazioa normalizatu eta etsipen mingotsa goxatu besterik egiten ez delakoan nago. Kirolari horiek, arestian aipatutako arraunlarien modura, beste herri bat ordezkatuko dute, kasu honetan estatu jakin bat, eta estatu horren sinboloak (bandera, himnoa…) eurekin eraman beharko dituzte, halabeharrez. Eta besteekin gertatzen den moduan, ongietorriak eta eskertzak zentzu naturalagoa izango dute ordezkatu duten estatuko agintarien eta zaleen aldetik.
Horraino nire iritzia. Zor diodan errespetuagatik, lagunarena ez dut hemen jarriko, baina azaldu dut noiz amaitu ziren gure arteko adostasunak. Bistakoa da gaia ez dela erraza. Gutasunari aurrea hartuta dabil nitasuna. Gaur egun, zer esan nahi dute “gu” eta “gure” horiek? Nork erabakitzen du hori?
Galdera asko eta erantzun gutxi. Zailtasunez beteta dator gaia, nola ez. Amore eman ezean, euskaldunontzat ezer gutxi suertatzen da erraza. Zein ondo azaldu zuen atsekabe hori Ruper Ordorikak “Zaindu maite duzun hori” kantuan:
“Nik ere nahi nituzke halako segurtasunak eduki.
…
Hori suertea nonnahikoak diren hoiena!
Sasi guztien gainetikan dabiltza hegan.
Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den,
hobe nuela hautatzea munduko hiritar izatea".