Hurrengo hamar urteetarako euskara plana diseinatzeko prozesua abiatuko du udalak

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 10a, 15:11

Gaurko aurkezpen ekitaldian parte hartu duten lagunak. (Juan Luis Romatet)

Zumaian euskararekin zer? izeneko partaidetza prozesua gidatuko du Ahize aholkularitza zerbitzuak. Galdetegi bat betetzera animatuko dituzte herritarrak, eta ondoren bost lan-mahai eratuko dituzte, amaieran diagnostokia egin eta plan berria diseinatzeko. 

Euskararen inguruko galdera bat egin nahi die udalak herritarrei, haien erantzunak eta iritziak jasotzeko gogoz. Zumaian euskararekin zer? da udal ordezkariek zumaiarrei egingo dieten galdera, baita hurrengo hamar urteetara begirako euskara plan berria diseinatzeko abiatu duten prozesuaren izena ere. Horren berri eman dute gaur eguerdian Alondegian egin duten aurkezpen ekitaldian. Bertan izan dira udal ordezkari eta teknikariak, ikastetxeetako kideak, Larrain Euskara Taldeko eta Zumaiako Futbol Taldeko partaideak edota prozesua abiatuko duten Ahize Aek-ren aholkularitza zerbitzuko kideak. 

2004. urtean landu zuten Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia berritzeko asmoz abiatu du udalak prozesu hau. Euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko Eusko Jaurlaritzak aurten sortu duen AROA marko estrategikoaren aterpean jorratu nahi ditu Zumaiako Udalak 2034ra bitarteko lan ildoak. Udalaren arabera, aste honetan abiatuko duten prozesua "estrategikoa" eta "funtsezkoa" da, epe luzeko plana egin nahi delako "eta euskararen geroa dagoelako jokoan".

Zentzu horretan hitz egin du Zumaiako Udaleko euskara eta kirol zinegotzi Aitor Manterolak. Haren arabera, "euskara desagertzeko arriskuan egon daiteke". Nabarmendu duenez, hizkuntza denak dira handiak, baina batzuk txikiagoak dira, erabiltzaile kopuruagatik edo beste faktore batzuengatik; eta euskara da hizkuntza txiki horietako bat". Euskarak erronka handiak dituela ere azaldu du Manterolak. "Euskararen inguruan egin diren azterketa guztiek diote hizkuntzaren ezagutza inoiz baino handiagoa dela, baina erabilera beherantz doala".

Egoera kezkagarri baten aurrean egonda ere, zinegotziak ez du diskurtso pesimistan sakondu nahi izan eta baikortasunari tartea egin nahi izan dio. Hori bai, gogoratu du herritarren laguntza ezinbestekoa dutela. "Herri guztiarekin batera egin behar dugu plangintza hau". Plan estrategikoaren iraupena ere mahai gainean jarri du. "Hamar urterako plana da, hiru agintaldikoa, eta kopurua garrantzitsua bada ere, benetan garrantzia duena da hizkuntza hori gurea dela eta erronka hori dugula aurrean".

Galdetegia eta lan-mahaiak

Lehenbizi, aste honetatik aurrera, galdetegi bat erantzutera gonbidatuko dituzte herritarrak. Nondik gatoz? galdera erantzun beharko dute prozesuan parte hartuko duten herritarrek, eta aurreko planaren balorazio bat ere egingo dute. Horrekin batera, prozesua dinamizatuko duen Ahize aholkularitzako Araitz Muguruzak azaldu duenez, herritar batzuei elkarrizketa xeheagoak egingo dizkiete, iritzi horiek gertutik ezagutzeko. Datu soziolinguistikoak ere aztertu eta landuko dituztela informatu dute, Zumaian euskararen egoera nolakoa den zehazteko asmoz. "Ikastetxeekin lanketa berezia izango dugu, nerabeen iritziak jasotzeko", gaineratu du Muguruzak. 

Datu eta iritzi horiekin guztiekin diagnostiko bat egingo dute, eta ondoren bigarren faseari ekingo diote, Nora goaz? faseari, hain zuzen ere. Horren barruan, bost lan-mahai eratuko dituztela ere gaineratu dute gaurko aurkezpenean: hezkuntza eta familiakoa, kirolekoa, kultura eta aisialdikoa eta merkataritza eta ostalaritzakoa. "Bosgarren mahaia Oikian egingo da udalak hala eskatuta, Oikiak bere berezitasunak dituelako". Mahai hauek zer datatan egingo dituzten oraindik zehaztu gabe dute, baina adierazi dute datozen hamar urteetarako proposamenak egin ahal izango direla bertan, gako nagusiak identifikatzearekin batera. Saio horiek edozeinentzako irekiak izango direla ere azaldu dute.

Bukatzeko, azaroan, parte-hartzaile guztiak azken batzar batean elkartuko dira jasotakoaren inguruko iritziak entzuteko eta plana sortzeko azken ideiak biltzeko. 

Plan estrategikoaren diseinua abendurako prest izango dutela uste dute prozesuaren bultzatzaileek, eta, ondo bidean, datorren urteko otsailean gizarteratuko du plan berria udalak, Euskara, bestela ez gara zikloaren barruan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide