"Olagarro zoparik ez da egongo olagarro lehorrik ez dagoelako"

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 13a, 11:00

Olagarro zopa ateratzen artxiboko irudi batean. (Juan Luis Romatet)

Olagarro erroekin egindako brotxetak emango dituzte bihar, egunean zehar, herriko leku desberdinetan kokatuko dituzten txosnetan. Aurten, baina, ez dute olagarro zoparik zerbitzatuko. 

Olagarro Eguna ospatuko dute bihar Zumaian. Aurreko urteetako esperientzia errepikatzen bada, behintzat, ehunka lagun, herritarrak zein bisitariak, ibiliko dira txosnaz txosna olagarroa osagai duten jakiak dastatzen. Olagarro-brotxetak jateko aukera izango dute bihar; ez, ordea, olagarro-zoparik. 

Aurten lehendabizikoz ez dute olagarroarekin egindako zoparik emango txosnetan. Erabaki horren atzean arrazoi garbi bat dagoela dio Esti Irureta Zumaiako Udaleko turismo teknikariak: ez dago zopa prestatu ahal izateko olagarro lehorrik. "Olagarro zoparik ez da izango olagarro lehorrik ezin izan dugulako lortu. Aurten ikusi da guztiz ezinezkoa izan dela, baina urteak goaz hala. Azken urteotan, tiraka izan bada ere, lortu ahal izan dugu olagarro lehorra erostea, baina aurten ezinezkoa izan da".

Olagarro lehorra bakarrik ez, orokorrean gure kostaldean olagarrorik hartu ez dela ere gaineratu du teknikariak. "Ez da olagarrorik hartu, ez hemen, ez Asturiasen, ez inon. Ez dakit zer ari den geratzen, baina ez dago olagarrorik gure itsasoan". Horrek alarma bat baino gehiago piztu duela ere azaldu du Iruretak. "Denok pentsatu beharko genuke zer ari den gertatzen".

Txosnetarako eta herri bazkarirako, bai, lortu dute olagarroa. Hala, brotxetak egiteko egositako olagarroaren 500 kilo eskuratu dituzte, eta beste 100 kilo olagarro fresko patatekin prestatu eta herri bazkarian emateko.

Sei txosna

Herriko leku desberdinetan kokatuko dituzte txosnak, sei guztira. Moilaberrikoak goizez bakarrik egingo du lan, Eusebio Gurrutxaga plazakoak goizez eta arratsaldez, eta Ignacio Zuloaga plazakoak, Erribera kalekoa, Saregile plazakoak eta Amaiako plazakoak, arratsaldez bakarrik.

Txosna hauetan herriko elkarteak arituko dira lanean: Moilaberrikoan Pilota Elkartea, Eusebio Gurrutxagakoan Beduola goizez eta Dindan arratsaldez, Ignacio Zuloaga plazan Telmo Deun Arraun Elkartea, Erribera kalean Darahli elkartea, Saregile plazan Lakatz eta Amaiako plazan Taosa igeriketa taldea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide