Zumaian aurkeztu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Altxa burua sarea

Maria Maya Manterola 2024ko ira. 20a, 17:30

Altxa burua sareko kideak, gaur, Zumaiako haur liburutegian. (Maria Maya Manterola)

Eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtu, administrazio publikoari eskakizunak egin eta sinadura bilketa abiatu dute, hiru lurraldeetako sarea aurkeztearekin batera. Bertan izan dira Zumaiako sareko kideak ere.

Agerraldia egin dute gaur, ostirala, Zumaiako haur liburutegian, Altxa burua sareko herriko eta herriz kanpoko hainbat kidek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sarea osatu dutela jakinarazi, eta bide batez, martxan jarri duten kanpainaren berri eman dute bertan Nagore Garaialdek, Telmo Lazkanok, Miren Rosek eta Mikel Cerezok, Zumaiako sareko kideekin batera. 

Azken estimazioaren arabera, 6.000 familiatik gora bildu dira haurren mugikorren erabilera goiztiarrak kezkatuta. Rosek azaldu duenez, mugikorren erabilera atzeratzea ez ezik, beste hainbat kezkak bildu ditu, eta helburu dituzte heziketa, helduak eredu izatea eta eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzea. 

Horregatik guztiagatik, lau ardatzeko kanpaina jarri dute martxan aldi berean. Cerezok aletu ditu abiarazitako bide horiek: batetik, eskolak arnasgune izan daitezen, hezkuntza komunitatea gonbidatu dute gune hori mugikorrik gabeko arnasgunea dela dioten kartelak ezarri, eta eskolen bueltan eredu izatera. Propio prestatutako afixak ere erakutsi dituzte agerraldian.

Kanpainaren barruan, bi eskakizun egin dizkiote administrazio publikoari. Hezkuntza Sailari zuzendu zaie, batetik: eskatu diote arautu dezala eskoletan mugikorraren erabilera. Izan ere, azaldu du Cerezok orain eskola bakoitzaren gain dagoela ardura hori, eta berme juridikorik gabe geratzen direla sarri. Bestetik, Osasun Sailera jo dute, buru osasunean duen eraginaz jabetu eta osasun arazo gisa kontsidera dezaten galdegiteko. 

Eta, azkenik, herritarrengana jo dute. Sinadura kanpaina abiatu dute horretarako, jakin nahi baitute zenbat familia dauden gaiak kezkatuta. Altxa burua egitasmoaren webgunean jarri dute sinatzeko lotura.

Kontzientziak astintzen

Rosek egitasmoaren ibilbidea azaltzeko baliatu du hitzordua. 2019an sortu zen Zarautzen, eta bildutako guraso eta tutore talde txikiak mugikorra emateko adina 16 urtetara atzeratzea adostu zuten. Gerora zabaldu zuten sarea eta jarri zioten egitasmoari izena. Irailaren 10ean elkartu ziren hiru lurraldeetako sareko kideak, eta 6.000 familien ahotsa, indarra eta nahia elkartu dituzte.

Atzeratzea gauzatu egin da eta kontzientzietan eragiten ari dira, Rosen hitzetan. Nabarmendu du haurren osasunak kezkatuta boluntarioki biltzen direla, baina ezinbestekotzat jo du eragileen eta Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa. Datu adierazgarri bat ere eman dute: sarean biltzen diren kideen % 90a baino gehiago da emakumezkoa. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide