Abendura artean Aita Marin izango diren arte eszenikoen emanaldien berri eman du dagoeneko udalak. Guztira, zazpi obra izango dira herrian: dantza emanaldi bat eta sei antzezlan –hiru helduei zuzendurikoak, eta beste hiru haurrentzat–. Guztietarako sarrerak Turismo Bulegoan edo sarrerakzumaia.eus atarian eskuratu ahal izango dira, emanaldiaren aurreko asteko asteazkenetik aurrera.
Askotariko gaiak jorratzen dituzten antzezlanak dira, estilo desberdinetakoak. Urriaren 18an hasiko da denboraldia, Ghaeda konpainiaren Mundu guztietan onena obrarekin. Antzokiko isiltasunean bere bizitzaren balantze bat egingo du protagonistak, bere buruaren eta bere garaiaren autoerretratu bat osatuz. Itxaropen eta promesen inguruko barne bakarrizketa da, belaunaldi baten bizipenez zatikatutako erretratua, kontakizun pertsonal eta intimoa. Euskara, gaztelania eta ingelesa erabiltzen dituzte obra honetan.
Azaroaren 8an, berriz, Artedrama konpainiaren Miñan antzezlana taularatuko dute. Sambou Diaby aktore zumaiarra sartuko da Ibrahima Balde ginearraren azalean. Baldek anaia txikiaren bila Europara egin zuen bidaia kontatzen du: basamortua zeharkatu zuen, eta polizia, bahitzaile, mugalari eta abarrekin gurutzatu zen zeharkaldian. Afrikatik Europarako ibilbidean minak, egarriak eta goseak sorturiko sufrimendua ezagutu zuen. Miñan Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da, Amets Arzallusek lehen pertsonan kontatua eta Artedramak antzerkira egokitua.
Txalo produkzioaken Almazenean antzezlana izango da, bestalde, abenduaren 13an. Obrak parez pare jartzen ditu erretiroa hartzear den arduraduna eta lanpostuan ordezkatuko duena. Bost egunez lantokia partekatuko dute, itxuraz ezer gertatzen ez den almazen huts batean. Bi langileen arteko harremana estutzen joango da, eta amankomunean daukaten zera horrek lotuko ditu betirako: galtzaileen kontzientziak. Esplotazioaz eta kapitalismoaz hausnarketa egiten du obrak.
Haurrentzat, beste hiru
Helduentzat bakarrik ez, haurrei zuzenduriko kultur eskaintza ere izango da abendura bitarte Aita Marin. Urriaren 27an izango da lehen emanaldia, Hika teatroaren eskutik: Atearen bestaldean. Iraganaz eta oroitzapenez gogoeta egiten du antzezlanak eta horretarako, haur baten ibileretan ardazten du narrazioa. Harekin batera ospatuko dute ikusleek bere urtebetetze eguna.
Zimurren artean kontukantari taularatuko du, bestalde, Kontukantari konpainiak azaroaren 24an. Nanuk haurrak amonarekin duen harremanean oinarritzen da istorioa, baita falta den aitonaren inguruan ere. Kontzertu erako antzezlana da honakoa.
Eta, amaitzeko, Tomaxen abenturak konpainiaren Azken festa izango da abenduaren 30ean. Tomax eta Muxiren azken urtea denez, emanaldi berezia prestatu dute. Beren ibilbideko unerik barregarrienak eta ederrenak bildu dituzte antzezlan honetarako.
Dantza ere bai
Bestelako arte eszenikoei ere lekua egin nahi izan diete. Urriaren 25ean By ó Bu. Ez egotera hurbiltzea dantza ikuskizuna izango da aretoan. Yarleku-El punto konpainiak sorturiko emanaldia da, mugimenduaren, trapezioaren eta hitzaren bidez, izaki beraren bi aldeen arteko elkarrizketa planteatzen duen ikuskizuna.