Zesta punta erdi-profesional mistoko txapelketa antolatu du Jon Zabalak

Julene Sorarrain 2024ko ira. 24a, 09:00

Uztailan Iruñako Labriten jokatutako zesta puntako partida. (Utzitakoa)

Larunbatean iritsiko da Zumaiako Aitzuri pilotalekura. Karbono-zuntzezko eta aluminiozko zestarekin jokatuko dute eta streaming bidez emango da jardunaldia. Sei kapitain profesional izango ditu, eta haiek gidatuko dituzte tokiko sei puntistaz osatutako taldeak.

Zesta-punta berrindartzen laguntzeko eta belaunaldi gazteen artean zabaltzeko, buru-belarri itzuli da Jon Zabala Bulletpuntista, eta kirol honetan aitzindaria den ekimen bat ekarri du, Bullet Teams Series by Guuk, hain zuzen ere. Euskal Herriko lehen zesta-punta erdiprofesional mistoa, taldeka lehiatua eta Youtube eta Instagram-en bidez emana da. Gainera, txapelketa horretan probatuko dute lehenbizikoz Iñigo Kaltzakortak karbono- eta aluminio-zuntzez diseinatutako xistera, zurez eta zumez eginiko xistera tradizionalen alternatiba gisa sortua. Izan ere, desagertzear daude zesta tradizionalak, ez baitago lanbide horretan jarraitu nahi duen artisaurik.

Sarrerak bost euro balio du eta salgai daude dagoeneko bulletteamseries.eus webgunean. Lehiaketa egunean ere erosi ahalko dira leihatilan bertan ere, 8 eurotara.

Bullet Team Series by Guuk txapelketa Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatuko dute. Sei talde lehiatuko dira, seiak ere puntista profesional banak zuzenduta. “Txapelketa honen bidez, lagundu egin nahi diot zesta-puntak azkeneko urteetan ageri duen biziberritzeari, eta, bide horretan, interesa eta zaletasuna piztu nahi ditut gazteen artean”, adierazi du Zabalak. Horretarako, markinarrak ezinbestekotzat jotzen du “tradizioa eta berrikuntza uztartzea”, eta hortik datoz txapelketa berezi honen osagaiak: talde mistoak, puntista gazteei ikusgarritasuna emateko modu gisa; partidak Youtube telebista-eredu berriaren bidez ematea; edo karbonozko xistera.

Jon Zabalak gidatuko du parte hartuko duen taldeetako bat, eta alboan ditu gaur egungo bost profesional onenak: Julen del Río atzelari gasteiztarra, Aritz Erkiaga aurrelari bizkaitarra, Jean Olharan aurrelari frantziarra, eta Xabier Barandika eta Diego Beaskoetxea aurrelari gernikarrak.

Taldeak hurrengoak dira:

  • Zabala: Arai-Naroa, Zalegi-Bixente, Antxon-Danel, (Javier-Oscar).
  • Olharan: Urrutia-Portet, libois-caparrus, Frida-Sorozabal, (Etcheberry-Laborde).
  • Barandika: Arbe-Atain, Basterra-Oier, Helena-Maia, (Cosme-Uranga).
  • Erkiaga:Urreisti-Manci, Celaya-ekhi, Elaia-Maialen, (Javier-Oscar).
  • Del Río: Aarón-Tambo, Ibarluzea-Bailo, Maite-Oaia, (Suso-Laloo).
  • Diego: Erika-Alize, Leke-Unda, Benetrix-Oujenard (Gonzalo-Martin).

Partida bakoitzaren aurretik, jokalariek speed challenge batean parte hartuko dute, hau da, abiadura-erronka batean. Jardunaldi bakoitzean, Twich kanalaren bidez, MVP-aren zuzeneko bozketa egingo da, eta hala erabakiko da nork jasoko duen egun horretako jokalari onenaren saria.

Partidak Marc Alonso speaker eta sortzaile digitalak emango ditu frontoian, eta txapelketako Youtube eta Instagramen kanalean kontatuko dituzte gertatzen diren xehetasun guztiak. Finala Markina-Xemeingo Uni-n jokatuko da urriaren 12an.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide