Ohiko zinema eskaintzaz gain, Ostarrena Zine Klubaren eskutik, sei filmez gozatzeko aukera izango da urritik abendura artean Aita Marin. Dagoeneko eman dute Zumaian ikusi ahal izango diren pelikulen eta proiekzioen daten berri. Bi ostegunetik behin izango dira, 19:00etan.
El Eco dokumentala izango da lehenbizikoa, urriaren 10ean. Mexikoko haran urrun eta bakarti batean, neguak eta lehorteak zigortuta, haurrek heriotza, gaixotasuna eta maitasunaz ikasten dute. Bizitzaren aurrean bertigoa sentitzeari buruzko istorioa, hazteari buruzkoa kontatzen du Tatiana Huezoren dokumental mexikarrak.
Veneziako Zinema Jaialdian Errebelazio saria eskuratu zuen Tatami ere ikusi ahal izango da Zumaian. Georgiarra da filma, Zar Amir-Ebrahimik eta Guy Nattivek elkarrekin zuzendutakoa. Luzemetraiak kontatzen du nola Leila judoka irandarra eta bere entrenatzaile Maryam Munduko Judo Txapelketara joango diren Iranentzat lehen urrezko domina etxera ekartzeko asmoz. Lehiaketaren erdian, Errepublika Islamikoaren ultimatum bat jasoko dute, ordea: Leilari lesio baten itxurak egitea eta galtzea eskatuko diote. Saioa urriaren 24an izango da.
Azaroaren 7an helduko da, bestalde, Green border Aita Marira: migrazioaren inguruan ardazten da Agnieszka Hollanden film poloniarra. Bielorrusia eta Poloniaren arteko "muga berdea" osatzen duten baso zingiratsuetan kokatzen da, eta Europar Batasunera iritsi nahi duten Ekialde Ertaineko eta Afrikako errefuxiatuak Alexander Lukashenko diktadore bielorrusiarrak diseinatutako krisi geopolitikoan harrapatuta daude. Ezkutuko gerra horretan gurutzatuko dira Julia eta Janen bizitzak.
Hizkuntza gatazka azaleratzen duen Kneecap, berriz, azaroaren 21ean ikusi ahal izango da Zumaian. Hiru gazte irlandar jarraitzen ditu filmak. Kneecap izeneko hirukotea osatuko dute: anarkikoak, basatiak dira, eta edozertarako prest daudenak ama-hizkuntza salbatzeko.
Aldaketarekiko eta ziurgabetasunarekiko beldurra lantzen ditu abenduaren 5ean botako duten El monje y el rifle pelikulak. Butango erresumak demokraziarantz hartutako bidea kontatzen du horretarako. Hauteskundeak egiteko, gobernuak bozketa-simulazioak antolatzen ditu, herritarrak ezagutzen ez duten zerbaitetarako prestatzeko. Bitartean, Ura hirian lama zahar batek monje bati agintzen dio arma bat lor diezaiola laster izango den erregimen-aldaketari aurre egiteko.
Zinemaldian Ikuslearen saria eskuratzeko hautatu duten film batek itxiko du denboraldia. La sustancia pelikulak, abenduaren 19an. Gainbeheran den emakume ospetsu bat (Demi Moorek antzeztua) jarraitzen du filmak, merkatu beltzeko droga bat erabiltzea erabakitzen duena. Zelulak erreplikatzen dituen substantzia bat da, eta aldi baterako bere bertsio gazteago eta hobe bat sortzen duen arren, albo kalte izugarriak sortuko dizkio.