Ni jaio nintzen urtean garbitu zuten John Lennon. Imajinatu dezakezu? "The Beatles Jesukristo baino ezagunagoak dira". Dakota eraikinaren aurrean, Mark David Chapman jarraitzaileak sinadura eskatu zion eta segidan errebolber batekin tirokatu zuen. I don't believe in Elvis / I don't believe in Zimmerman / I don't believe in Beatles / I just believe in me / Yoko and me. Erru guztia Yoko Onorena zela kantatzen genuen gaztetan, zipitzik jakin gabe zer arraioz ari ginen.
Ni jaio nintzen urtean Ian Curtisek bere buruaz beste egin zuen. Joy Division musika taldeko abeslaria urkatu egin zen, AEBetan egin behar zuten estreinako biraren atarian. Epilepsia eta depresioa; eta botikei adikzioa. Haren hilarrian Love Will Tear Us Apart jartzen du, Deborah Curtis emazte ohiak aukeratuta. Joy Divisionen abesti ezagunena da, baina ez da kaleratu zituzten bi diskoetan jasotzen. Maitasunak berriz urratuko gaitu.
Ni jaio nintzen urtean Bon Scott bere okada irentsiz ito zen. Hori dio rockaren kondairak, nahiz eta errealitate dosiak hori gezurtatu eta intoxikazio etilikoz hil zela zehaztu duen. Highway to Hell. Hartu infernurako autobidea inolako ordainsaririk ordaindu gabe. Rock 'n' Rolla nahi baduzu, gailurrerako bide luzea da. Urte berean, doluz jantzi ziren bere lagunak, eta AC/DC taldeak Back in Black diskoa argitaratu zuen, Brian Johnson abeslari berriarekin. Hells Bells. Hil kanpaiekin abiatzen da hazbetekoa, norbait infernura ongi iritsi den seinale.
Ni jaio nintzen urtean kultur, gizarte eta kirol arloko fenomeno ugari hil ziren, bakoitza bere arloan ikur entzutetsu izan zirenak: Oskar Kokoschka margolaria, Roland Barthes idazlea, Félix Rodríguez de la Fuente etologo eta naturalista, Gianni Rodari idazlea, Jean-Paul Sartre filosofoa, Alfred Hitchcock zinegilea, Henry Miller idazlea, Peter Sellers aktorea, Tex Avery marrazki bizidun egilea, Hans Asperger medikua, Jesse Owens atleta...
Ni jaio nintzen urtean Czesław Miłosz idazle poloniarrari eman zioten literaturako Nobel saria. Eguraldi ona egiten duela eta leunki irristatzen / supazterrean hilik malenkoniatsuenaren ahotsa / –A hildakoak, hildakoak nahiz Lofotengoak– / hildakoak, sakonean, ez daude ni bezain hilak. 1984an, Pamielak kaleratutako Alkohola poemak liburuan agertu zen poemetako baten azken zatia, Tere Irastortzak euskaratua.
Eta nazioarteko horrenbeste erreferentez enpatxatuta, askotan gain hartzen digutela sinetsita nago... Ni jaio nintzen urtean Mixel Labegerieren boza isildu zen. Euskal Kantagintza Berriaren aita. Gu gira Euzkadiko gazteri berria, Euzkadi bakarra da gure aberria.
Julene Azpeitia hil zen urtean jaio nintzen ni.