Zumaiako trenbide azpiegituran egindako lanen berri eman du sailburuak goizean egindako bisitan

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 4a, 16:00

Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuak tren geltokiaren eraberritze lanen berri eman du, baita trenzubian egindako berritze lanena ere. 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburu Susana Garcia Chueca Zumaian izan da gaur goizean herriko trenbide azpiegituretan egindako lanak ikuskatzen eta hauen berri ematen. Bisitan izan da, baita ere, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea. Tren geltokiko handitze eta eraberritze lanen inguruko azalpenak eman dituzte, baita Urola ibaia zeharkatzen duen trenzubia berritzeko egindako aktuazioena edo neguan abituko dituzten trenen kotxetegi berriak eraikitzeko lanena ere. 

Sailburuak azpimarratu duenez, Jaurlaritzak, Mugikortasun Jasangarriko sailaren bidez, 15 milioi euro inbertituko ditu Zumaiako trenbide azpiegituran. Horietatik erdia, 7,6 milioi euro, Euskotreneko unitateen kotxetegiak eraikitzeko erabiliko dituzte. Kotxetegiak autobus tailerren parean egingo dituzte, eta 2.000 metro koadro inguruko azalera izango dute. Azpiegitura honek bost tren unitate hartzeko eta mantentze lanak egiteko ahalmena izango duela informatu dute gaurko ekitaldian. Lanak ondo bidean, neguan hasiko dituzte eta egikaritze epea hogei hilabetekoa izango dela eman dute jakitera.

Donostiako Amara geltokiaren lekukoa hartuko du Zumaiak tren unitateen aparkaleku bezala. Garcia Chuecak azaldu duenez, "Donostiako Topoaren lurpeko saihesbidea martxan jartzean, tren maiztasuna hobetuko da eta Amarako geltokia desagertuko da". Amaran gordetzen dituzte gaur egun tren unitateak eta haren ordezko gisa Zumaia aukeratu dute, "puntu estrategiko" bezala. Irungo Arason ematen den antzerako zerbitzua eskainiko du Zumaiak etorkizunean. Testuinguru horretan, Euskal Trenbide Sariak mantentze eremu berri bat esleituko du Zumaian. Lan horiek 1,2 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta sei hilabeteko egikaritze epea. 

Tren geltoki berria urte hasierarako

Tren geltokian egiten ari diren lanak ere bisitatu dituzte. Garcia Chuecaren arabera, 1,2 milioi euroko aurrekontua dute geltokiaren eraberritze lanek. Eraikina bera eta behealdeko atea ez dituzte aldatuko, babestuta daudelako. Behean, pasabidea bost metrotara zabalduko dute –orain arte 2,4 metroko zabalera izan du–, eta nasekiko konexioa eskailera finkoen eta igogailuen bidez egingo direla azaldu dute. Azken hauek zortzi pertsonentzako edukiera izango dute eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo direla ere azaldu dute. Pasabideko zoladura ere guztiz aldatuko dutela iragarri dute.

Eraberritze lanak egiten ari diren enpresetako arduradunak azaldu duenez, tren geltoki berria 2025eko lehen hiruhilekoan amaituta egongo dela aurreikusten dute.

Geltokiaren inguruan egingo duten lanketaren inguruan ere hitz egin du Iñaki Ostolaza alkateak gaurko ekitaldian. Hala, bizikletentzako aparkalekua sortuko dutela iragarri du, oinezkoen bideak hobetuko dituztela eta "eremuari bizitza emango dion" skate parkea ere bertan jarriko dutela aurreratu du. 

Sailburuaren bisita aprobetxatu du alkateak Euskal Trenbide Sareari trenaren maiztasuna handitzeko eskatzeko. "Gaur egun, Zumaia eta Donostia artean, asteburuetan, ordubeteko maiztasuna daukagu. Ekainetik irailera bitartekoa salbu, ordu erdikoa dela. Ordubeteko maiztasun horren ondorioz, egun askotan trenak gainezka doaz, horrek adineko erabiltzaileengan edota mugikortasun urrikoengan dituen ondorio kaltegarriekin, eta, zenbaitetan, erabiltzaile batzuek ordu bat itxaron behar dute hurrengo trenaren zain. Maiztasuna handitu beharra dago Zumaiako trenbidearen bi noranzkoetan, 30 minuturo jarriz".

Trenzubiko lanak bukatuta

Trenzubian amaitu dute bisita. Egunotan amaitu dituzte 1898. urtean egin zuten azpiegituraren berritze lanak. Bost milioi euroko kostua izan dute lan hauek, eta kaltetuta zeuden metalezko egituraren zatiak ordezkatu eta sendotu dituzte, bai eta pilen eta estribuen puntu hondatuak saneatu ere. 

Alkatearen esanetan, trenzubian egindako lanak baliatu ditu Artaditik Zumaiara ekartzen duen edateko uraren hodiak berritzeko. Inbertsio horrek 300.000 euroko kostea izan duela adierazi du Ostolazak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide