Zergatik etorri zinen Euskal Herrira?
2017an etorri nintzen Euskal Herrira, aurrena Oriora. Hilabete batzuetara Donostiara joan nintzen bizitzera, eta duela hilabete batzuetatik Zumaian nago. Zerbait aldatu nahi nuen momentu hartan, eta Europan zehar nituen lagunekin hitz egiten hasi nintzen. Urte batzuk lehenago oporretara etorria nintzen Lasarten nuen lagun batengana, eta asko gustatu zitzaidan hau. Une horretan, laguna ere etxe bat bilatzen ari zen. Nire asmoa hilabete batzuk geratzea zen, eta azkenean, zazpi urte pasatu dira.
Nola ikasi duzu euskaraz?
Hona etorri nintzenean hitz edo esaldi batzuk ikasi nituen, niretzat erabilgarriak zirenak, tabernan zerbait eskatzeko, musikaren inguruan, azokara joateko... Niretzat oso garrantzitsua da leku batera joatean gutxienez hitz batzuk ikastea, bertako kultura errespetatzeko. Gero, pixka bat ulertzen hasi nintzen hizkuntza, baina hobeto komunikatu nahi nuen, esaldiak egin. Euskaltegian izena eman nuen, baina ez nuen asmorik titulurik ateratzeko. Hala ere, duela urte bat B2 gainditu nuen, eta orain C1 mailan nago. Konturatzen ari naiz niretzat ondo legokeela EGA ateratzea, nire gustuko lana aurkitzeko.
Lana bilatzeko orduan arazo bat al da euskararena?
Kulturaren arloan, agian bai. Artearen Historia ikasi nuen Louvren (Paris); gero, Kultura-ondasunen Kontserbazioa Italian; eta Arte Ederrak Valentzian, Erasmusen. Nik beste lan batzuk egin ditut hemen, museo batzuetan eta batez ere ostalaritzan, sukaldari modura sukalde begetariano eta beganoetan.
Zure ama hizkuntza ere hizkuntza gutxitu bat da.
Friulera izena du hizkuntzak, hizkuntza erromantze bat da. Ni Esloveniatik gertu bizi naiz. Friuli-Venezia Giulia eskualdean hitz egiten da bereziki, baina baita beste leku batzuetan ere: Latinoamerikan, Iparramerikan, Belgikan, Australian eta Hegoafrikan. Ikusi nuen hemengo jendeak ez duela asko ezagutzen Friuli. Jendeak Erroma, Florentzia eta Venezia ezagutzen ditu, baina hau mugan dago. Nahasketa bat dago kultura ezberdinen artekoa. Friulerak ere dialektoak ditu, euskalkiak bezala. Influentzia ezberdinak ditu: Eslovenia, Alemania, Austria, Italia... Hizkuntzan, gastronomian, folklorean, kulturan nabaritzen da nahaste hori guztia. Mendia du alde batetik, Dolomitak, eta baita itsasoa ere.
Ze egoeratan dago orain?
Momentu honetan friuleraz hitz egiten da han, baina ez dago Ikastolarik, esaterako. Dena den, egiten dira ekitaldiak hizkuntza baloratzeko eta mantentzeko. Adibidez, Udine hirian hasi zuten hizkuntza gutxituen inguruko festibal bat, eta orain, herrialde osoan egiten da: Suns Europe du izena. Kontzertuak, liburu aurkezpenak... egiten dituzte; katalana, friulera, euskara, sardiniera... denak nahasten dira bertan. Duela urte batzuk nire herriko lagun batek bideo bat bidali zidan: "Begira, Euskal Herriko talde bat dago", esan zidan; Ezpalak taldea zen.
Zuk friulera etxean ikasi duzu, ezta?
Nire etxean friuleraz hitz egiten dute normalean, baina baita italieraz ere, eta nire aitak Esloveniako dialektoan ere bai. Hasieran, nik friulera hitz egiten nuen. Haurtzaroan irakasle batek esan zidan italieraz hitz egin behar nuela, eta lotsatia nintzenez, hitz egiteari utzi nion pixka bat. Orain gaizki hitz egiten dut. Beste hizkuntzetan ez dut nahasketarik egiten, baina nire ama hizkuntzan nahasketak egiten ditut, eta pena handia ematen dit. Dena ulertzen dut eta saiatzen naiz nahasketarik ez egiten, baina nire ama harrituta geratzen da, azentu arraroarekin hitz egiten baitiot, gainera.
Friulerari euskararekiko zer antzekotasun eta ezberdintasun ikusten dizkiozu?
Badago nolabaiteko hizkuntza eta kultura-nortasunaren inguruko kontzientzia, baina ez da hemen bezalakoa. Esan bezala, ez dago Ikastolena bezalako mugimendurik. Hala ere, hemen bezala, kultura baten parte da, kanpotarrek friulera ikasten dute, badaude filmak, folklorea... Pasolinik, adibidez, poesia asko friuleraz idatzi zituen.
Berriro euskarara itzuliz, norekin hitz egiten duzu zuk euskaraz?
Momentuaren arabera. Zumaian gehiago hitz egiten dut. Lagunekin hitz egiten dut, baina batzuekin ohitura dut gaztelaniaz hitz egiteko, besteekin euskaraz, besteekin nahasketa... Euskaltegian ere egiten dut, eta mintzalagunekin, noski.
Zer egiten duzue Mintzalagun programan?
Duela urtebete hasi nintzen. Kartel bat ikusi nuen Zumaian, eta izena eman nuen –Donostian ez nuen sekula ikusi–. Astean behin geratzen gara, buelta bat ematen dugu, batzuetan zerbait hartzen dugu, beste batzuetan zinemara joaten gara... Zortzi pertsona inguru gaude taldean, baina egunaren arabera, gehiago edo gutxiago elkartzen gara. Batzuek hobeto egiten dute euskaraz eta beste batzuk euskaldun berriagoak gara.