Hartzekodunen lehiaketa saihestuko du Balenciagak epaitegiak bere berregituraketa plana onartu ondoren

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 8a, 16:25

'Edda Goleo', Zumaian orain arte egindako azken ontzia. (Juan Luis Romatet)

Erabaki horrek enpresa erosi edo haren kontrola hartu nahiko luketen inbertsiogileei ateak zabaltzen dizkie. Hala ere, kontsultatutako iturrien arabera, erabakiak ez du ziurtatzen inork enpresa erosiko duenik.

Donostiako merkataritza epaitegiak oniritzia eman dio Astilleros Balenciaga enpresak duen zorraren berregikuraketa planari. Erabaki horri esker Zumaiako enpresak hartzekodunen lehiaketa saihestea lortu du.

Egoera kezkagarrian aurkitzen da Zumaiako enpresa. Azken lau urteotan ez du kontratu berririk sinatu eta entregatu duen azken ontzia otsailaren 15ean Zumaiako portua utzi zuen Edda Goleo izan zen, Siemens Gamesarentzako egin zuen eta Bretainiako haize turbinen parke batean lanean ari da ontzia. Ordutik, ontziola geldirik egon da, enkargu berririk jaso gabe, enpresak pairatzen duen egoera ekonomikoa dela medio. Baldintza horietan, enpresako langile batzuk aldi baterako enplegu erregulazioko espedientean sartu dira.

Enpresak aurrera egin ahal izateko, beharrezkoa zuen hartzekodunekin akordio batera heltzea. Horretarako, ontziolak zorraren berregikuraketa plana aurkeztu zien pasa den abuztuan, eta baita haiek, hartzekodunek, onartu ere. Balenciagak zuen zorra gutxitzea onartu zuten hartzekodun horiek, baina enpresak beharrezko zuen plan hori merkataritza epaitegiak aztertzea, akordioa sinatu ez zuten hartzekodunek helegiteak aurkeztu nahi bazituzten ere.

Donostiako epaitegiak atzoko dataz onartu zuen enpresak aurkeztutako plana. Epaitegiaren erabakian irakurri daitekeenez, kapital sozialaren %57 ordezkatzen zuten eta bilkurara aurkeztu ziren pertsona guztien aldeko botoekin onartu zuten proposamena. Zorraren gutxitzeari dagokionez, hartzekodunek "safrifizio handirik" izango ez dutela azaldu du epaitegiak, "kredituen balio murrizketa enpresaren bideragarritasuna bermatzeko beharrezkoa denaren baliokidea" delako. Era berean, epaileek ondorioztatu dute, planari esker, hartzekodunek beren kredituen zati handiagoa berreskuratuko dutela, "ondasunen likidazio lehiaketa batetik ustez lortuko luketena baino".

Bideragarritasuna ziurtatzeko arrazoizko ikuspegia

Donostiako epaitegiak atari digitalean plazaratutako erabakian gaineratzen du Balenciagak aurkeztutako planak eta hari esker hartu ahal izango diren erabakiek edo neurriek –kredituen kitatzea, itsasontzien salmenta, kontratazio berriak, kostuen murrizketa– zordunaren, hau da, Balenciaga ontziolaren, "epe labur eta ertainean bideragarritasuna bermatzeko arrazoizko ikuspegia eskaintzen" duela, lehiaketa saihestuz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide