GKN-n kaleratzerik ez! zioen pankarta jarri zuen enpresako langile batzordeak astelehen goizean faktoriaren eta Jadarre auzoaren artean dagoen zubian. Izan ere, GKN parte den multinazionalak Zumaiako lantegian 34 lanpostu kenduko dituela iragarri zuen duela aste batzuk (hasieran 50 lanpostu izango ziren), eta 500 lanpostu mundu guztian. Motor elektrikoak garatzeko egindako apustuak izandako emaitza eskasa dago kaleratze horien atzean.
Autogintzako sektorean egiten du lan GKNk, autoentzako transmisioak egiten. Duela urte batzuk, baina, beste bide batzuk aztertzen hasi zen multinazionala mundu mailan, eta motor elektrikoak garatzeko apustua egin zuen. Zumaiako lantokian ingeniaritza sail indartsua dutela eta, han ere hasi ziren motor mota horien inguruko lanketa egiten. Gaur egun, 50 lagun inguru dabiltza Jadarre aurreko faktorian arlo horretan lanean, motorren diseinuan, fabrikazioan eta probetan.
Multinazionalak egindako apustuak ez du, ordea, emaitza onik eman. Urteak aurrera egin ahala, eta diru iturririk jasotzen ez zuela ikusita, motor elektrikoen bidea bertan behera utziko zuela iragarri zuen duela hiru aste. Eta horrek eragina izango du arlo horretan lanean aritu diren lantokietan; mundu mailan 500 lanpostu kendu zituztela iragarri zuen multinazinalak, horietatik 34 Zumaiako fabrikan, azken zenbakien arabera. Hedabide honen iturrien arabera, Zumaiako GKNko langile batzordeak ez du onartu 34 lagun horien kaleratze kolektiborik, eta albistea jaso bezain pronto beste bide batzuk negoziatzen hasi zen enpresarekin.
Hala, atzo arratsaldez bildu ziren enpresa eta langile batzordea arazoari irtenbide bat aurkitzeko. Hedabide honek jakin duenez, bi aldeak aurreakordio batera heldu dira, eta borondatezko bajen –beti ere kalte ordainak jasota– eta aurretiazko erretiroen aukera bultzatuko dute. Datorren asteazkenera arteko epea dute enpresa bere kabuz utzi nahi duten lagunek zerrendan izena emateko. Epe hori bukatuta, 34ko kopuru horretara helduko ez balira, beste aukera batzuk aztertu beharko dituzte.
Lan karga txikia
Gaur-gaurkoz, ia 400 langile ditu Zumaiako GKN enpresak. Multinazionalak iragarritako kaleratzeek motor elektrikoen lerroan bakarrik izango dute eragina, ez auto transmisioen diseinuan eta fabrikazioan. Iturriek onartzen dute lan karga txikia dutela, mundu mailan auto gutxi saltzen direlako. Hala ere, ez dute aurreikusten kaleratzerik autoetarako transmisioen lerroan.