Izarren dantza zeru garbian

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 16a, 14:00

Argazki zirkunpolar batekin irabazi du Zumaiako bizilagunak El Barco de Avilako argazki lehiaketa. (Soraya Lopez)

El Barco de Avila (Espainia) herrian antolatutako gaueko zeruen argazki lehiaketaren laugarren edizioa irabazi du Soraya Lopez Zumaiako bizilagunak. 

Argazkigintzak txikitatik erakarri du Soraya Lopez (Donostia, 1973). "Gogoan dut, neska txikia nintzenean, etxeko jangelako kaxoietan argazkiak egoten zirela. Paperak-eta ere bai, baina baita argazkiak ere. Gure amak argazki kamera txiki bat zuen, normal bat, eta harekin argazki mordoa atera zuen: gaztea zenean, aita eta bera elkarrekin hasi zirenean... Txikitatik erakarri ninduen horrek. Gerora, nire semea jaio zenean, argazki asko ateratzen hasi nintzen. Umeak zerbait egiten zuenerako, prest izaten nuen kamera argazkia ateratzeko! Gero, etapa hori pasatu zenean, Distira elkartean sartu nintzen, eta han beste interes batzuk zituen jendea ezagutu nuen. Haien bidez joan nintzen ikasten eta argazkiak ateratzeko irteerak egiten. Halaxe hasi nintzen", dio Zumaiako bizilagunak kafesneari bueltak ematen dizkion bitartean. 

Zeru zabalak, izarrek eta planetek ere gaztea zenetik erakarri dute haren begirada, urrutiko imanak izango balira bezala. Gaztelako lautadan uda sasoiak igaro izanak ere izan zuen horretan eragina. "Donostian jaio nintzen, etorkinen etxe batean. Gure aitak istripu bat izan zuen fabrikan, eta edozein lan egin zezakeen metalgintzakoa izan ezik. 7 urte nituela, gurasoak lanik gabe geratu ziren; aitonari, berriz, lana eskaini zioten landa eremuan, eta El Barco de Avila herrira (Espainia) itzultzea erabaki zuten", du gogoan. Han, Espainia hutsaren erdian, argi kutsadurarik apenas dagoen lekuan, zeruaren edertasunaz maitemintzeko aukera izan zuen Lopez gazteak. "Uda sasoian bereziki, oso ohikoa zen izar iheskorrak ikustea".

Behin unibertsitateko ikasketak amaituta, 22 urterekin, Euskal Herrira itzuli zen. Gaur-gaurkoz informatikaria da, eta Zumaian bizitzen urteak badaramatza ere, oporretan El Barco de Avilara joateko ohiturari eutsi dio. Han hasi zen gaueko argazkiak ateratzen, eta bertan izan zuen bi zaletasunak, argazkigintza eta izarrak, uztartzeko aukera. "Duela sei bat urte izango zen, abuztuan. Herrian bi areto daude, eta erakusketak egiten dituzte. Aretoetako batean astronomiako argazkien bilduma zegoen. Astrofotografiako elkarte bateko kideak zeuden han, eta elkarteko bazkide egitera gonbidatu ninduten. Haiei okurritu zitzaien gaueko zeruen argazki lehiaketa antolatzea, ingurune hura ezagutzera emateko asmoarekin, kontuan hartuta, gainera, jende asko aritzen dela han argazkiak ateratzen". Lehiaketa bitan irabazi du Lopezek, lehenengo eta laugarren aldietan, eta beste bietan finalista izan da.

Material berezirik ez

Justu kontrakoa pentsa badaiteke ere, Lopezen ustetan, ez da material berezirik behar gaueko argazki txukunak ateratzeko. "Objektibo on bat baduzu, 'zikin' gutxiago sartuko zaizu argazkian. Behar-beharrezkoa dena tripode bat edukitzea da". Lehiaketan saritu duten argazkia da horren adibide, argazkilariaren esanetan. Izan ere, esposizio handiko argazki batekin irabazi du aurten ere lehen saria. "Ordu erdiko esposizioarekin lortutako argazkia da hau, baina hogei segundorekin ere atera dezakezu zeruko argazki bat, baita sakelako batekin ere. Baina, horretarako ezinbestekoa da tripode bat edukitzea, konturatzen ez bagara ere, etengabe mugitzen garelako", dio argazkilariak.

Ikuslea zeruan barrena eramango duen espiral baten gisako elementua ikus daiteke irudian. "Zirkunpolar motako argazkia da. Hala deitzen zaie, erdian dagoen izarra, mugitzen ez dena, Iparrizarra delako. Gertatzen dena da izarrak mugitu egiten direla gauean zehar, eta argazkian ikusten dena da izarrek ordu erdian izan duten mugimendua. Beno, berez gu mugitzen gara".  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide