Zumaiako alde zaharrean kokatzen den San Jose komentua kultur topagune bihurtu ahal izateko eraikinaren eraberritze lanak abiatu zituzten 2022. urte amaieran. Pasa den amaitu zuten obra zibila. Lehen fase honetan 6,18 milioi euroko inbertsioa egin du udalak. Kostua estali ahal izateko dirulaguntzak ere jaso ditu. Hala, 2,78 milioi euro jaso ditu Espainiako Gobernutik, eta beste 241.935 euro Eusko Jaurlaritzatik.
Orain hurrengo faseari ekingo diote, eta berrituta baina oraindik hutsik dauden gelak, estudioak eta bestelako espazioak hornituko dituzte. Mobiliarioa ezartzeaz gain, lorategiaren berrikuntza egingo dute eta aterpetxea hornitu eta martxan jarriko dute. Horrekin batera, kultur topagunearen kudeaketa eredua ere zehaztu nahi dute bigarren fase honetan.
Herriko kulturgileak, sortzaileak eta elkarteak biltzeko eta elkar saretzeko gune izatea da Komentuko kultur topagunearen helburua, "beti ere kultur eskaintza aberastu eta herriko ondarearen parte izango den espazio bizi eta dinamikoa sortuz". Horrela, behin lan fisikoak amaituta, Komentua erabiliko duten herriko kultur eragile eta elkarteekin lanketa prozesuari ekingo dio orain udalak.
Dagoeneko lehen pausoak ematen dituen prozesu horretan, etorkizuneko kultur topagunearen kudeaketa eta espazioaren erabilera ereduaren inguruko hausnarketa egingo dute. Udalak ohar bidez nabarmendu duenez, "lanketa horren bidez lortu nahi da kultur topaguneak guztion beharrei erantzutea eta komunitatea saretzeko espazio ireki eta dinamiko bat sortzea". Prozesu hau gidatzeko Elhuyar fundazioa kontratatu du udalak, eta elkarteek eta udalak elkarrekin erabakiko dute "espazioaren eguneroko funtzionamendua, programazioaren antolaketa eta baliabideen banaketa, komunitatea eta kultur sarea indartuz".
Lorategia, kantina eta aterpetxea
Dena ondo bidean, 2025-2026 ikasturtean zabalduko dute eraberritako Komentua. Bertan kokatuko da Zumaiako Musika eta Dantza Eskola, eta kultur arloko beste elkarte eta eragileek ere izango dituzte espazioak beraien jardueretarako. Herritarren artean leku ezagunena dena, berriz, kapera alegia, auditorio bihurtuko da. Zutik 200 pertsonako aforoa izango du eta 120 lagunekoa eserita, eta arte eszenikoak eta bestelako ekitaldiak hartzeko egokituko dute.
Eraikinaren eraberritze lanekin batera, Komentuko lorategiaren eta kanpoko espazioen diseinua ere garatuko dituzte. Udalak azaldu duenez, lan horiek egiteko 400.000 euroko dirulaguntza jaso du Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik. Asmoa da lorategiak eta bertan egongo den kantina guneak inguruneari bizitasuna ematea.
Aterpetxea ere egokituko dute, eta lehen Donejakueko bidea egiten ari ziren erromesentzako bakarrik zena, bisitari guztientzat zabalik egongo da aurrerantzean. Mojen komentu bizitzari buruzko interpretazio zentro bat sortzeko lanetan ere badabiltza, "bertako ondarea eta historia herritarrei gerturatzeko asmoz".