Ametsak betetzen direnean

Gorka Zabaleta 2024ko urr. 21a, 10:30

Janire Gonzalez-Etxabarri eta Kauldi Odriozola, azken hau Olinpiar Jokoetan lortutako dominarekin. (Gorka Zabaleta)

Olinpiar Jokoetan parte hartu duen lehen emakume zumaiarra da Janire Gonzalez-Etxabarri, eta domina lortu duen lehena Kauldi Odriozola. Jokoetako bizipenen sugarra bizi-bizi gordeko dute luzaroan. Iraileko Zumaia Guka aldizkarirako idatzitako erreportajea da honakoa.

Ez da egia: ahalegin guztiak egitea, dena ematea, inor baino gehiago saiatzea, fede irmoz sinestea, merituak soberan egitea edota eskakizun guztiak aise betetzea ez da beti nahikoa izaten helburuak lortzeko. Ametsak ez dira beti egia bihurtzen, gaur egungo gizartean kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere. Kirolean, bizitzako arlo guztietan bezala, merezitako saririk gabeko hamaika adibide dauzkagu. Tarteka, ordea, izaten dira, oztopo eta zailtasun guztiak gainditu eta ametsak betetzeko gai direnak. Aurten arte, zumaiarren artean, Juan Del Campok (1948, Londresko Jokoetan) eta Iñigo Peñak (Rio 2016 eta Tokio 2020) baino ez zuten lortu Olinpiar Jokoetan parte hartzea. Aurten beste bi batu zaizkie zerrendara: Janire Gonzalez-Etxabarri (Zumaia, 2005) surflaria eta Kauldi Odriozola eskubaloi jokalaria (Zumaia, 1997). Parisko Olinpiar Jokoetan hartu dute parte, eta sekula ahaztuko ez dituzten bizipenak ekarri dituzte handik. Gurekin partekatzeko eskatu diegu.  

Urtea hasteko, lesioak 

Bide okerrenetik ekin zioten urte olinpikoari Gonzalez-Etxabarrik eta Odriozolak: biak lesionatu egin ziren urtarrilean. Gonzalez-Etxabarrik belaunean hartu zuen min, eta Odriozolak hankeko hezur bat hautsi zuen. Gainera, artean, Olinpiar Jokoetarako txartela lortu gabe zeuden biak ala biak. Buruhauste bat gehiago Parisera bidean.  

"Kaliforniako txapelketa batean lesionatu nintzen. Nire helburu nagusia zen handik hilabetera Puerto Ricon jokatzekoa zen Munduko Txapelketan parte hartzea. Egia esan, nik orduan Parisko Jokoak ez neuzkan buruan", hasi da kontatzen surflaria. Eginahalak egin zituen belauna osatzeko, baina txapelketa iritsi eta ez zegoen ondo. Hala ere, Puerto Ricora joatea erabaki zuen. "Nire lehen aukera zen Munduko Txapelketa nagusian parte hartzeko, eta ezin nuen ezetz esan. Etxean hitz egin genuen, eta erabaki genuen arriskatzea. Esperientzia hori bizi nahi nuen Espainiako selekzioko beste kideekin, talde giro hori bizi eta elkar hobeto ezagutu". 

Hasi zen txapelketa Puerto Ricon, eta lehen txandan kalera joan zen. "Gaizki nengoen. Sekulako mina nuen belaunean, eta ez nintzen ezer egiteko gai. Etxera joan nahi nuen. Bi orduz egon nintzen fisioterapeutarekin hitz egiten, psikologo lanak egin zituen, eta aldartea aldatu zidan". Errepeskako saioan aurrera egin zuen, hasi zen txandak gainditzen, eta konturatzerako, munduko txapelduna kanporatu zuen. "Ikusten nituen taldekideak kanpoan nire zain, oihuka, sailkatu egin nintzela esanez; nik ulertu nuen hurrengo kanporaketaz ari zirela, baina ez, Jokoez ari ziren". 2024ko martxoaren 1ean lortu zuen Parisko Olinpiar Jokoetarako txartela Gonzalez-Etxabarrik, historiako hirugarren kirolari zumaiar olinpikoa, lehen emakumea. 

Odriozolari urtarrilaren 14an jarri zitzaion bidea aldapa gora. Espainiako eskubaloi selekzioarekin Europako Txapelketa jokatzen ari zela, ezker hankako bosgarren metatartsianoa hautsi zuen. "Gogorra izan zen. Aurrez banituen zalantzak Jokoetarako hautatuko ote ninduten, eta gainera, lesioa. Hamaika galdera sortzen zaizkizu horrelakoetan, garaiz osatuko ote zaren, sasoia berreskuratuko ote duzun, selekzionatzaileak zuganako konfiantzari eutsiko ote dion… Egun asko pasa nituen gimnasioko lana egin eta etxera, taldearekin [Nantes] entrenatu ezinik. Ordu asko buruari bueltak emateko". Martxo amaierarako osatu zitzaion ezkerreko hanka, eta lehiara itzuli zen Nantesekin. Baina, atertu orduko, berriro laino beltzak Bretainia aldean: "Creteilen aurka bueltatu nintzen kantxara. Bigarren esprintean, ziztada izterrean. Zuntz haustura egin nuen, eta berriro gelditu egin behar".  

Kauldi Odriozola: "Bereziena da beste kiroletako onenekin zaudela Hiri Olinpikoan"

Orduantxe, Jordi Ribera Espainiako hautatzailearen deia jaso zuen: 2025eko Munduko Txapelketarako sailkatzeko kanporaketa zuen Espainiak, eta ea jokatzeko moduan zegoen galdetu zion. "Baietz esan nion, han izango nintzela, lesio arina zela eta osatuta nengoela. Hasi Serbiaren aurka jokatzen eta, kontraeraso batean, hankako behatz lodian min hartu nuen, aurkari baten kontra. Bihurdura handi bat, eta lotailua hautsita. Ez da posible, pentsatu nuen. Berriro etxera, min hartuta". Bi astez geldirik egon eta Frantziako Ligako azken partida jokatu zuen zumaiarrak.  

Osatuta bai, baina Espainiako hautatzaileak Parisko deialdian sartuko zuen kezkarekin zen. Telefono deia jaso zuen arte. Prestaketa faserako 21 lagunen zerrendan zegoela. Bi astez gogor entrenatu ostean, gau batez, jokalariak bildu eta Parisko 14en zerrenda eman zuen Riberak. "Gela batean bildu gintuen. Hasi zen izenak esaten eta, hain nengoen urduri, batzuk ez nituela entzun ere egin, ‘Kauldi’ entzun nuen arte. Sekulakoa izan zen. Han, kanpoan geratu ziren taldekideen aurrean, ezin poz handirik adierazi, baina nire gelara iritsi bezain pronto etxekoei eta neskalagunari deitu nien. A ze poza!". 2024ko uztailaren 7an argitaratu zen ofizialki Parisko 14koen zerrenda. Han zen Odriozola, historiako laugarren zumaiar olinpikoa. 

Parisko hiri olinpikoa 

Puerto Ricon Pariserako txartela lortu zuen Gonzalez-Etxabarrik, baina lehiatzeak belauneko lesioari ez zion batere mesede egin. Etxera bueltan, lotailua ia hautsita zuela esan zioten. Handik aurrera, belauna erabat osatzea zen lehentasun bakarra. "Australian neuzkan bi txapelketei uko egin nien, Jokoetara joateko, aurrena lesioa sendatu beharra zegoelako". Baina pasa ziren bi hilabete, eta ez zuen hobekuntza handrik nabaritzen. "Lehorrean ondo, baina uretara surfera sartu, eta min handia nuen. Azkenean, plasmarekin tratamendua egin genuen, eta horrek egin zidan mesede". Ekain hasieran Hegoafrikako txapelketan hartu zuen parte, eta bederatzigarren amaitu zuen. Pariserako prest zegoen. 

Jokoak hasi baino bost egun lehenago iritsi zen Espainiako eskubaloi selekzioa Parisera. Hiri olinpikoan, dena zen nobedade Odriozolarentzat. "Hiri olinpikoan 14.000 lagun bizi ginen, mundu osoko kirolariak, modalitate askotarikoak. Beteranoek esaten ziguten lasai hartzeko, gauza asko daudela ikusteko, baina burua ez galtzeko". Selekzioak zortzi solairuko apartamentu bloketan zeuden antolatuta. Espainiak, adibidez, Aljeriarekin partekatzen zuen bloke oso bat. Ordezkaritza handiena zutenek bloke osoa zuten beraientzat. "Bazeuden mahai-jolasen gela, bideo-joko aretoa, parkeak, 30 kafetegi, jantokiak, hiri olinpikoan zehar mugitzeko bizikletak, argazkiak ateratzeko guneak, oroigarriak…". Jokoetako babesle den telefono marka ezagun batek ere bazuen bere denda. "Telefono bana oparitu ziguten". 

Zeresan handiena, baina, jangela nagusiak eta apartamentuek eman zuten. "Jantoki erraldoia zen, eta sukaldaritza mota ezberdinak eskaintzen zituzten: Frantziakoa, mundukoa, asiatikoa… Baina, lehen egunetan, desastre hutsa izan zen. Sekulako ilarak sortzen ziren eta, txanda iristerako, jateko asko amaituta zeuden. Kanpoaldean bazeuden entsaladak prestatzeko guneak; lehen egunetan, halaxe moldatu behar izan ginen, entsaladak janez".  

Jangelako arazoak zuzendu zituzten, zorionez; apartamentuek konponbide zailagoa zuten. "Zortziko apartamentuak ziren, aire giroturik gabe. Biko lau gela, eta egongela bat, piztu ere egin ez genuen telebista txiki batekin. Gure apartementuan geunden Aleix Gomez eta Javier Rodriguez, Gonzalo Perez de Vargas eta Rodrigo Corrales, Alex eta Dani Duisebaev, eta Jorge Maqueda eta ni. Eta egongelan, Amazonen erosi genuen koltxoi batean, Petar Cikusa ordezkoa. Berez, ordezkoentzat lekurik ez zegoen hiri olinpikoan, baina gurekin egotea merezi zutela pentsatu genuen. Hori bai, goizero jaikitzean, Cikusa han ikusten genuen, lurrean botatako koltxoian". Arazo handiena, baina, beroa izan zen. "Gogoan dut lehen partidaren bezpera. Ez ginen Jokoetako inaugurazio ekitaldira joan, ahalik eta atseden gehien hartzeko. Partida goizeko 9:00etan zen, Esloveniaren kontra, eta oso goiz jaiki beharra genuen. Baina ezin lo hartu. Gaueko 11:00ak eta oraindik bueltaka. Dutxan freskatu, ohean sartu eta ezin lo hartu. Zortzi lagun, gainera…". 

Baina hiri olinpikotik oroitzapen onak dakartza eskubaloi jokalariak. "Bereziena da beste kiroletako jendearekin zaudela, munduko onenekin, gainera. Bat-batean, Carlos Alcarazekin, Simone Bilesekin eta Wembanyamarekin egiten duzu topo, edo Alexander Zvereven alboan bazkaltzen duzu. Oso berezia da. Eta beste kirolarien errealitatea ezagutzeko aukera daukazu. Adibidez, aukera genuenean musean egiten genuen afalondoren Oier Lazkano eta Alex Aranburu txirrindulariekin edota waterpolokoekin, eta ohartzen zara, adibidez, zer bizimodu zorrotza daramaten txirrindulariek". 

Parisko hiri olinpikoan lehen astea egin zuen Odriozolak. Bigarren astean, eskubaloiko azken kanporaketak Lillen jokatu ziren. "Lillen eskubaloikoak bakarrik geunden, bloke berri batzuetan. Eskubaloi txapelketa baten antz handiagoa zuen hark. Hori bai, gelak bikoak ziren, askoz erosoagoak". Tamalez, Parisko itxiera ekitaldian ere ez zuten parte hartzerik izan. 

15.000 kilometrora 

Tahitiko Teahupo’o olatua munduko ezagunenetakoa da; olatu handien artean, mitikoa da bere tutu perfektua. Surfari oihartzuna emateko hura baino leku egokiagorik ez zegoela erabaki zuten Jokoetako antolatzaileek. Hori bai, Tahiti Paristik 15.000 kilometrora dago. "Guk uste genuen olatu artifizialen azpiegitura bat sortuko zutela Parisen bertan. Hura gero han geldituko litzateke, eta jende asko erakarriko luke", azaldu du Gonzalez-Etxabarrik. Baina ez, maletak hartu eta Tahitira. Aurrena Miarritzetik Parisera, han, aireportuan akreditazioak egin, eta biharamunean Tahitira, 21 orduko hegaldian, tartean Los Angelesen erregaia kargatzeko geldialdia eginda. Polinesiar erako harrera jaso, eta autobusean, hiri olinpikora. "Itsasontzi handi bat zen gure hiri olinpikoa. Egia esan, sekulakoa zen, denetarik zeukan. Hango langileek ere harrera egin ziguten, loreekin, eta itsasontzia goitik behera erakutsi ziguten. Gelak eta oheak ondo zeuden, eta jatekoarekin ere ondo moldatu ginen. Arraroa zen, baina ondo". 

Parisko hiri olinpikoan 14.000 lagun baziren, Tahitin 48 surflari eta haien entrenatzaile eta ordezkariak baino ez ziren bildu. Eta denek ez zuten itsasontzian hartu ostatu. "Selekzio handienak aparte egon ziren, bakoitza bere etxean. Frantzia, Australia, Brasil, AEB eta Mexiko, itsasontzira azaldu ere ez ziren egin. Geuk ere bageneukan etxe bat hartuta, baina batez ere itsasontzia erabili genuen. Arazoa zen txapelketa gunera iristeko 40 minutuko bidea zegoela itsasontzitik, eta, txapelketan zehar atzera eta aurrera ibiltzeko ez zen erosoa. Horretarako etxea erabiltzen genuen, atseden tarteetarako. Bestela, txapelketa gunea bera oso ondo zegoen antolatuta. Han bazeuden gimnasioa, egongelak, jateko buffet-a, ping-ponga…". 

Janire Gonzalez-Etxabarri: "Ezin izan dugu Parisko giroa bizi, horrek ematen dit pena" 

Hori bai, Tahitin urruti sumatu dute sugar olinpikoak kirolarien artean sortzen duen giroa. "Surflariak bakarrik geunden han. Azken finean, txapelketa bat gehiago zirudien ia. Horrek eman dit pena pixka bat. Ezin izan dugu Parisko giro hura bizi, inaugurazio ekitaldia, hiri olinpikoa, amaiera ekitaldia… Adibidez, inaugurazio ekitaldian parte hartzeko aukera eman baligute, gero bazegoen denbora denok abioi batean sartu eta Tahitin txapelketa egiteko. Horrek ematen dit pena". Eta bada zail egin zaion beste kontu bat: protokoloa. "Kirol aldetik, dena oso ondo zegoen antolatuta, goi mailako beste edozein txapelketa bezala. Baina Jokoen protokolo horretara guztira ez gaude ohituta. Akreditazioak, segurtasun kontrolak, aparkatzeko leku jakinak… Surfaren kulturarekin ez dator bat; guztiz kontrakoa da". 

Kirol lehia 

Kirol ikuspegitik begiratuta, lekuz kanpo sentitu zela aitortu du surflariak. "Belauna osatuta neukan, baina ez nuen Jokoak prestatzeko astirik izan. Niri gustatzen zait asko entrenatzea, dena oso ondo prestatzea, eta hori falta zitzaidan. Hori bota dut faltan, ezin izan dudala benetan lehiatu. Joan baino astebete lehenago aurpegiko paralisia ere izan nuen, estresagatik. Momentu hartan handiegi egin zitzaidan, sentsazio hori izan nuen. Esperientzia bezala, sekulakoa, baina gehiago egin nahi nuen". Lehen txandan galdu egin zuen, eta bigarrenean ere ez zuen aurrera egiteko aukerarik izan. 

Odriozolarentzat, berriz, oso bestelakoa izan zen: Jokoen inaugurazio egunetik itxiera eguneraino lehian, zortzi partida 15 egunetan. "Oso gogorra izan zen, fisikoki eta mentalki. Ez genuen lasaitzeko tarterik izan. Partida guztiak oso estu joan ziren, eta partidatik partidara egun bakarra izanda, entrenamenduak eta prestaketa saioak izan genituen. Ezin txapelketa burutik kendu une bakar batez". Jokoez gozatzeko apenas izan zuten aukerarik. "Gure txapelketa hasi aurretik egun batean zazpiko errugbia ikustera joan ginen. Baina besterik ez".  

Bi partidatan jokatu gabe gelditu zen arren, pozik dago egindako lanarekin. "Azkenean nire lana egiteko aukera izan dut, minutu asko jokatu ditut, golak sartu ditut eta taldeari lagundu diot. Alemaniaren kontrako finalaurrekoa galtzea oso une gogorra izan zen, baina kolpe hura gainditu eta brontzea lortzea sekulakoa izan da". Zumaiar batek lortutako lehen domina olinpikoa, hain zuzen ere.  

Parisko Jokoak joan dira, baina jadanik Los Angeles 2028 dute jomugan. "Niretzat okerrena izan da ez naizela prestatu nahi bezala, eta Paristik oso urrun egon garela. Los Angelesera joan nahi dut, nire onena emateko eta giro olinpikoa bizitzeko", dio Gonzalez-Etxabarrik; Odriozolak, berriz, oraindik urrun ikusten ditu hurrengo Jokoak, baina gogoa ez zaio itzali: "Okerrena izan da txapelketa oso luzea eta gogorra dela, ez dugula arnas hartzeko astirik izan. Eta, gainera, brontzea irabazi eta ia astirik ez gozatzeko, barneratzeko. Baina bai, adinez uste dut oraindik Los Angelesekin amets egiteko moduan nagoela". 

Gonzalez-Etxabarri denboraldi amaierako txapelketetan murgildurik dabil urrira arte, munduko zirkuituko bigarren mailari eusteko helburuarekin; Odriozolak, berriz, Txapeldunen Ligako erronka gehigarria du aurten Nantesekin. Bideak esango du ametsa berriro beteko ote zaien.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide