BQD bidaia agentziako arduraduna eta turismoan aditua da Lore Uranga. Haurra zenetik izan du kontaktua Zumaiara etortzen ziren bisitariekin, Etxe Ona jatetxeko alaba baita. Hala, gogoan du atsegin zuela haiekin lorategian hizketan aritzea. Turismo ikasketak egin zituen gero, eta bere bidaia agentzia propioa zabaldu. Herrira etortzen diren turisten eta herritik atzerrira doazenen bidaiak antolatzen egiten du lan ordutik. Sektorearen egoeraz, lanean izan dituen erronkez eta alokairu turistikoez aritu da Uranga, besteak beste, Zumaia Gukarekin.
Turismoaren arloan egiten duzu lan. Zerk bultzatuta?
Etxe Ona jatetxeko alaba naiz, momentu hartan erreferentea zen jatetxe handi bat, lorategi handi eta guzti. Jende asko joaten zen. Betidanik gustatu izan zait jendearekin egotea: sekula ez nintzen sukaldean egoten, beti tabernan edo lorategian. Gure garaian, Batxilergo Bateratu Balioanizduna eta Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea egiten ziren. Gogoan dut irakasle batek esan zidala Etxe Ona nik neuk hartu beharko nukeela, eta hura hotel bihurtu. Orduan erabaki nuen turismo ikasketak egitea. Batez besteko altua behar zen sartzeko, eta lortu egin nuen. Deustun izena eman nuen, eta onartu egin ninduten. Han ikasten ari nintzela, asko gustatu zitzaidan bidaia agentzien kontua: hegaldiak, ibilbideak, beste kontinenteetan zer ikus zitekeen aztertzea, edo guk zer erakutsi dezakegun... Agentzietan egin nituen praktikak, eta beti aritu naiz horretan. Berriz egingo nuke.
Zehazki, zer egiten duzu lanean? Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Pentsatu behar da bidaia bakoitza eta pertsona bakoitza desberdinak direla. Bezero bakoitzak bere eskaerak, gustuak eta aukerak ditu, eta bidaiatzeko era pila bat dago. Beraz, erronka beti berria da. Hori oso gustuko dugu. Harreman handia dugu atzerriko agentziekin ere, bidaia luzeetan haiekin egiten dugulako lan. Asko ikasten dugu haietaz. Aberastasun handia du lanak. Sortzaileak gara, bidaia sortzaileak.
Zeren bila jotzen du jendeak bidaia agentzia batera?
Segurtasunagatik, batetik; eta babesagatik ere bai. Azken finean, badakite guk ezagutzen dugula leku hori. Denbora aurrezteagatik ere izaten da. Prezioa ere bada beste faktore bat, nahiz eta garestiagoa dela uste izan. Skyscannerren eta Bookingen begiratzen ditu jendeak hegaldietako eta hoteletako prezioak, eta guk, tresna horiez gain, gehiago ere baditugu. Hegaldietan, esaterako, tarifa hobeak ditugu. Gainera, guk egiten ditugu hegazkineratze-txartelak, bisak eta bestelakoak. Bezeroak oporretan daude, eta ez dute ezertaz kezkatu beharrik izaten. Edozer gertatuta ere, guri deitzen digute, eta geuk bideratzen ditugu kontuak.
Mota guztietako bidaiak antolatzen al dira bidaia agentzia batean? Zer abantaila ditu?
Kontrola bezeroak du, eta beti izango du. Batzuk, adibidez, hegaldia erosita etortzen dira hotela bilatzeko eskatuz, edo segurua kontratatzeko bakarrik jotzen dute gugana.
"Prezioa da agentziara jotzeko faktoreetako bat, garestiagoa dela uste den arren"
Geroz eta gehiago antolatzen al ditu jendeak bidaiak bere kabuz?
Bidaiarien %37k jotzen dute bidaia agentzietara; hortaz, gehiengoak bere kabuz antolatzen ditu. Baina guk geroz eta gehiago antolatzen ditugu bidaia horien zati batzuk. Pandemian gure laguntza eske etorri zen jendea, ikusi zutelako agentzien bidez bidaiatu zuen jendea lehenago itzuli zela atzerritik. Segurtasun horrek erakarri du jendea agentzietara, eta hori diote datuek: 2019arekin alderatuta, % 11 igo da agentzien lana.
Gure kasuan, bezeroak ez zirenak ere atera genituen atzerritik. Horrek jende berria ekarri digu agentziara; Debatik, Urretxutik eta Donostiatik, adibidez. Gaur egun, gainera, ez dago agentziara bertara fisikoki joan beharrik. Digitalki ere egiten dugu lan, eta igual, nahikoa izan daiteke behin etortzearekin. Gazteak ere hasi dira etortzen, hogeita gutxi urtekoak. Bidaiak bilatzea lana eta denbora asko da, eta lan hori azpikontratatzen digute. Helmugaren arabera ere, lehenago jotzen dute gugana. Orain oso modan dago, adibidez, Balira edo Tailandiara joatea, eta hegaldia eta segurua kontratatzeko etortzen dira gehienak. Han daudela zerbait gertatuz gero, agentziara itzultzen dira. Kenia, Tanzania eta Uganda aldera, berriz, jendea ez da bere kabuz joaten. Vietnamera ere ez, han mugitzea zaila delako, eta ezta Kanadara ere, distantziak handiak direlako herrialde barruan.
Zein izan dira lanean aurre egin behar izan diezun erronka handienak?
Bezeroak ezagutzen ditugu, eta inplikazio pertsonala dakar horrek. Gertatu izan zaigu oporretan dagoen bezeroaren familiarteko bat hiltzeko zorian egon eta ekarri behar izatea munduaren beste puntatik, istripuak gertatzea eta bateren bat bidali behar izatea... Gauza horiek dira okerrenak, nahiz eta kudeaketa horietan ondo mugitzen garen.
Zer bilatzen dugu zumaiarrok kanpoan? Nora joaten gara?
Bezeroaren araberakoa da, baina gehienek Greziara eta Albaniara joan nahi izaten dute, eta orain, Baltikoetara ere bai. Bidaia luzeagoetarako, safariak, Vietnam, Tailandia, Bali, AEB eta Kanada aukeratzen dituzte. Familiak, berriz, Mexiko aldera animatzen dira. Seme-alabek beste kultura bat ezagutzen dute horrela, baina antolatua dagoen leku batean, nolabait esateko. Madrildik hegaldi zuzenak daude, eta han ondo egoten dira, ez da arazorik sortzen. Aiton-amonen urrezko ezteiak ospatzeko familia guztiarentzako bidaiak ere antolatzen ditugu, eta horiek, gehienek, itsas zeharkaldiak egiten dituzte. Gazteak, berriz, motxila soinean dutela Perura, Argentinara, Boliviara edo Balira joaten dira. Hegaldiak eta lehen bi egunetako hostalak hartzen dituzte, seguruaz gain. Beraien kabuz mugitzen dira gero. Hegaldien arabera mugitzen da asko jendea, eta orain modan Sri Lanka jartzen ari da. Bestalde, pandemia ostetik orain hasi da errekuperatzen Indiako turismoa ere, eta hegaldiak nahiko merke daude hara.
"Zumaia ez da helmuga, pasoko tokia baizik. helmuga izatea lortu behar genuke"
Zer iritzi duzu Zumaiako turismoaren inguruan?
Oraindik aukera onak daude gauza desberdinak eskaintzeko. Gehiegi zentratu gara Geoparkean, eta Zumaiak gauza gehiago ditu. Turismo Bulegoa eta Geoparkea saiatzen ari dira gauza horiek erakusten, hala ere. Euskararen enigma bisita gidatua asko gustatzen zait, esaterako. Ez euskaraz hitz egiten ikasiko dutelako, gure esentzia eta tradizioak erakusten dituelako baizik. Zumaia beste era batera ezagutzen dute bisita horretan. Jendea nola eta zer eratara datorren, hori beste kontu bat da: autokarabanak, masifikazioa... ez zait batere gustatzen. Zerbait egin behar da, hori argi daukat. Esaten didate klasista naizela, baina fielatoan bertan kobratu egingo nieke autobusei. Gure zergekin jende gehiago kontratatu behar da udan: herri langileak, hondartzetako zerbitzuak... Nondik ateratzen da diru hori? Etortzen direnek ez badute gasturik egiten herrian, ordaindu dezatela.
Turistek ez dute herrian gastatzen?
Ez, Zumaia ez delako helmuga bat, pasoko toki bat baizik. Denon artean helmuga bat izatea lortu behar genuke. Bestela, ez dute dirurik utziko herrian. Nik nahi dut nire herrira etortzen denak herria ezagutu dezala, dirua gastatu dezala hemen jatetxeetan edo dendetan, eta lo egin dezala herrian. Agentziaren bidez etortzen diren taldeek eguna pasatzen dute Zumaian Euskararen enigma bisita gidatua eginda, Kofradia ezagututa, Pulpo elkartea ezagututa, eta jatetxe batean bazkalduta. Zesta punta erakusten diegu, pilotak nola egiten diren... Pilota Eskola ezagutzen dute, adibidez, ordainduta, eta dirua uzten dute elkarte horretan. Beste turismo klase bat lortzeko lan egin beharko genuke.
Zure ustez, hotela behar da.
Hotel handi bat falta da Zumaian, bai, eta niretzat, Guascor zena aproposa da horretarako. Autobusak ez lirateke herrian sartuko. Egun batean Bilbo bisitatuko lukete, bestean Donostia, Iparraldea ere bai... Irteerak egin arren, iluntzean Zumaian izango lirateke, eta afaltzeko, erosketak egiteko edo ateratzeko aprobetxatu. Egun bat ere libre izango lukete herrian, eta horrek dirua lagako luke herrian. Oso ondo kokatua dago herria, eta edozein lekutara iris zaitezke ordubeteren bueltan. Uda bakarrik ikusten dugu, baina urtea luzea da Zumaian. Beste mugimendu bat emango lioke herriari. Gauza txiki gehiegi sortzen ari dira, eta horrek ez du erakartzen turismorik, ez dagoelako gelarik. Horrek ekartzen du jende dena Donostiara joatea. Geuk probokatzen dugu Donostia betetzea, han egiten direlako hotel denak. Urola Kostan hotel handi bat beharko litzateke.
Alokairu turistikoena da gai korapilatsu bat. Nola erregulatu beharko litzateke?
Airbnb-ko apartamentuena neurtu egin behar da. Zumaiak aukera ona du beste leku batzuetan gaizki egin diren gauzak ez errepikatzeko, garaiz gaude. Baita beste lekuetan egiten dituzten gauza onak hemen egiteko ere. Lehendabizi, legez kanpoko apartamentuak kontrolatu beharko lirateke. Badakigu non dauden, eta baita nork alokatzen dituen ere. Zergak ordaindu eta legalak egin beharko lirateke. Negozioak dira, denda bat zabaltzen duena bezala. Mugak jarri behar zaizkio. Badakigu zumaiarrak direla eta gero erraza da turismoari errua botatzea. Administrazioa, orokorrean, beste aldera begiratzen ari da. Inork ez du eskurik sartu nahi hor. Baina apartamentu horietan zortzi pertsona sartzen dira, edariak sartzen dituzte, kalera mozkortuta jaisten dira... Horrelako turismoa nahi al dugu? Gero esaten dugu turismoarekin arazo bat dagoela eta masifikatua dagoela? Eta zumaiarrak apartamentuak ilegalki alokatzen? Fokua jarri behar den tokian jarri behar da. Non dago turistaren muga? Barnekaldetik hondartzara etortzen direnak ez dira turistak? Jendearen portaerak asko esaten du. Turista batek Geoparkean egiten duena egiten duela ere, pertsonak egin du, ez turismoak.
Jasangarritasuna denon ahotan dabil. Izan daiteke turismoaren arloa erreferente gainerako sektoreentzat, eraldaketa jasangarriari dagokionez?
Mugak jartzen badira, zergak ordaindu, eta ikusi ez dela gauza pasibo bat... Azken finean, turismoaren arloan lan egiten dugu. Horrek oreka bat sortuko luke. Gure tradizioa eta kultura mantentzeko lan egin behar dugu. Europatik badatoz legeak, eta hortik lan gutxi egin dezakegu, ez bada mugatzen behintzat jendea nora sartu daitekeen. Pribilegiatu batzuk gara Zumaian mugikortasunari dagokionez, baina Gipuzkoan herri arteko konexioak ez dira oso onak, eta beraz, ibilgailu partikularra erabiltzen da asko. Hor lan egin daiteke. Atzerritarrak harrituta geratzen dira ikusten dutenean nola bizi garen hemen. Behin Chicagoko [AEB] pertsona batek esan zidan Donostia zer segurua zen, ume batzuk kalean oinez bakarrik ikusi zituelako. Han inor ez doa kaletik aske, eskutik helduta edo txakurren pare, uhal batekin lotuta eramaten dituztelako. Ez dago espaloirik; ezin dute pasierarik egin, kotxez mugitzen dira. Baditugu indarguneak, eta horretan lan egin behar dugu.
Nolakoa ari da izaten 2024ko uda?
Oso ondo doa. Ekaineko azken astetik jende dezente ibili da kanpoan. Hala ere, uztaila gogorra egin zaigu, bulego aldaketa geneukalako [Erribera kaletik Patxita Etxezarretara lekualdatu da BQD bidaia agentzia]. Beste aste garrantzitsu bat uztailaren 20-27 artekoa izan da; Santiagoko zubiari bizpahiru egun gehituta, jende asko ibili da kanpoan. Irailerako eta urrirako ere bidaia dezente ditugu antolatuta. Udan uharteetara, Cadizera [Andaluzia, Espainia] nahiz AEBetara bidaiatu dute zumaiarrek. Udazken alderako, berriz, Hego Amerika eta Afrika aukeratzen dituzte gehien. Ezkon bidaiak ere martxan dauzkagu. Ez zaigu lanik falta, beraz.