Luis Zulaika Galdos: "Ezin nuen imajinatu nonbait euskaraz bizi nintekeenik"

Ainhoa Baglietto 2024ko urr. 25a, 16:00

Luis Zulaika Galdos mintzalaguna. (Utzitakoa)

Duela hiru urte Zumaian bizi da, baina gasteiztarra da izatez. Hizkuntzak ikasten txarra zela esaten zioten irakasleek, eta ingelesa ikastea ez zuen lortu; bai, ordea, euskara. Hitz egiteko lotsa galdu, eta gaur egun euskaldun berriei laguntzen die konfiantzazko ingurune batean euskaraz hitz eginez. Iraileko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Beti izan al duzu harremana euskararekin?  

Ez, nire inguruan ez zen euskara existitzen ume nintzela; nire inguru sozialean eta familiarrean ez nuen euskararekin batere kontakturik. Baina, hona, Zumaiara, etorri ginen uda batean –aitona sortzez zumaiarra omen zen– jendeak euskaraz hitz egiten zuela ikusi genuen. Ondoren, nire arreba, zeina hamar urte zaharragoa den, Bilbora joan zen ikastera, eta han ikasi zuen euskara. Horrez gain, aita 1950eko hamarkadan hasi zen euskara ikasi nahian, jakin-minez; bizitza osoa eman zuen euskara ikasi nahian. Kontrara, bagenuen aitaren bikia, Aramaion hazi zena eta, euskara baldin bazekien ere, ez zuen euskara maite, eta ez zuen euskaraz inoiz hitz egiten. Halakoa zen nire ingurunea. 

Noiz izan zenuen, bada, euskararekin lehen lotura?  

Eskolan, 8. mailan nengoela, Franco hil eta hiru urtera izango zen. Euskara ikasteko aukera izan genuen, eskolan hautazko asignatura jarri zutelako. Nire mailan, 100 lagunetik 20 lagun apuntatu ginen, baina hurrengo urtean, BUPen, ordutegiz kanpo jarri zutenez, lau lagun bakarrik animatu ginen, eta bi hilabetera, kendu egin zuten. Beraz, oinarrizko ikasketak euskara jakin gabe bukatu nituen. 

Nola bizi zenuen euskara umetan eta nerabe garaian? 

Lehen esan bezala, oso arrotza zen nire inguruan, eta ezin nuen imajinatu nonbaiten euskaraz bizi zitekeenik. Pentsa, Zumaiara edo Zarautzera futbolean jolastera inoiz etorri izan ginenean eta euskaraz entzuten genuenean, pentsatzen genuen hala hitz egiten zutela guk haiek ez ulertzearren. Pentsa zer mundutan bizi ginen: erabat arrotza zitzaigun euskara. 

Baina, halako batean, lortu zenuen euskara ikastea, ezta? Nola izan zen? 

Unibertsitatean hasi nintzen Historia ikasten, eta han euskara, ingelesa edo frantsesa landu behar genuen. Euskara hautatu nuen, baina ez zidaten utzi, mailarik ez neukalako. Dena den, euskararen inguruan zebiltzan hainbat lagunekin kontaktua izan nuen, eta hor konturatu nintzen zerbait interesgarria galtzen ari nintzela. Gainera, neska euskaldun batez maitemindu nintzen, eta horrek ere zerikusi handia izan zuen euskarara hurbiltzeko keinu hartan. Beste arrazoi batzuk zirela eta, ikasketak utzi egin nituen, eta egunean bost ordu irauten zituen euskara ikastaro batean apuntatu nintzen. Han asko ikasi nuen, nahiz eta neukan arazo handienetakoa zera zen: hizkuntzekin oso esperientzia txarra nuela – ingelesarekin batez ere- eta oso lotsatia nintzela. 

Eta nola egin zenion aurre? 

Etxeko ganbarara joaten hasi nintzen, eta han, etxean zegoen ipuin bat, Kaskarintxo izenekoa, ahoz gora irakurtzen hasi nintzen. Neure burua grabatzen nuen, neure ahotsa euskaraz entzuteko eta jariotasuna lortzeko. Urte eta erdiz kanpoan izan eta gero, berriz  heldu nion euskara ikasteari, baina orduko hartan bi orduz egunero; izan ere, unibertsitateko lanak ere egin behar nituen. Horrez gain, udan barnetegi batera joan nintzen bi urtez, eta han pila bat ikasi nuen.  

Non euskaldundu zinen? 

Gasteizen euskaldundu nintzen. Euskaldun lagun talde bat eginda nuen ordurako: unibertsitateko batzuk, euskaltegiko beste batzuk eta intsumiso mugimenduaren inguruko beste batzuk. Han egin genuen lagun arteko hautua non, euskaldunekin baldin bazinen, euskaraz hitz egin behar zenuen. Anai-arrebek ere eman genuen pauso hori eta, hala, euskaraz egiten dugu geroztik. Gure gaztelaniazko harremana, anai-arrebona eta lagunena, euskaraz da egun, erabat; beraz, ez da egia ohiturak aldatu ezin daitezkeenik, mitoa da. Saiatuz gero, lor daiteke. 

Gerora Zarautzera hurbildu zinen bizitzera, ala? 

Bai, eta kostako herri horretan aberastu eta zorroztu nuen asko euskara, batez ere garaiko neskalagunaren gurasoengandik jasotako esapideetatik eta. Baina lehenago ere Zuhatza izeneko aterpetxe batean izan nintzen lanean, eta han lankideak, bezeroak, guztiak %100 euskaraz bizi ginen. Lurralde guztietako jendea pasatzen zen handik, eta batzuentzat oztopoa zena aberasgarri zen niretzat. Ez ditut ahaztu nahi Berria eta Baleike bezalako hedabideak; haiei esker, egunero hobetzen dut nire mintzamena.

Nola edo noiz erabaki zenuen Mintzalagun programan sartzea?

Zarauztik Zumaiara etorri nintzen duela urte gutxi, eta ez nuen nire burua ikusten irakasle, baina euskara ikasteko nire prozesuan, jabetu nintzen zein garrantzitsua zen mingaina askatzea, euskaraz hitz egiteko lotsa galtzea. Hori zen gakoa. Itziar Uranga zegoen hemen, mintzalagun programan, euskaldun berriak laguntzen, eta berak azaldu zidan zer egiten zuen. Beraz, euskaltegira hurbildu nintzen, eta han esan zidaten gustura hartuko zutela laguntzeko nire eskaintza, eta hemen nago, poz-pozik.

Zenbat laguneko taldea duzue?

Nire kasuan, nirekin zeudenak aurrera eta atzera ibili dira, denek dute-eta lana edo familia, eta batzuetan ezin da astero ordu berean geratu. Baina harremana mantentzen dut egun: Miren, Javi eta Jordi. Deitzen diet, deitzen didate, eta guztiekin nire harremana euskaraz da gaur egun, eta hori oso garrantzitsua da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide