Berdintasunerako ordenantza onartu du udalbatzak, "pauso sendoak" ematea xede

Maria Maya Manterola 2024ko aza. 2a, 14:00

Joan den osteguneko udalbatzarra. (Maria Maya Manterola)

IV. Berdintasun Planeko ekintzak gauzatzeko baliagarria izango dela azaldu zuen joan den osteguneko udalbatzarrean Maite Egaña Berdintasun zinegotziak. "Pauso sendoak" eman nahi dituzte berdintasun politiketan.

Joan den ostegunean egin zen urriko ohiko udalbatzarrean hainbat aztergai izan ziren, tartean, Berdintasunerako Udal Ordenantza. Udalbatzarra osatzen duten talde guztien babesarekin onartu zuten, berdintasun politiketan bidea kontsolidatzeko helburuarekin.

Maite Egaña Berdintasun zinegotziak azaldu zituen ordenantzaren nondik norakoak: batik bat, IV. Berdintasun Planeko ekintzak gauzatzeko izango da baliagarria, eta "pauso sendoak" eman nahi dituzte bide horretan. Lau zutabe ditu: udal barruko berdintasuna, administrazioan genero ikuspegia aintzat hartzea, udalaren eskumen eta politiketan berdintasunez aritzea eta indarkeria matxistari aurre egiteko tresnak garatzea. 

Udalbatzako beste aztergai bat izan zen kiroldegiaren kontratazio espedientea. Zerbitzuen kontratuaz aritu ziren, zehazki, eta Iñaki Ostolazak azaldu zuen sorospena, harrera, garbiketa eta administrazioa barnebiltzen dituela horrek. Aho batez onartu zuten proposamena, nahiz eta EAJren udal taldeak kezka adierazi zuen eskaintza eguneratzearekin. Beren ustez, zerbitzu publikoa izanik, ez litzateke inor kanpoan geratu beharko, eta herritarren beharretara egokitzeko beharra dago. Urtero batzordean eskaintza hori berrikusteko proposamena egin zuten jeltzaleek. Gimnasioko makinaria konpontzeaz eta horretarako beharrezko diru partidak aurrekontuetan txertatzeaz ere aritu ziren.

Zenbait kreditu aldaketa

Udalbatzarreko gainerako puntuak kreditu aldaketekin loturikoak izan ziren. Unai Larrañaga Ogasun zinegotziak eman zituen azalpenak, eta haren hitzetan, arau fiskalak aldatu direlako proposatu dituzte aldaketa horiek. 

17. kreditu aldaketak EAJren udal taldeko zinegotzien abstentzioarekin egin du aurrera. Xabier Odriozolak hartu zuen hitza beren botoen zergatia azaltzeko. Itzurungo igogailua egiteko 350.000 euroko diru partidari 115.000 euro gehituko zaizkio, eta datorren urteko aurrekontuetan 675.000 euroko inbertsioa aurreikusten da. Jeltzaleen hitzetan, bestalde, arazoari «konponbide partzial bat» besterik ez diote emango, bizilagunek Amaia plazatik igogailura iristeko 40 metro inguru igo behar dituztelako aldapan gora. Udal Gobernuak azaldu nahi izan zuen, dena den, lehen lizitazioa hutsik geratu zelako igo dela igogailuaren diru partida.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide