Noiz sortu zitzaizun baratzean aritzeko zaletasuna?
Baserri txiki batean jaio nintzen. Lau senide ginen, eta batzuei baratzea eta baserri buelta gustatzen zitzaigun, eta besteei, ez. Gustatzen zitzaienetako bat nintzen ni, baina baserrian segitzeko aukerarik ez nuen izan, nire bizitza egin nahi bainuen; Zumaia aldera etorri nintzen.
Ez zen hor bukatu baratzearekin zenuen harremana.
Beti utzi digu norbaitek lursail bat baratzea jartzeko. Utzita zeuden terrenoak txukundu eta baratzeak jarri izan ditut lan egiteko. Gustukoa dut hori. Azken lursail honekin sei bat urte daramatzat, baina aurretik [Talaimendin] gorago beste bat izan nuen, Txonpek utzitakoa, txabola eder batekin. Oiloak ere eduki nituen han. Urte dezente ibili nintzen han, baina ni ere adinean aurrera noa, eta pisua gora eta pisua behera, patatak gora eta tomateak behera, nekea eta adina sentitzen hasi nintzen. Senarrari eta seme-alabei esan nien hura utzi egingo nuela.
Oraingoa etxe ondoan duzu, behintzat.
Lursaila utzita zegoen. Jabea Madrildik etorri zen; oso gizon jatorra. Bere partetik arazorik ez zegoela esan zigun; garbitzeko, mantentzeko eta disfrutatzeko. Egundoko taldea egin behar izan genuen hau garbitzeko: zuhaixkak zuhaitz bihurtuta zeuden, eta sustraitik atera behar izan genituen. Saskarate baserritik goldatzaile bat ekarri genuen lurra goldatzeko. Hala hasi ginen.
Lana ere emango du, ba...
Lana baino gehiago, atentzioa eskatzen du. Baina, disfrutatzen baduzu, ez da lana. Arratsaldeetan pare bat ordu pasatzen baditut, organizatuta daukat guztia. Inaxio senarrak ere laguntzen dit. Teknologiaren distrakziorik ez daukat; naturarekin kontaktuan egotea dut gustuko.
Denetarik duzu hemen. Barazkiak saltzen al dituzu?
Aurtengo urtea eskasa ari da izaten, eta plaga asko ere izan da. Saldu ez dut egiten, baina bada jendea barazkiak hartu eta diru pixka bat ematen duena, nahi ez badut ere. Haziak eta erosteko erabiltzen dut diru hori, horretarako bakarrik. Bestela, soberan dudana ingurukoei ematen diet: kalabaza bati, babak besteari. Urte guztian izaten dut barazkia, ez naiz dendara joaten: baratxuria, tipula, denetik dut hemen.
Dendara joan eta han izaten dituzten kolore biziko barazkiek ez dizute tentaziorik sortzen, beraz.
Begiratzeko beharrik ere ez dut, dena dut eta. Bolada dagoenean, adibidez, bainak ur irakinetan egin, eta hozkailuan sartzen ditut. Porruak, berriz, moztu, garbitu eta hozkailura. Tomatea, berdin. Barazkiak soberan ditut urte guztirako. Urte guztian landatzen ditut, eta urte osoan jasotzen ditut. Lurrari atseden handirik ez diot ematen!
Baratzea zaindu beharra urte osoko kontua izango da, konstantea. Oporrik hartzen al duzu?
Joan izan gara oporretara, astebetez edo hamar egunez, Imsersorekin. Hamar eguneko kontua izanda, ondokoek ere zaintzen dute, guk beraiek joaten direnean guardia egiten dugun bezala.
Talaimendiko lurra ona al da baratze baterako?
Buztintsua da. Goian baratzea eduki genuenean, oraindik gehiago. Buztinak bere alde onak ere baditu, hezetasuna-eta ondo gordetzen du lur harro eta beltz horiekin alderatuta. Gerra patxizarrekin izaten dugu. Plastikozko hontza jarri genuen haiek beldurtzeko, soinu-frekuentzia egiten duen tresna ere badugu, baina alperrik, denera ohitzen dira. Sarearekin inguratu ditut barazki batzuk, eta txabolako kanpaia ere jotzen dut haiek beldurtzeko; bestela, dena jaten dute.
Denbora-pasa baino gehiago duzu hau.
Kaletik ihes egiten dut nik. Goizetan Hogarrera joaten naiz Itsasargia programan parte hartzera. Bi ordu egiten ditut han egunero. Gero, erosketetarako beste denbora apur bat, familiarekin egon, eta arratsaldeetan hona etortzen naiz beste pare bat orduz. Etxe ondoan egonda, gainera, iluntzean presarik ez dut izaten etxera bueltatzeko. Halako giro ederra egoten da hemen iluntzeetan.