Gabriel Aresti idazle eta poetak eraman ditu Kandido Uranga eta Inazio Tolosa zumaiarrak Gabriel Arestirekin izeneko ikuskizuna sortzera. Emaitza bihar ikusi ahal izango da Alondegiko Oxford aretoan, 19:00etan. Sarrera doan da, baina gonbidapenak turismo bulegoan eskuratu beharko dira.
Arestiren Harri eta herri liburuan jasotako Q poemak Urangari sortu zion txundidurak eraman zuen aktorea haren inguruko ikuskizun bat sortzera. "30 urte ez nituela irakurri nuen liburua lehendabizikoz. Gerora, handik 30 urtera, berriro irakurri nuen, eta Q poemarekin kateatuta geratu nintzen. Ustekabean bada ere, har hori barrenean geratu zitzaidan, eta nire buruari esan nion egunen batean poema harekin zerbait egingo nuela. Erretiroa hartzeko adinera heldu naiz, eta orain heldu da garaia", nabarmendu du Urangak.
Bere kabuz, modu pertsonalean, sortutako laugarren ikuskizuna du bihar estreinatuko duten Gabriel Arestirekin; orain arteko obra denak literaturari erabat lotutakoak izan dira. Poema ikuskizun bihurtzeko prozesuan bidelagun izan du Urangak Tolosa. "Duela 40 bat urtetik ezagutzen dugu elkar aktore mundu honetan. Hainbat lan egin ditugu elkarrekin, baina beti besteentzako egindakoak izan dira. Kasu honetan, esperimentazio lan batean murgiltzeko erronka bota nion; heldu zion erronka horri, eta pozarren landu dugu. Erabat gustura aritu gara elkarrekin, esperimentatze lan hutsean", dio Urangak.
Tolosa ere gustura aritu da prozesuan: "Kandidok gauza batzuk oso garbi zeuzkan: nolakoa izan behar zuen obrak, zer sentipen sorrarazi behar zituen, nondik zetorren... Saiatu gara puntu horretara heltzen. Jolas oso interesgarria izan da, niretzako oso dibertigarria. Gainera, Gabriel Aresti asko miresten dut. Asko konektatu dut testuarekin", iritzi dio hark.
Laugarren hanka
Poema bazuten esku artean, elkar ondo ezagutzen diren bi aktore ere elkartu ziren, baina mahaia egonkortuko zuen laugarren hanka behar zutela konturatu ziren. "Gabriel Arestiren inguruan beste alderdi bat osatzea falta zitzaigula ikusi nuen, alderdi humanoagoa; egunerokotasunaren inguruko alderdi bat. Bila nenbilela, derrepente gogoratu nintzen Pedro Alberdi idazleak Zumaian Julene Azpeitia lehiaketa irabazi zuela Gabriel Aresti Eibarren ipuinarekin. Hari heldu nion, eta aurkitu nituen falta nituen klabeak", azaldu du Urangak.
Ubillos jauregian egin zuten sormen prozesua udaberrian, eta udazkenean eman dizkiote azken ñabardurak ikuskizunari. Behin Zumaian estreinatuta, datorren astean Bilbon erakutsiko dute, Arestiren jaioterrian, eta aste batzuk geroago, Eibarren (Gipuzkoa), Alberdiren ipuina kokatzen den herrian. Aukeraketa hori kasualitatea ez dela izan diote.