Severen Urteaga panderojolea zendu da

Onintza Lete Arrieta 2024ko aza. 11a, 17:16

Zumarragako Trikitixa, 1957. urtean: Severen, Joxe eta Iñixio Urteaga anaiak, Joxemiel Ormazabal eta Migel Urteaga.

Zumarragako Trikitixa elkarteko kidea zen Zumaiako bizilaguna, eta haren heriotzaren berri emanez, oharra kaleratu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Larunbatean hil zen, 91 urte zituela.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak oharra kaleratu du, Severen Urteaga Oria panderojolea hil dela jakinaraziz, eta hari buruzko datu batzuk gogoratu ditu: "Zumarragako Trikitixa bezala ezagutzen dugun trikitilari taldeko panderojoleetako bat izan zen bera: Joxe Miguel Ormazabal Mutiloak eta Joxe Urteaga Oria anaiak soinu txikia jotzen zuten, eta Inixio, Severen eta Miguel anaiek panderoa".

Urteaga larunbatean zendu zen, 91 urte zituela, eta gaur izango da haren aldeko hileta elizkizuna, 19:00etan parrokian.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak azaldu du, halaber, Zumarragako trikitixak garrantzia handia izan duela, eta hori jasota dagoela elkarte horren beraren Soinuaren Liburutegia bildumako 6. liburuan, Antxiñe Mendizabalek idatzitako Zumarragako trikitixa, trikiti doinu kaletarra liburuan. Hango pasarte bat aukeratu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak: "Zumarragako Trikitixak trikitiaren historian leku seinalatua du, nahiz eta, ziur aski, inoiz ez den trikitixarik ortodoxoena izan; aitzitik, Zumarragakoak aitzindariak, berritzaileak eta heterodoxoak izan dira eta hortik datorkie sona eta ospea. Trikiti doinua baserri girotik kalera jaitsi zuten lehenengoetakoak izan ziren, baita diskoa argitaratu zuten aurrenekoak ere, eta euskaraz ez ezik, trikitixa gazteleraz ere abestu zuten estreinakoak. Horregatik guztiagatik majo goraipatu dituzte batzuek, baita gogor kritikatu ere beste batzuek, baina gutxik izan dute Zumarragakoek beste jarraitzaile".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide