Ostiralean egingo dute osasun publikoaren aldeko hurrengo elkarretaratzea

Iraia Oteiza 2024ko aza. 13a, 12:30

Osasun publikoaren aldeko urriko elkarretaratzeko irudia. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako Osasun Publikoaren Aldeko plataformak deituta, ostiralean egingo dute elkarretaratzea anbulatorio aurrean, 12:00etan, "zumaiarrentzat osasun arreta duina eskatzeko". Zumaiako eta inguruko herrietako herritarrak mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte.

Zumaiako Osasungintza Publikoaren Aldeko (Zuopa) plataformak mobilizazioekin jarraituko duela iragarri du, "zumaiarrentzat osasun arreta duina eskatzeko". Ostiralean, azaroak 15, egingo du hurrengo elkarretaratzea, 12:00etan, Zumaiako anbulatorio aurrean.

Pataformako kideen arabera, Zumaian lau mediku eta bi pediatra daude egun. Diotenez, osasun arreta bermatzen zuten bost medikuetatik bat erretiratu egin da hil honetan, eta hutsune hori beste medikuren batek beteko ote duen ez dakite oraindik. "Medikuen kopurua urrian handitu bazen ere, berriro jaitsi da, eta gure osasun zentroan arreta egokia eta egonkorra bermatuko duen konponbide iraunkor batetik urrun gaude oraindik", salatu dute. Izan ere, COVID-19 pandemiaren aurretik sei mediku zeuden Zumaian, eta azken erretiroarekin, bi plaza daude betetzeko.

Pediatrei dagokienez, egoera "egonkorra" dela adierazi dute, eta arreta horrek "bere horretan jarrai dezala" eskatu dute. Halaber, oraindik gabeziak dituzten beste arlo batzuetarako "baliabideak indartzeko beharra" ere azpimarratu dute.

Bestetik, Zarauzko Etengabeko Arreta Guneko (EAG) egoera hobetu bada ere, oraindik noizean behin arreta emateko pertsonal nahikorik gabe geratzen dela diote plataformako kideek, "zumaiarren osasuna eta bizitza arriskuan jarriz".

Arrazoi horiek medio, Zuopak hilero elkarretaratze bat egingo duela iragarri du. Ekitaldi bakoitzaren datak eta ordutegiak plataformaren sare sozialetan zein prentsaren bitartez jakinaraziko dituzte. Zumaiako eta inguruko herrietako herritarrak mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide