Zumaiaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko 19,7 milioi euroko aurrekontua aurkeztuko du Udal Gobernuak

Maria Maya Manterola 2024ko aza. 20a, 14:30

Argi Yeregi Hirigintza zinegotzia, Unai Larrañaga Ogasun zinegotzia eta Iñaki Ostolaza alkatea, Komentuaren parean. (Maria Maya Manterola)

Azaroko ohiko udalbatzarrera eramango dute proposamena. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko aurrekontu "sendoa" da, Udal Gobernuaren ustez. 

Azaroaren amaierako ohiko udalbatzarreko gai nagusietako bat izango da 2025eko aurrekontuena, baina Udal Gobernuak jada eman du bere proposamenaren berri. Atzo arratsaldean aurkeztu zieten prentsari Iñaki Ostolaza alkateak, Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak eta Unai Larrañaga Ogasun zinegotziak datorren urterako prestatutako aurrekontu "sendoa".

Zenbait arlo indartu nahi izan dituzte, batik bat, Gizarte Zerbitzuak, berdintasuna eta irisgarritasuna. Dena den, Ostolazaren arabera, inbertsioen atalean lehendik martxan dauden proiektuei jarraipena ematea lehenetsi dute. Horien arten da Komentua: eraikinaren obra nagusia egin dute, baina datorren urtean ekipamendua ezarri eta lorategia egokituko dute. Alkateak nabarmendu nahi izan zuen azpiegitura gehiagotan egingo dituztela lanak, baina "obra hutsak" izatetik harago, herritarren bizi kalitatean eragiteko lanak izango direla.

Yeregiren ustez ere komunitatean berebiziko garrantzia dute espazio eta eraikin publikoek, eta herritarren elkarguneak izateaz gain, komunitatea kohesionatzeko ezinbesteko elementuak dira. Hirigintzaren arloko inbertsio nagusiak aipatu zituen jarraian: 400.000na euro, Komentuko ekipamenduei eta lorategiari; 850.000 euro, Moilaberriko Turismo Bulegoari –bertan Gaztelekua ezarri eta espazioa handitzeko aukerak ere aztertuko dituzte; 200.000, Santiagoko arrapala azpia egokitzeari; eta  675.000, Itzurunbideko igogailuari. Beste zenbait lan apiriletik aurrera egitea aurreikusi dute, besteak beste, Erkibeko lorategikoa eta skate park berria. Gerakinetatik gehituko lukete gero proiektu horietarako diru kopurua.

Irisgarritasunaren arloan, beste zenbait inbertsio ere izango dira, Itzurunbideko igogailuaz gain: Estazioko berrurbanizatzea eta bide publikoetako hobetze obrak.  

Ikusten ez direnak

Kalean ikusi ezin diren zenbait arlo ere indartuko dituzte, Ostolazaren esanetan. Horien artean dira Gizarte Zerbitzuak eta berdintasuna. 

Etxez etxeko laguntza zerbitzuan egin dute inbertsiorik eta handiena: 600.000 euro erabiliko dituzte horretarako, iaz baino 100.000 gehiago. Zerbitzuaren kalitatea eta  bertan lan egiten duten langileen baldintzak hobetzeko igo dute kopurua. 

Esku-hartze psikosozialeko pleguetan, berriz, 241.000 euro inbertituko dituzte. Orain arte eskaintzen ziren lauzpabost zerbitzuak elkartu egingo dituzte "sinergiak sortu eta zerbitzua optimizatzeko".

Emakumeon Etxekoa da beste inbertsio nagusi bat. Ostolazarentzat "arrakastatsua" ari da izaten proiektua, eta horregatik, bikoiztu egingo dute inbertsioa –90.000 eurokoa izango da aurten–, emakumeen ahalduntzea eta partaidetza sustatzen jarraitzeko. 

Eta, azkenik, zaintzaren arloa aipatu zuten. Gai horren inguruan hausnartzen jarraitu eta azpiegiturak egokitzeko lanketa egingo dute datorren urtean. Izan ere, azken bi urteotan zaintzaren inguruko hausnarketa sakon bat egiten ari da udala herriko eragile askorekin, Prebentzio Mahaiaren barruan.

Aurrezkia, 875.000 euro

Larrañagak azaldu zituen, bukatzeko, aurrekontuaren gako ekonomiko nagusiak. Haren hitzetan, aurrezki garbia 727.900 eurotik 875.000 eurora igotzea lortu dute, baina horretarako hainbat erabaki hartu behar izan dituzte.

Gastuen igoerak eta kontratu handiek asko eragin dute aurrekontuetan, Larrañagaren arabera. Horien artean dira kirol azpiegituretako zerbitzua eta sorosle zerbitzua, esaterako. Kontratu horien kostua 400.000 eurotan igo behar izan da, langileen lan baldintzak eta segurtasuna bermatzeko.

Arau fiskalen eraginez, bestalde, gastuek eta diru-sarrerek orekatuak behar dute, Ogasun zinegotziaren esanetan. Horrek derrigortu ditu baliabideen erabilera eraginkorra egitera. 

Inflazioa izan da beste gakoetako bat. Izan ere, «pilatzen» doan adierazle bat da, eta pandemia ostetik % 40eko igoera izan dute obrek. Gastuei dagokienean, dena den, % 1ean gutxitzea lortu dutela azaldu zuen –iaz baino 100.000 euro gutxiago–. 

Beste faktoreetako bat izan da Gipuzkoako Foru Aldundia. Izan ere, udalerriei esleitzen dieten FOFIN diru partidan 300.000 euroko murrizketa izan da, eta gainera, sorosleen zerbitzua aldundiak bere gain hartzeko eskaerak onartu ez direnez, udalak hartu behar izan du bere gain. 

Kudeaketa publiko eta eraginkorra bermatuz, Zumaiak etorkizuneko erronkei aurre egiteko aurrekontu "sendoak" dira aurkeztutakoak, Udal Gobernuaren ustez. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide