Azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta mobilizazio ugari egingo dira eskualdeko herrietan. Zumaian, manifestazioa egingo dute 19:00etan, Zumaiako Mugimendu Feministak deituta. Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuko da taldea, eta herria zeharkatu eta gero, plazan bertan amaituko du martxa.
Indarkeria matxistaren tragedia gero eta gehiago bistaratzen bada ere, horrek ez du arazoa desagerrarazten, eta horren adibide da aurten ere indarkeria kasuak izan direla Zumaian. Udalak eman dituen datuen arabera, 2024. urte honetan indarkeria matxistaren beste hamasei kasu artatu dituzte Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetan. Horiei iaztik datozen beste bi kasu gehitu behar zaizkie. Emakumeon Etxean, berriz, indarkeria mota hau pairatu duten bederatzi emakume lagundu dituzte, eta aurreko urteetatik satozen beste zazpi emakumeri jarraipena egin zaie. Guztira, 25 kasu berri dira, eta beste bederatzirik jarraipena eman zaie.
Datuei dagokionez, 17 eta 82 urte bitarteko emakumeak izan dira indarkeria kasuak jasan dituztenak. Bederatzi kasutan, gainera, adin txikiko seme-alabak izan dira tartean, eta udala dioen moduan, "horiek ere indarkeriaren biktima zuzenak dira".
Gehienetan, gainera, gertuko gizonengandik jaso dituzte erasoak emakume hauek. "Aurtengo datuen arabera erasoa jasan duten emakumeen eta erasoa egin duen gizonaren arteko harremana oso gertuko da, kasuen % 87an ezkontidea, bikotea, ezkontide ohia edo bikote ohia izan baita erasotzailea eta % 0,9an aita edo anaia, eta gainontzekoetan ezagunen bat".
Indarkeria motari dagokionez, sei emakumek indarkeria fisikoa jasan dutela diote udalak dituen datuak. "Indarkeria sexuala jasan duten 2 daude, baina guztiek jasan dute indarkeria psikologikoa, eta hain justu indarkeria mota hau da ezkutuan geratzen dena eta instituzioetara iristen gehiena kostatzen dena. Adibidez, aurtengo kasu guztietatik 3 kasutan bakarrik jarri da salaketa formala, eta horrek erakusten digu egun eremu judizial eta polizialean hutsuneak daudela eta oraindik asko dagoela egiteko".
Salaketa jarri edo ez, udalak nabarmendu du Gizarte Zerbitzuetako arreta jasotzeko edota Emakumeon Etxeko laguntza juridiko eta psikologikoaz baliatzeko ez dela beharrezkoa salaketa formala jartzea.