Txikiek txikientzako eta gaztetxoek gaztetxoentzako sortutako edukiez elikatutako entziklopedia digitala da Txikipedia, 13 urte arteko ikasleentzat pentsatutako Wikipediaren haurrentzako entziklopedia. Euskarazko Wikipediaren aterpean sortutako egitasmoa, 2018. urtean eman zituen lehen pausoak, eta lehen momentutik izan zuen Zumaiako Herri Eskolaren inplikazioa. Duela urte batzuetatik hona Zumaiako Institutuko hezkuntza plangintzan tartea du egitasmo honek, eta aurten ere, DBH 2ko ikasleek haren inguruko tailerretan hartuko dute parte.
Txikipediaren antzerako makina bat proiektu daude mundu zabalean, baina Euskal Herrian egiten dutena da bakarra Interneteko entziklopedia askearen barruan kokatua. "2006an Vikipedia haurrentzako entziklopedia sortu zuten Frantzian, frantsesez, eta ondoren beste hizkuntza batzuetan ere egin zituzten, euskaraz barne. Baina, 2018an erabaki zuten Txikipedia izango zena Wikipediaren barruan integratuko zutela. Beste herri batzuetan ere ari dira txikientzako edukia sortzen, baina Wikipediatik independenteak dira; webgune propioak dituzte. Gurean, euskarazko Wikipedian, jende gutxi gabiltza edukia sortzen, eta egoki ikusi genuen haurren entziklopedia haren barruan txertatzea", kontatu du Mikel Fernandez Arroiabe Zumaiako Institutuko biologia irakasleak. Aretxabaletarra eta wikilaria, bera da Txikipedia programaren arduraduna Zumaiako Institutuan.
Sortu eta bi urtera, 2020. urtean, hasi ziren Txikipediaren inguruko tailerrak ematen Zumaiako Institutuan. "Batxilergoko ikasleekin hasi ginen, baina aukera sortu zen DBH 2ko ikasleekin ere urte osoko lanketa egiteko tailerren bidez. Adin horretako ikasleek hainbat motatako tailerrak egiten dituzte ikasturtean zehar, eta horien artean dago Txikipediakoa".
"Wikipediak unibertsitateko ikasle batzuk inguratu izan ditu edukiak sortzeko. Pentsatu genuen guk gauza bera egin genezakeela Txikipediarako gure ikasleekin", dio irakasleak. Hala, azken urte hauetan edukien kopuru handiena bigarren hezkuntzako ikasleek egiten dutela dio. Hala ere, proiektu jakin batzuetarako batxilergokoekin ere kontatu izan dutela ere azpimarratu du wikilariak.
Lanketa honen helburua Wikipedian aurki daitekeen edukia haur eta gaztetxoentzako "sinplifikatzea" dela informatu du irakasleak. "Wikipediatik aparte dagoen edukirik ez dugu sortzen Txikipedian; honen helburua ez da Wikipediakoak baino artikulu hobeak egitea, eduki hori sinplifikatzea baizik. Horregatik, Txikipediak ez du beste hedabide edo iturri batzuetako erreferentziarik, bere erreferentzia bakarra Wikipedia bera delako". Erabiltzaileen sarbidea errazte aldera, euskarazko Wikipediako eduki batzuek Txikipediaren fitxa edo etiketa daramate. "Hala, erabiltzaileak nahikoa du fitxa horri ematea Txikipediako edukia irakurri ahal izateko".
Txikipedia euskarazko Wikipediaren atala izanik, norbaitek pentsa dezake haren gaineko kontrola ezarriko dutela. Fernandez Arroiaberen esanetan, ez da hori gertatzen: "Wikipediarekin harreman zuzena dugu; ez dagoena da kontrol bat".
Mundu digitala modu positiboan
Zumaian programa hau martxan jarri ahal izateko ikastetxeko zuzendaritzaren "bultzada guztia" izan dutela ere nabarmendu du Fernandez Arroiabek, "eskola batean ikasgai bat sortzea ez da eta hain samurra izaten". "Hasieratik sostengua izan genuen, eta ikusi zuten programa honek etorkizuna izan zezakeela, denboran luzatu zitekeela eta onurak ekar zitzakeela mundu digitala modu positiboan lantzen duelako", azpimarratu du. Bere esanetan, Txikipediak gauza on asko ditu, "Wikipediak dituen bezala. Filosofia kolaboratiboa lantzen da. Hala, beraien artean egiten dituzte artikuluak, beraien artean zuzentzen dituzte, eta elkarren artean sartzen dute eskua edukietan". Irakasleak azaldu duenez, ikasleen arteko kolaborazioa bultzatzearekin batera, programa honen bidez beste arlo batzuk ere lantzen dituzte: "Zientzia bultzatzen da, eta klasean lantzen dituzten gaiak artikuluetan finkatzen dituzte. Eurek idatzitako edukiak mundu zabalean ikus daitezke. Eduki horren bila dabiltzan ikasleek Zumaiako gazteek idatzitako artikuluak irakurriko dituzte. Hori beraientzako motibagarria da oso".
Edukiak sortzerako orduan, irakasleak emandako pauta batzuk jarraitzen dituzte ikasleek. "Edukia ondo egon arte ez da publikatzen. Gero, zuzenketez arduratzen den talde bat ere badago". Lanak ebaluatzerako orduan, artikuluak "txukuntasunarekin eginda dauden edo kontu teknikoak nola sartuta dauden" hartzen dute kontuan. "Txikipediakoa ikasturtean zehar eskaintzen den sei tailerretako bat da, eta emango diren noten seiren bat suposatzen du".
Gaur-gaurkoz, 7.000 artikulu ditu Txikipediak, eta horietatik mila Zumaiako Institutuko ikasleek idatzi dituzte. "Kopuru handia da, eta horren arrazoia da Txikipedia sortu zutenetik gabiltzala horrekin lanean". "Berez, edozer gai landu daiteke. Pentsa, euskarazko Wikipediak 450.000 artikulu ditu. Baina, neu biologoa naizenez, gehienbat naturaren inguruko gaiak landu ditugu: animaliak, landareak, aintzirak, ibaiak... Geoparkearen inguruko eduki pixka bat ere landu dugu", azaldu du irakasleak.
Zumaiatik mundura
Iazko ikasturtean, Txikipediarako sortutako mila edukiko langa igarotzeko aukera zegoela ikusita, proiektu "handiago" bat jarri zuten martxan Donostiako Aquariumekin elkarlanean. Kantauri itsasoan, bereziki euskal kostaldean aurki daitezkeen arrainak ezagutzea helburu zuen proiektua abiatu zuten: "Proiektua ikasle nagusiekin, batxilergokoekin, egitea erabaki genuen, tailerrekin hasi ziren ikasleekin, hain zuzen ere. 2020an abiatu genituen Txikipediako tailerrak, eta lanketa gazte haiekin egitea egoki ikusi genuen". Proiektua "handitzen eta handitzen" joan zela du gogoan Fernandez Arroiabek. Azkenean, diziplinarteko proiektu hartan hiru ikasgaik hartu zuten parte: marrazketa artistikoak, biologiak eta geologiak, eta latinak. Aquariumek arrainen ilustrazioak pasa zizkion Institutuari, eta haien bidez marrazki artistikoak egin zituzten marrazketako ikasleek; latinekoek arrain espezien izenak itzuli eta azalpen txiki batzuk idatzi zituzten; eta biologia/geologiakoek, artikuluak idatzi zituzten marrazkiekin eta izenen azalpenekin. "Ikusita marrazki oso politak egin zituztela, lan horien erakusketa egitea pentsatu genuen". Txikipedian nabigatuz izena jarri zioten bildumari, eta martxoaren amaieran muntatu zuten erakusketa Alondegiko Oxford erakusketa aretoan. Aquariumek, berriz, poster bat atera zuen Zumaiako gazteek egindako marrazkiekin, eta Donostiako portuan dagoen museo ozeanografikoa bisitatzeko aukera ere eskaini zien ikasleei. "Asko emozionatu ziren; izan ere, Aquariumek sortzen dizkie txikitako oroitzapenak; esan zitzaienean hara joango ginela eta gainera haiek poster bat aterako zutela, egindako marrazkiak eta idatziak erakutsiko zituztela, hori oso polita izan zen beraientzako", esan zuen Fernandez Arroiabe berak martxoaren amaieran, erakusketako zabaltze ekitaldian.
Ez zen hor amaitu, ordea, proiektuaren bidea. Izan ere, Txikipediako sortzaile batek hala animatuta, Euskal Herriko Unibertsitateak Gasteizen duen Letren Fakultatean ere egon zen erakusketa pare bat astez. Abuztuan, berriz, Poloniako Katowice hirian egin zuten Wikimania wikilarien topaketan ere haren berri izan zuten. "Harrera oso ona izan zuen, eta proiektu osoa borobiltzeko modu bat izan zen. Oso pozgarria izan zen".
Ikasturte berrira begira beste proiekturen bat martxan jartzeko asmoa badutela onartu du irakasleak [elkarrizketa honetarako jarritako hitzorduan oraindik erabaki gabe zuten gaia]. Bitartean, haur entziklopedia elikatzen jarraituko dute Zumaiatik. "Gaiak infinituak dira. Aurten Olinpiar Jokoak egin dituztela eta, badugu asmoa Joko horien inguruko biografia batzuk egiteko. Saiatzen gara aktualitatea duten gaiak lantzen".
Txikipedia proiektua zabalduz
Fernandez Arroiaberen ustetan, Txikipediaren proiektuak aurrera egingo du pertsonak inplikatzen badira. "Wikilaria ere banaizenez, inplikazio maila handia daukat. Hitzaldiak eta formazio klaseak eman ditut beste eskoletan, eta batzuetan egin dute ondoren zerbait, eta besteetan, ez".
Aurrera begira, haur entziklopedia honi zabalkundea emateko gogoz dagoela ere gaineratu du Institutuko irakasleak. "Oikiatik eskatu digute formazio bat emateko; Eibartik ere bai. Helburua da hau ahalik eta gehien zabaltzea, eta ez izatea Zumaia mailako proiektua bakarrik. Nahiko nuke Txikipediak 7.000 eduki izan beharrean 50.000 edukiko balitu. Zumaia erreferentea da, baina, wikilari bezala, helburua da proiektua ahalik eta gehien zabaltzea, proiektu honetan sinesten dudalako".