Zumaiako Udalak Moilaberri eraikinaren birgaitzea gauzatzeko obrak kontratatzeko espedientea onartu eta lizitazio fasea zabaldu du. Eskaintzak aurkezteko epea abenduaren 11n amaituko da, 15:00etan; dokumentazioa eta baldintzak Zumaiako Udalaren kontratugilearen profilean kontsulta daitezke.
Moilaberriren birgaitze proiektuaren aurrekontua 1.060.010 eurokoa da (BEZ barne), eta Europako Batasunaren NextGeneration funtsek kofinantzatuko dute eraikinaren birgaitze jasangarri eta integrala. Zenbateko horren %47 Europako Batasunak finantzatuko du, eta aurrekontuaren gainerako %53, berriz, Zumaiako Udalak hartuko du bere gain.
Birgaitzearen helburua eraikinaren eraginkortasun energetikoa hobetzea eta ingurumen irizpide zorrotzak betetzea da, udalak azaldu duenez. Obra gauzatzeko epea urtebetekoa izango da, eta kontratazio prozesua prozedura ireki eta erraztu bidez egingo dute.
Turismo bulegoa baino gehiago
Moilaberri tren geltokia izandako eraikin historikoa da. Eraberritzearekin, Zumaiaren eta Geoparkearen ate bihurtu nahi dute espazioa: turismo bulego soil bat baino gehiago izatea nahi duela adierazi du udalak. Erakundeak azaldu duenez, ate horretatik Geoparkearen eremu geografiko osora eta askotariko intereslekuetara bideratu nahi dituzte bisitariak.
Birgaitzearen helburu nagusia eraikina herritarrei eta bisitariei irekitako gune publiko bilakatzea dela azaldu du erakundeak. "Geoparkeko sarbidea izatearekin batera, bisitariak eta turistak Geoparkearen eremu osoan ahalik eta modu orekatuenean mugitzea nahi du proiektuak, bisitariak Geoparkearen eremu osoak barnebiltzen dituen askotariko interes lekuetara bideratzea", esan du udalak.
Eraikinean hainbat gune atonduko dituzte. Harrera guneaz gain, erakusketa edo interpretazio guneak prestatuko dituzte eraikinaren barruan, baita lanerako bulegoak eta erabilera anitzetarako espazio bat ere. Izan ere, geologiari, paisaiari eta natura balio handiko baliabideei ez ezik, bestelako elementuei ere eman nahi diote indarra.
Horren adibide da, esaterako, Zumaiako Industria Ondarearen Informazio Zentroak (ZIIZ) bere lekua izango duela Moilaberri berrituan. Udalak azaldu duenez, horrela tokiko industria ondareari balioa eman nahi diote. Gainerakoan aurrerapenik eman ez duten arren, euskara eraikin berriko elementu garrantzitsua izango dela ere esan du udalak.