Sinéad Bux Romatet: "Txinako ikasleek aplikazio bat banintz bezala tratatzen ninduten"

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 30a, 09:00

Sinéad Bux. (Utzitakoa)

Sinéad Bux Romatetek (Zumaia, 1997) ingeles eskolak ematen ditu Hong Kongen (Txina). Handik erantzun ditu galderak. Azaroko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Zumaian jaioa zara, Dublinen eta Moskun bizi izan zara, eta gaur egun, Hong Kongen egiten duzu lan. 

Denbora neraman esaten urrutira joan nahi nuela bizitzera. Bidaiatzea asko gustatzen zait, eta kanpoan lan eginda erraz ezagutu daitezke leku berriak. Leku berean denbora asko egonez gero, aspertu egiten naiz, klaustrofobia pixka bat sartzen zait. Zure bizitzarekin guztiz pozik ez bazaude, aldaketaren bat egitea da errazena, eta hain zuzen, horregatik joan nintzen Errusiara 2019an. COVID-19ak gauzak asko zaildu zituen eta bizitza pausan jarri zidan, baina baneramatzan pare bat urte beste nonbaitera joan nahian.

Nola sortu zitzaizun Txinan lan egiteko aukera? Horren bila al zenbiltzan?

Udaleku batzuetan lan egin dut Polonian eta Maltan, eta azken urtean bidaia asko egin ditut Europan barrena. Hala ere, zertxobait urrutirago joan nahi nuen, eta han denbora gehiago pasatu, baina zerk edo zerk geldiarazten ninduen beti. Hortaz, azkenean, nire burua pixka bat behartu behar izan nuen, eta eskerrak egin nuela! Gaur egun, Internetekin, ez da zaila kanpoan lan egitea; eta ingelesez ondo badakizu, are eta errazago. Ingeles irakasle bila zebiltzan leku pila batetara bidali nuen curriculuma, munduko hainbat lekutara. Hong Kongera etorri nintzen azkenean, urruti dagoelako, hiri handia delako eta filmetan ikusita neukalako. Lanpostuak ere itxura ona zuen.

Hiri erraldoia da. Halako lekuek ez al dizute beldurrik ematen edo kezkarik eragiten?

Hiri erraldoiak asko gustatzen zaizkit. Horrenbeste jenderekin, anonimoa bihurtzen zara, eta horrek babestuta sentiarazten nau. Gainera, edozein momentutan aurki dezaket zerbait berria eta interesgarria, ez naiz aspertuko. Mongkoken bizi naiz, hiriaren leku populatuenean, eta asko gustatzen zait gauez balkoian esertzea, argiei begira eta kaleko soinuak entzuten.

Ingeles eskolak ematen dituzu Hong Kongen. Zer adinetako jendeari ematen dizkiozu eskolak?

Momentuz, 3-9 urte arteko umeekin egiten dut lan. Batzuk ingelesez oso gutxi dakite, baina besteek etxean ere ingelesez hitz egiten dute. Haiei idazten eta ondo komunikatzen irakasten diet, eta baita literatura ere. Asko gustatzen zait askotariko eskolak emateko aukera edukitzea. Txina kontinentalean, oro har, ingelesa irakasteko modua ez da oso ona. Eskola onak badaude, noski, baina nik lan egiten dudan Hong Kongeko konpainiak lan asko egiten du eskola estilo horiei aurka egiten. 

Munduaren beste puntan dago Hong Kong, beste kultura bat da, beste gizarte mota bat. 

Kultura aldetik, Hong Kong oso interesgarria da. Alde batetik, txinatar kultura dago. Gaur egun, Txina kontinentalak botere handiagoa du, eta kulturan ere igartzen da hori. Baina oraindik ere nabaria da kolonialismo ingelesaren eragina, eta oso internazionala da. Niri, behitzat, oso erraza egin zait egokitzea; kulturari dagokionez, oraingoz, ez dut talkarik antzeman. 

Dublingo gela batetik hasi zinen Txinako ikasleei ingelesa irakasten. Nolakoa izan zen esperientzia?

Pandemia garaian hasita, bi urtez jardun nintzen Internetez Txinako umeei ingeles eskolak ematen. Oraingoarekin konparatuta, oso bestelako esperientzia izan zen hura. Nahiz eta etxean nengoen, uniformea jantzita izaten nuen, eta beraien posterrak nituen. Ondo irakasteko modu bakarra zegoela sentiarazi zidaten. Uste dut ume batzuk ez zutela ulertzen pertsona bat nintzela; aplikazio bat izango banintz bezala tratatzen ninduten.

Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?

Momentuz, pozik nago Hong Kongen, baina badakit ez naizela betirako hemen geldituko; leku gehiago ezagutu nahi ditut. Ez dakit etorkizunean non egongo naizen, eta ez dut jakin nahi.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide