Arraina non, ubarroia han. Berdin zaio ur gazi edo gezatan bizi. Erraz ikusi eta ezagutu dezakegun hegaztia da, batez ere bere tamaina handi eta kolore beltzagatik. Gurean ere Ubarroi mottoduna badugu eta erraz nahas ditzakegu, nahiz eta azken hori tamaina txikiagokoa den, eta soilik itsas ertzean ikus dezakegun.
Argazkian bezala, ohikoa da bere hegoak lehortzen ikustea; ur azpian arrantzan ibili eta gero beharrezkoa izaten du lumak lehortzea bere lumajea ez baita guztiz iragazgaitza. Ilunabar aldera ohikoa da multzo handietan ikustea lotarako erabiltzen dituzten eremuetan, zuhaitzetan, batez ere. Urpean oso trebeak dira, bere aurrean jartzen den edozein arrain harrapatzeko gai dira edozein dela ere haien tamaina.
Arrantzale askok ez dute maite hegazti hau; berari botatzen diote errua arrantza ugaria izaten ez denean, baina ideia horrek ez dauka inolako zentzurik. Arrain gutxi egoteak kutsadurarekin du, batez ere, lotura nabarmenena, beste arrazoi gizatiar batzuren artean.
Beste izen batzuk: babarroso, bolborin, gabarroso, sakillo…
Ubarroi izena ur bele eta ur erroitik dator.
Ar eta emeak oso antzekoak dira. Kumaketa garaian buru eta lepo aldea kolore zuri ikusgarriz apaintzen dute. Kumeek, aldiz, heldugabe direnean, sabelaldea edukitzen dute zuriago. Azken hauek lau edo bost urte behar izaten dituzte sexu heldutasunera iristeko.
Hegazti migratzailea
Migratzailea da baina negua hemen igarotzen du. Europa erdialdetik etortzen dira gehienak, baina joan-etorri horretan gurean urte osoan ikus ditzazkegu. Multzoan hegan joaten direnean v itxura hartzen dute.
Luzera eta hego zabalera:
80-100 cm eta 130-160 cm.