Argi txikiak gure euskararen iraganean

Maria Maya Manterola 2024ko abe. 3a, 12:00

Liburuaren aurkezpeneko irudia, atzo, liburutegiko ganbaran. (Intza Trula)

Hamaika argi gure euskarari liburua argitaratu berri du Imanol Azkuek Baleike kultur elkartearen eskutik. 1766tik 1966ra arteko euskararen historia soziala aztertu zuen Azkuek 2018tik 2020ra artean, eta han jasotako eduki batzuk gero Baleike aldizkarian argitaratu zituen. Testu haiek liburu formatura eraman ditu orain. 

Berrehun urtean euskarak izandako gorabeherak aztertzen aritu zen Imanol Azkue urte eta erdiz Zumaiako Udalaren beka bati esker, eta 2020an aurkeztu zuen ikerlana. Bi urte eta erdian geldirik izan zuen lana, eta gero, 2024ko apirila bitarte, Baleike aldizkarian argitaratu zituen azterlan handi haren txatalak, kapituluka. Hamaika argi gure euskarari izenburupean, liburu baten argitaratu ditu orain Baleike kultur elkartearen eskutik.  

1766tik 1966ra bitarteko "euskararen historia soziala" izan zen, zehazki, Azkueren aztergaia. 200 urte horietako hizkuntzaren erabilera eta hiztunen jarrerak, usteak, jokaerak, sentipenak nahiz bizipenak ikertu ditu, eta egindako lan horretan bildutakoa ezagutarazteko ahalegina da liburua. Baleike-n argitaratutako kapituluez gain, bi berri erantsi dizkio, eta Dani Carballok ilustrazio bat egin du bakoitzarentzat. Kapituluaren izenburuarekin batera –Apaiz eta moja euskaldunak komeni, Santelmoetan, Soldadutzara edo Alkatearen aginduz dira horietako batzuk–, lanpara bana agertzen da. Itzalita dago lehenengoa, eta aurrera egin ahala pizten doaz argiak. Azkuek azaldu du "iluntasuna ikusten" zuela duela 200 urteko Zumaia hartan, eta "pixkanaka bidea argitzen" joan dela. Orain irakurleek argitu ahal izango dute iluntasun hori, kapituluz kapitulu.  

Azterlanari esker, Azkuek egiaztatu ahal izan zuen euskaraz hitz egiten zutela orduan zumaiarrek, eta hori egiaztatzen duten adibideak dira kapituluetan bildutakoak. Ez dira froga bakarrak, gehiago ere izango dira, baina badira nahikoa adierazgarriak. Dokumentuetan topatu du informazio hori: "Dokumentu guztiak gaztelaniaz idatzita zeuden, baina bazeuden detaile txikiak, eta horietan ageri zen euskara. Materiala gaztelaniazkoa zen, baina zumaiarren bizitza eta egunerokoa euskaraz zen, eta hori sumatzen da testuetan".  

Azkueren hitzetan, adibide nabarmenak ere badira. 1817. urtean alkateak apaiz euskaldun bat eskatu zuenekoa, adibidez: bazegoen beste apaiz bat mojaxarretan, baina ez zion balio, herritarrek ez ziotelako ezer ulertzen. Edo, 1779an, apaizak publikata –zerbaiten berri emateko, apaizek elizkizunetan egiten zituzten jakinarazpenak, esaterako, auzolanerako deiak, diru-bilketak...– baten berri euskaraz eman zuenean, amaieran, propio idatzita dauka hau: "Haber dado a entender (...) todo en la lengua Bascongada, para que nadie alegue ignorancia". Bestela ulertzen ez zutelako, alegia. Dokumentuetan "euskara ez dago, baina euskara hor dago", Azkueren arabera, eta "ondo begiratu" behar da.  

Denboran aurrera egin ahala, "askotarikoagoak" dira dokumentu motak. XIX. mendea aztertzeko udal aktetara eta artxibora jo du, eta XX. mendetik aurrera, komunikabideetako hemeroteketara, argazkietara eta abarretara jo du. Francoren garaiko artxiboek, esaterako, ez diote balio izan Azkueri, baina bai garai hartan bizi izandakoen testigantzek. Abelin Linazisororen Baleike-ko elkarrizketek, adibidez.   

Dena den, epaiketetako dokumentuetan jasotakoak dira interesgarrienak Azkuerentzat. "Artxiboetako dokumentu ofizialak (plenoetakoak eta abar) handixkiek egiten zituzten, eliteak, eta epaiketetan, herritar arruntek parte hartzen zuten: emakumeek, pobreek, haurrek... eta horietako gehien-gehienek euskaraz egiten zuten", azaldu du. 


Dani Carballoren ilustrazioak ditu liburuak. Argazkian, Imanol Azkueren ilustrazioa. (Arnaitz Rubio Aprea)

"Antzera baina diferente" 

Duela 200 urte euskara nagusi zen Zumaian, Azkuek egiaztatu ahal izan duenez, eta gutxi batzuk zekiten gaztelaniaz. Gaur egun, zumaiar guztiek dakite gaztelaniaz, eta batzuek euskaraz. "Antzera jarraitzen dugu, baina diferente", dio garaiak alderatuta, gauza asko ezin direlako konparatu. Euskaraz «normal» bizi zitezkeen garai bateko herritarrak, Azkueren arabera, baina uste du "ahalegin politiko bat" egin zuela Espainiak gaztelania indarrean sartzeko, batez ere hezkuntzaren bitartez, XIX. mendearen amaiera aldera, bereziki. "Derrigortu zuten momentutik ikasle guztiek gaztelaniaz ikastera, argi dago ahalegin hori egin zutela", irizten dio.  

Beste muturrean aurki genezake transmisioaren haria. Belaunaldiz belaunaldi, zailtasunak zailtasun, uste du hizkuntza transmititu duten herritarrak egon direla, batzuetan ahalegin hori inkontzientea izan den arren: "Inkontzientea izan da batzuentzat, euskaraz bakarrik dakienak aukera bakarra duelako; bi hizkuntza edo gehiago dakizkienak, berriz, aukeratu edo lehenetsi egin behar du". 

Bazkideek doan 

Liburua doan jaso dute Zumaia Gukako bazkideek etxean, eta gainerakoek Aizpurua liburu dendan, Mandala dendan edota Otañon eskuratu ahal izango dute, 15 euroan.  

Azkueren arabera, "zumaiar izatea euskararekin lotzen duten guztientzako" moduko liburua da, eta liburuaren amaieran sartu duen Juan Carlos Etxegoien Xamar-en aipuak dioen moduan, "geu izateko" balio du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide