Joan den asteko ostegunean egin zuten azaroko ohiko osoko bilkura, eta 2025eko udal aurrekontuak onartzeaz gain, euskararen aldeko "konpromisoa eta ardura" berresteko mozio bat onartu zuten ahobatez, aldeko 17 bozkarekin.
Aitor Manterola Euskara zinegotziaren hitzetan, euskararen biziberritze prozesuak "susperraldia" izan du azken hamarkadetan, baina badira urte batzuk euskararen egoera "bidegurutze baten erdian" dagoela. Hori horrela izanda, "jauzi bat egiteko momentua" iritsi dela azaldu zuen Manterolak. Bere hitzetan, "aldeko hizkuntza politikak egitea ezinbestekoa da euskarari eutsiko badiogu", besteak beste, bi hizkuntza hegemonikorekin talkan dagoelako euskara. Gainera, globalizazio egoerak, aldaketa demografikoak eta digitalizazioak "ez dute errazten hizkuntza gutxituak indarberritzea", bere esanetan. "Jauzi berriak emateko unea da, aurrerantz egiten ez badugu atzerantz egingo dugulako", gehitu zuen.
Egoera hori erakusteko hainbat datu ere eman zituen Manterolak: euskara gaztelania baino gehiago euskaldunen %13ak bakarrik erabiltzen du, %8a aritzen da euskaraz errazago gaztelaniaz baino eta Euskal Herriko hegoaldean haurren %17ak jaso du euskara nagusitasunez etxean. "Gainera, euskara nagusi den eremuetan bizi diren herritarrak %4 dira bakarrik" eman zuen aditzera. Gune euskaldun horiek "ahultzen" ari direla eta, "ELENek (Europako Hizkuntza Gutxituen Sarea) eta Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi bezala, guk ere euskara larrialdi linguistiko egoeran dagoela adierazi nahi dugu" eman zuen aditzera Manterolak.
"Guzti horri aurre egiteko, inoiz baino gehiago, euskararen aldeko neurriei tinko heldu behar diegu (...) Guk, erantzukizun hori geure egiten dugu, eta konpromisoa hartzen dugu zeharkako politika linguistiko aurrerakoiak indartzeko. Azken hamarkadetan egin badugu, aurrerantzean ere bai. Olatu berriak sortzeko unea orain da, eta olatu horren parte izango da Zumaiako Udala ere", esanez amaitu zuen hitzartzea.
EAJ, ados mozioarekin
EAJ-k EH Bilduk aurkeztutako mozioarekin bat egiteaz gain, euskarak duen egoera "positibotzat" jo zuten. Izan ere, haien hitzetan, 16 urtetik gorako herritarren %70 inguruk daki euskaraz. "Orain dela hamarkada batzutatik asko hobetu dira datuak, eta hori azpimarratzekoa da", gehitu zuen oposizioko kideek.
Dena dela, egiteko "asko" dagoela ere gehitu zuten: "Epaitegietan euskararen aurka hartzen ari diren erabakiak hor daude, eta Zumaian egin zen azterketan ere hobetu beharreko puntuak ere zehaztuta daude; beraz, gu ere olatu berri horren parte izateko prest gaude". PSE-EEko Duñike Agirrezabalak, berriz, ez zuen hitzartzerik egin.