Balenciaga ontziolako lan gatazka

Lan mahai bateratu bat eratzeko proposamena helarazi die Balenciagako enpresa batzordeak erakundeei

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 5a, 11:06

Balenciagako langileak atzo Gasteizen egindako mobilizazioetan. (LAB)

Erakundeen aldetik hitz onak jaso dituztela, baina ontziola zabalik mantentzeko ekintzarik egin ez dela salatu du Balenciagako enpresa batzordeak. Horregatik, lan mahai bat eratzeko proposamena helarazi die instituzioei, "Balenciaga enpresa irekita mantentzeko urrats zehatzak egiteko".

Balenciaga ontziolako langileek ekintza gehiago egin dituzte aste honetan Zumaiako enpresa zabalik mantentzea eskatzeko. Hala, atzo mobilizazio bana egin zuten Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaren aurrean lehena, eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean bigarrena. Ohar bidez azaldu dutenez, "nekatuta" daude erakundeekin egindako bilerak ez dutelako emaitzarik ematen. "Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Espainiako Gobernua, Balenciagako langileen interesen defentsan beharrean, beren interesen defentsan ari direla ikustearekin haserre gaude", salatu dute, eta gaur bertan erakundeei gutun bana emango dietela ere iragarri dute, "enpresaren jarraipenerako urrats zehatzak proposatuz".

Gutun horretan jasotzen dutenez, hilabeteak daramatzate lan kargarik gabe ontziolan. "Bi itsasontzi eraikitzeko kontratuak sinatu ziren, lanean hasteko finantziazioa baino ez da behar. Merkataritza arloko epaitegiak bideragarritasun plan bat onartu du. Uztailetik ere lantaldea aldi baterako LET baten pean dago, eta horri gehitu behar zaio jada bost hilabeteko soldata zor zaiola. Egungo egoera aurreikus zitekeen. Zer egin duzue oran arte?", galdetu diete erakundeei enpresa batzordekoek. Horien iritziz, erakundeek langileen "etorkizunarekin jolasean" jarraitzen dute. "Ez dugu ikusten inplikatutako administrazioen arteko lankidetzarako jarrerarik. Ikusten duguna interes partikularren joko bat da, non garrantzitsuena gertatzen ari denaren erantzukizuna beste norbaiti helaraztea den".

Gatazkari konponbidea aurkitu nahian, Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari lanerako mahai bateratu bat eratzeko proposamena helaraziko die enpresa batzordeak, "Balenciaga enpresa irekita mantentzeko urrats zehatzak egiteko".

Esperientziadun pertsonak mahaian

Batzordearen aburuz, Jaurlaritzaren Industria sailak, Espainiako Ekonomia ministerioa, aldundiko Ekonomia Sustatzeko sailak, Zumaiako Udalak, Balenciaga Ontziolaren zuzendaritzak eta enpresa batzordeak parte hartu beharko lukete mahai horretan, "esperientzia eta ezagutza teknikoak dituzten pertsonek" ordezkatuta. "Irtenbide zehatzak aztertu, proposatu eta martxan jartzeko gaitasuna duen talde bat nahi dugu. Gure ustez, inplikatutako erakunde bakoitzak erabakitzen dena onartu ahal izango du, bere autonomia eta interesak erabat errespetatuz", adierazi du enpresa batzordeak.

Balenciagako langileen arabera, lan mahai horrek bi ardatz nagusi izango lituzke: "Ontziola martxan jarri eta kontratatutako itsasontziak egiten hastea; eta edozein bazkide industriali solaskide bakarra eskaintzea". Balizko bazkide industrial hori "gaur egun dagoena bezalako egoera zailean sartzea ez litzatekeela posible" uste du batzordeak, "horretarako beharrezkoa litzatekeen solaskide koherenterik ez dagoelako". "Merkataritza-arloko epaitegiarekin elkarlana sustatzeko modu hobea ere izango dela uste dugu, eta baita diseinatuko den bideragarritasun plana eratzeko ere", gaineratu du enpresa batzordeak.

"Astilleros Balenciagako langileok argi daukagu egungo nahasmenarekin amaitu beharra daukagula, eta denok batera lan egin behar dugula enpresaren eta lanpostuen etorkizunaren alde", azpimarratu dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide