Gernikan asteotan jokatzen ari diren Winter Series txapelketak eman dio hasiera Jai Alai Ligaren denboraldi berriari. Datorren udazkeneta bitartean jokatuko dituzte liga osatuko dituzten txapelketa desberdinak, eta horren guztiaren berri eman zuten pasa den asteartean Donibane Lohizunen (Lapurdi) egin zuten agerraldian.
Ligako hirugarren edizioa 31 txapelketez osatuko da, hamabi egoitzatan banatuta. Zortzi Slam izango dira, hamazazpi Master eta bost Series edo sailkapen proba. Ondoren, puntu gehien lortzen dituzten pilotariek, denboraldi amaierako Final Four-a edo azken laukoa lehiatuko dute.
Azken denboraldiko egoitza guztiak mantenduko ditu. Ez hori bakarrik, bi egoitza berri ere sartuko dira-eta ligan: Mutriku (Gipuzkoa) eta Biscayne Bay (Florida, Estatu Batuak). Azken honetan, Biscayne Cup txapelketa jokatuko dute.
Zumaian hiru jardunaldi
Aurten egin bezala, Zumaiako Aitzuri pilotalekuak zesta puntako Masters txapelketa hartuko du. Apirilaren 14tik 28ra bitartean jokatuko dute txapelketa, eta berrikuntza gisa, eta aurtengo aldiak izandako arrakastaren seinale, bi jardunaldi izatetik hiru izatera pasatuko da.
Beste berrikuntza bat ere izango da, eta da, egungo puntuazio sistema mantenduta, pilotari bakoitzari gehienezko txapelketa kopuru bat ezarriko zaiola. Modu honetan, sailkapena proportzionalagoa izatea bultzatu nahi dute. Pilotari bakoitzak, gehienez ere sei Slam eta zortzi Masterretako puntuak batu ahal izango ditu, nahiz eta proba gehiago ere jokatu ahal izango dituzten. Salikapen Serien kasuan, jokatutako guztiak batu ahal izango dituzte.