Zumaienako Baso Magikora bisita egingo dute euskal mitologiako pertsonaiek datorren asteburuan

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 9a, 13:00

Zumaienako Baso magikoan egindako bisitako irudia. (Zumaiena Ikastetxea)

Larunbatean eta igandean egingo dituzte bisitak, arratsaldez, eta interesdunek aurrez erosi beharko dituzte sarrerak.

Azken urteotan egin bezala, Zumaiena ikastetxeak ekitaldi berezia prestatu du Gabon atarirako. Datorren asteburuan, abenduaren 14an eta 15ean, euskal mitologiako pertsonaiek bisita egingo dute ikastetxeko Baso magikora. Olentzero, Mari Domingi, Gomezago edota sorginak istorio berriekin bertaratuko dira. Dena ondo joan dadin laguntzaile lanetan arituko dira ikastetxeko guraso elkarteko kideak zein batxilergoko ikasleak. 

Aurreko urteetan egun bakarrean egiten zuten jarduera hau, baina izandako arrakastaz ohartuta, bi egunetara luzatzea erabaki dute antolatzaileek. Hala, larunbatean zein igandean 17:30etik 20:30era egingo dute ekitaldia. "30 minutu inguruko iraupena izango dute. Bisita hauek taldetan antolatuko dira, eta ordutegia aurrez erreserbatu beharko da", azaldu dute antolatzaileek.

Bertaratzen den jende kopuru handiagatik, eta aurten bi egunetan egingo dela ikusita, sarrera salmenta egun desberdinetan egingo dute. Bihar, Zumaienako familiek izango dute sarrerak erosteko aukera; etzitik aurrera, berriz, herritar orori zabalduko diote sarrerak eskuratzeko aukera. Salmenta ikastetxeko atarian egingo dute, 9:15etik 13:00etara eta 14:30etik 16:45era bitartean. Pertsonako zortzi sarrera erosi ahal izango dira gehienez, eta ikastetxeak azaldu duenez, ezingo da aurretiko erreserbarik egin, ez telefonoz ezta posta elektroniko bidez ere. Sarreren prezioa 2,5 euro izango da LH3 mailatik beherako haurrentzako, eta 5 euro adin horretatik gorako haurrentzako zein helduentzako. 

Ekitaldia ikastetxeak antolatzen badu ere, azpimarratu dute ekintza irekia dela eta Zumaiako zein inguruko herrietako bizilagunak daudela bertara gonbidatuta. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide