Amaitzen ez den lankidetza

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 10a, 09:09

Bederatzi egun eman dituzte Darahliko hiru kidek Saharako kanpalekuetan. Aurtengo proiektuei jarraipena egin diete eta 2025eko bidaia antolatu dute.

Darahli elkarteko ordezkaritza batek bidaia egin du erbestean bizi den saharar herriaren kanpalekuetara. Azaroaren 29an abiatu ziren Zumaiatik, eta herenegun goizaldean itzuli ziren herrira. Bederatzi eguneko bisitaldian elkarteak abian dituen zenbait proiekturi jarraipena egin diote, baita datorren urtean egingo duten bidaia antolatzeko lehen pausoak eman ere.  

"Bidaia honen helburua, bereziki, izan da aurtengo proiektuak gauzatzea, eta datorren apirilean egingo dugun bidaia antolatzea bertako agintariekin. 60 bat lagun joango gara, eta halako talde handi bat mugitzeak lana ekartzen du, garraioa dela, han egin beharreko jarduerak direla", azaldu du Samuel Ruizek, Darahli elkartearen koordinatzaileak.  

Saharar herriarekin eta herriarentzako lankidetza sustatzen duen elkarteak urtean bi proiektu garatzen dituela dio Ruizek. "Batetik, senidetze proiektua dugu, 2006tik gauzatzen ari garena. Kanpalekuetako 30 familiari diru kopuru bat eta gutun bana ematen dizkiegu, eta horiek banatzen aritu gara. Bestetik, azken urteetan ur deposituak ere eman dizkiegu hango familia batzuei". Azken proiektu horrekin aldaketak izan direla ere argitu du koordinatzaileak. "Iaz, balorazioa egiterakoan, azaldu ziguten gehiago kostatzen zela ur depositu horiek Tindufetik kanpalekuetara eramatea han bertan erostea baino; hau da, horretan dirua galtzen genuela. Gainera, beste behar batzuk badituztela ere esan ziguten. Orain kanpalekuetara argindarra heldu denez, agian familia batzuek ur deposituak baino gehiago beharko dituzte etxetresna elektrikoak. Horregatik, aurten erabaki dugu dirua 50 familiaren eskuetan uztea eta beraiek arduratzea behar dutena erosteaz", azaldu du Ruizek. 

Oporren balorazioa 

Aurtengo Oporrak Bakean programaren balorazioa ere egin zuten egindako bisitaldian. Programa horri esker, kanpalekuetako hamarnaka haurrek udako oporrak eskualdeko familietan edo Larrabetzuko (Bizkaia) udalekuan igarotzen dituzte. "Aurten, hemeretzi neska-mutil izan dira Larrabetzun, eta beste zortzi Urola Kostako harrera familietan. Familia horiek pakete bana eman digute hango familiei emateko. Haimaz haima ibili gara bisitak egiten, opariak ematen eta galdetzen ea haurrak gustura egon diren udan hona egindako bisitan".  

Jakitun dira gero eta zailago egiten zaiela haur horientzako harrera familiak aurkitzea udarako. Horren adibide da aurten ez dutela Zumaian haurrak hartzeko prest zegoen familia bakar bat ere aurkitu. "Buelta asko eman dizkiogu horri. Gai honek Zumaian indar handia du, lan handia egin da Sahararen alde, neska-mutil ugarik bidaiatuko dute kanpalekuetara... baina gero familiarik ez dugu aurkitu umeak udan hartzeko. Azpeitian ezer gutxi egin dugu, eta lau familia apuntatu ziren; Azkoitian beste bi. Desoreka dago", dio.

Jaitsiera Zumaian bakarrik ez, Euskal Herri osoan ari dela gertatzen iritzi dio Darahliko koordinatzaileak. "Asko kostatzen da familiak lortzea. Lehen Donostian baino familia gehiago izaten genituen Zumaian, baina egia da konpromiso handia dela, bi hilabetez eduki behar duzulako haur bat etxean. Gainera, ume txikiak izaten dira, ez dute hizkuntza menderatzen, eta beraien gainean egon behar duzu". 

Gipuzkoan aterpetxea

Hori hala izanda ere, Saharako haurrak Euskal Herrira ekartzeko proiektu berriak gauzatzen ari direla dio Ruizek, eta horren adibide da Gipuzkoan beste aterpetxe bat martxan jartzeko lanketa abian dutela. Hala ere, Larrabetzuko udalekuarekin lanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute.  

Udako oporraldietarako harrera familietan jaitsiera izan badute ere, ezin da gauza bera esan datorren urteko udaberrian kanpalekuetara egingo duten bidaian parte hartuko duten lagunen inguruan. Izan ere, Zumaiako 50 gazte joango dira desertura datorren apirilean, saharar herriak bizi duen egoera ezagutzera eta zenbait proiektutan lan egitera. Zentzu horretan, ezustekoa izan dutela adierazi du Ruizek. "Kanpalekuetara joatea asko kostatzen da, eta aurreko urteetan eskolek eta elkarteek dirua jarri izan dute familiei gutxiago kostatzeko. Oraingo honetan, baina, familiek ordainduko dute bidaia oso-osorik. Horregatik pentsatzen genuen hogei edo 30 bat gazte apuntatuko zirela, baina sorpresa polita izan da 50 apuntatzea. Bidaia aurretik egin duten gazteen aholkuak jaso dituzte, eta familiek oso ondo baloratu dute bidaia". Bidaia lehendabizikoz egingo dutenei beren arduradun arituko diren beste hamar gazte gehituko zaizkie. Guztira, 60 bat laguneko taldea joango da udaberrian desertura. Bertan, mende erdi inguru erbestean daramatzan eta bere herritik urrun bizi den herri batekin topo egingo dute.

Esperantza gutxi  

Urteak pasatu dira Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik, eta ordutik ez da pausorik eman azken horren askatasuna edo independentzia ziurtatzeko. Justu kontrakoa: Espainiako eta Frantziako gobernuen azken erabakiek Marokoren okupazioa bermatu dute. Horren aurrean, Ruizen harridurarako, Saharako herriak bere aberrira itzuliko denaren itxaropena gordetzen du. Gazteen artean, baina, helburua beste bat dela dio Ruizek. "Hiru belaunaldi daramatzate desertuan, eta hango gazteentzat Mendebaldeko Saharara itzultzea zerbait utopikoa da. Nahi duten gauza bakarra Espainiara joateko bisa erostea da. Horretarako, diru asko ordaindu behar izaten dute, zorpetu egiten dira. Behin Espainiara iristean, lan bat aurkitu, zorrak kitatu eta familiei dirua bidaltzea; hori da gazteek duten helburua". 

Argazkiak: Darahli Elkartea

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide