Baxurako arrantzaleek txitxarro gehiago eta berdel gutxiago arrantzatu ahal izango dute datorren urtean

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 11a, 18:00

Arrantzaleak lanean Getariako moilan.

Europako Batasuneko Arrantza ministroek bart itxi dute 2025erako kuoten inguruko ituna. Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak balorazio "gazi-gozoa" egin du,  akordioak mesede egiten diolako baxurako flotari, baina kalte, alturakoari.

Baxurako eta alturako arrantzaleek 2025. urtean izango dituzten kuotak erabakita gelditu dira bart Europako Batasuneko Arrantza ministroek Bruselan egin duten bileran. Akordioa ona da baxurako arrantzaleentzat –Getariako eta Orioko ontziak baxurakoak dira–. Berdel gutxiago hartu ahal izango dute, baina txitxarro gehiago. Legatzaren kuota, berriz, mantendu egingo dute, eta antxoarena ez dute erabaki oraindik.

Honakoak dira datorren urteko kuotak baxurako arrantzarentzat: txitxarroa 59.000 tona (iazkoaren laukoitza), oilarra 4.300 tona (%16,8 gehiago), zapoa 3.900 tona (%22,8 gehiago), legatza 10.900 tona (antzeko kopurua), eta berdela 21.700 tona (%21,9 gutxiago), espezie horren "zaurgarritasun egoera dela-eta".

Antxoari dagokionez, gaur egungo kuota 33.000 tonakoa da, eta horri eustea espero dute, nahiz eta hori jakingo den zientzialariek espeziearen egoeraren txostena amaitutakoan.

Bestalde, alturako arrantzaleei jaitsi egin dizkiete kuotak. Besteak beste, Ondarroako (Bizkaia) ontziei eragingo die horrek. Gehien Iparraldeko legatzaren kuota murriztu diete, %20 –Europako Batasunak %30 murriztea proposatzen zuen hasieran–.

Berdelaren biomasagatik kezka

Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari oriotarrak balorazio "gazi-gozoa" egin dio Euskadi Irratiari gaur goizean, akordioak mesede egiten diolako baxurako flotari, baina kalte alturakoari.

Gainera, berdelaren biomasaren egoeragatik kezkatuta agertu da Azkue. Azken hiru urteetan berdelaren kuota jaitsi egin dela azaldu du, eta aurten euskal arrantzaleak ez direla gai izan kuota betetzeko. Joerak kezkatzen du Arrantza zuzendaria, duela urte batzuk baino berdel gutxiago iristen delako euskal kostaldera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide