Torreagan babes ofizialeko etxebizitzak egiteko lursaila lizitatuko du udalak datozen asteotan

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 11a, 16:00

Torreagako promozioko lanak, pasa den asteartean. (Juan Luis Romatet)

Babestutako etxebizitzak hartuko dituen multzo horretako etxabetan tutoretzapeko sei apartamentu jarri nahi ditu udalak, eta solairu bakoitzean alokairuko etxebizitza bana. Torreagan egingo duten beste bloke bateko etxabea ere udalaren eskutara pasatuko da, eta herrian sor daitezkeen beharretara bideratuko dutela iragarri dute udal ordezkariek.

Bost etxebizitza bloke egingo dituzte Torreaga fundizio zaharra kokatzen zen gunean. Prezio libreko hiru bloke, eta babes ofizialeko eta tasatutako bloke bana egingo dituzte guztira. Salneurri libreko etxebizitza multzo baten eraikitze lanak abian dira dagoeneko, eta hura amaituta ekingo diete besteak egiteko lanei. Hurrenkera jarraituta, babes ofizialeko etxebizitzen blokea egingo dute jarraian, eta hura hartuko duen lursaila lizitaziora aterako du datozen asteotan Zumaiako Udalak.  

Iñaki Ostolaza alkateak eta Argi Yeregi hirigintza zinegotziak gaur eguerdian hedabideekin egindako bilera batean azaldu dutenez, "izaera soziala" eman nahi diote promozioari. Izan ere, tutoretzapeko apartamentuak eta alokairu etxebizitzak txertatu nahi dituzte babes ofizialeko etxeak hartuko dituen bloke horretan. 

Alkateak informatutakoaren arabera, bloke horren etxabeetan tutoretzapeko sei etxebizitza kokatzea planteatuko du udalak. "Gizarte Zerbitzuak kontsultatuta, behar handiak daudela ondorioztatu dugu. Branka eraikinean dauden apartamentuak beteta daude, eta itxaron zerrenda handia dago. Horregatik, etorkizunera begira gero eta behar handiagoa izango dela ikusita, Torreagako babes ofizialeko blokean tutoretzapeko apartamentuak egitea planteatu dugu". Matia Fundazioak egindako aurreproiektu batek etxabe horietan sei apartamentu egitea jasotzen du, bakoitza bere sukalde eta komunarekin.  

Torreagako plangintza. (Zumaiako Udala)

Alokairuko etxebizitzak

Horrekin batera, blokeko solairu bakoitzean –etxabea, sei solairu eta atikoa izango du etxebizitza multzo horrek– logela bakarreko etxebizitzak egitea ere jasoko du lizitaziora aterako duen dokumentuak. "Eskatuko dugu udalak lehentasuna izatea etxebizitza horiek erosteko orduan. Gero, behin udalaren esku daudenean, alokairura aterako genituzke Alokabideren bidez. Horrela, hamabi etxebizitza horiek, tutoretzapekoak zein alokairukoak, udalaren ondare bihurtuko lirateke". 

Orotara, bloke horretan 54 etxebizitza egitea aurreikusten da: sei tutoretzapeko apartamentuak izango lirateke, beste sei alokairura bideratutako etxebizitzak, eta 42 etxebizitza babes ofizialekoak. Dena ondo bidean, urtea amaitu baino lehen aterako dute lursail hori lizitazioa. "Kalkuluak egin ditugu eta 1,3 milioi inguruko prezioarekin aterako dugu enkantera. Bi hilabete inguruan jakingo dugu nori esleituko diogun etxebizitzak egiteko lana, eta gero beste sei hilabete beharko dira lizentziak guztiak lortzeko. Espero dugu datorren urteko udazkenerako irekiko ditugula etxebizitza horien jabe egiteko hautagaien zerrendak", azaldu dute.  

Beharrei erantzuteko 

Torreagarekin jarraituta, errio alboan joango den etxebizitza blokeak udalaren jabetzakoa izango den 1.500 metro koadroko etxabea izango du. Harekin zer egin edo zertarako bideratu ere aztertzen ari direla azaldu dute Ostolazak eta Yeregik. Ideia, herrian sor daitezkeen beharrei erantzutea izango dela ere azaldu dute. "Bagoaz urte batzuk lanketa bat egiten Prebentzio Mahaian, Elhuyarko kideek gidatuta. Lanketa horrek hiru lan ildo ditu, eta horietako bat azpiegiturena eta beharrena da. Horren barruan aztertuko dugu zer egin daitezkeen lokal horiekin", azaldu dute.  

Prebentzio mahaia udalean ordezkatuta dauden talde politikoak, udaleko sail guztiek, Zumaiako anbulatorioak eta Osasun Sailak, ikastetxeek eta zaintzarekin harremana duten eragile zein zerbitzuek osatzen dutela esan dute udal ordezkariek. Torreagako lokal handi horien inguruko etorkizuneko lanketa Matia Fundazioarekin elkarlanean egingo dutela ere iragarri dute.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide