Balenciaga ontziolako lan gatazka Espainiako Kongresura heldu da gaur. Asteazkenero egin bezala, Gobernuaren kontrol saioa egin dute gaur Madrilen (Espainia), eta Zumaiako ontziolak bizi duen egoera eraman du saiora EH Bilduko diputatu Oskar Matutek. Enpresaren inguruko galdera egin dio Espainiako Ekonomia Ministro Carlos Cuerpori.
Ontziolak bizi duen egoera kezka iturri dela adierazi du Matutek, "Euskal Herrian, Gipuzkoan eta, bereziki, Zumaian". Balenciagak bizi duen egoera kezkagarrian Espainiako Ekonomia Ministerioak zer ikusia duela gogorarazi dio Matutek Cuerpori, Cofides funts publiko-pribatuak oztopoak jarri dizkiolako enpresaren berregituratze planei. "Cofidesez hitz egiteak kezka sortzen digu, memoria dugulako. Astilleros Balenciagaz hitz egiten dugunean, Euskalduna ontziolaz hitz egin genezake, La Naval ontziolaz hitz egin genezake, edo Celayaz. Denak ere euskal ontziolak, lehiakorrak eta kaudimendunak zirenak, eta Kantauriko isurialdetik eta Euskal Herritik ezeztatu zirenak".
Matutek gaineratu zuen kezkatuta daudela, "71 langile daudelako modu zuzenean kaltetuta, eta beste 600 enpresa laguntzaileetakoak". EH Bilduko diputatuak esan dio ministroari ez duela ulertzen nolatan berregituratze plan hori ez duen onartu Cofidesekin, aipatu plana langileekin eta harpidedunekin adostuta zegoenean, eta Donostiako epaitegi batek onartu zuenean. Matutek bere harridura azaldu du eta galdetu du ea Cofidesentzako hobe den enpresaren itxiera, Balenciagak zor duen dirua pixkanaka bada ere. "Enpresa ixten badute, esango didazu nola errekuperatuko dituen milioi euro horiek", esan dio Matutek Carlos Cuerpo ministroari. Cofidesen postura aldatzea eskatu dio diputatuak ministroari, eta langileekin batera alternatibak aurkitzeko pausoak emateko lanpostu horiek mantentzeko".
"Bideragarritasun plana ez da bete"
Cuerpo ministroak hitza hartu du eta erantzun dio Espainiako Gobernuak arazoak dituen enpresak laguntzen jarraituko duela. Pandemiaren, Ukrainako gerraren, eta Valentziako (Herrialde Katalanak) denboralearen ondorioz kaltetuak izan dituen enpresak lagundu dituztela gogoratu du ministroak. Bere eskualdean garrantzia duten enpresen kasuan are eta gehiago laguntzen dutela azaldu du, eta horien artean kokatu du Balenciaga. "Ministeriotik eta Espainiako Gobernutik lagundu dugu Cofides bidez. Instrumentu horrek bizirauteko aukera eman zion 2022an, behin enpresak bideragarritasun plana aurkeztu zuenean. 12 milioi euro eman genizkion Cofides bidez enpresak biziraun zezan. Tamalez, plan hori ez da bete, eta egoerak okerrera egin du ordutik, jarritako baldintzak sistematikoki ez beteaz, eta emandako maileguaren interesak ez ordainduaz".
Egoera honetan, enpresak bere jarduera jarraitu dezan aukera desberdinak aztertzen ari direla adierazi du Cuerpok. Horretarako beste erakundeen eta gaian ardura duten eragileen laguntza izatea espero duela nabarmendu du ministroak.