"Etxebizitzaren negozioarekin amaitzeko" eskatuz, Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek ere bat egingo dute larunbatean beste zenbait eragilerekin batera Bilbon egingo duten manifestazioarekin. Autobusak antolatu dituzte hara joateko. Zarautzen, Sanz Eneako autobus geltokitik aterako da 11:00etan, eta Zumaian, Kantauriko geltokitik 11:15ean. Interesa dutenek, 633 34 94 18 telefonora deitu edo mezua bidal dezakete.
Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, "eskualdean 1.200 etxe huts baino gehiago daude, nahiz eta politikariek etxe falta dagoela, eta konponbidea etxe gehiago eraikitzea dela esan".
Hori azaltzeko zenbait adibide jarri ditu sindikatuak, hala nola Zarautzen Salberdinen eta Iñurritzan eraiki dituzten auzo berriak: "Etxebizitzak eraikitzeko, Zarauzko Udalak lurren jabetzak Amenabar eraikuntza enpresari saldu zizkion, ustez, horietan etxebizitza babestuak egiteko. Baina auzo berrietan eraiki diren etxebizitzen %63 merkatu librekoak dira, eta haien batez besteko prezioa 458.980€koa da. Elkarlan publiko-pribatuaren azpijoko horiek ez dira berriak, baina bizi dugun espekulazio zikloaren erakusle garbiak dira".
Halaber, Zumaiako eta Zarauzko udalek pisu turistikoak murrizteko azken hilabeteetan hartu dituzten neurriak "berandu" iritsi direla salatu dute, Urola Kostan –legez kanpokoak kontuan hartu gabe– jada 305 pisu turistiko daudelako, eta 2018az geroztik erabilera turistikoko lokalak %181,8 igo direlako Zarautzen, eta %158,3 Zumaian. Turismoari lotuta, eskualdean luxuzko hotelak egin izana ere kritikatu du taldeak, tartean Zumaia eta Zestoa artean eraikitzen ari diren Ibis Styles kateko hotela edota Zarautzen iaz erreformatu zuten Ur Bare Hotela.
"Etxebizitzarekin negozioa egiten dutenei alfonbra gorria ipintzen zaien bitartean, eskualdeko 2.821 pertsona daude Etxebiden izena emanda. Etxe bat alokatzeak, berriz, 870 euro balio ditu batez beste. Baldintzak egunetik egunera okerragoak dira; Zarautzen, lehengo urtean, hamar alokairutik bederatzi sasoikoak ziren", azaldu dute.
Instituzioek enpresari eta etxejabeek etxebizitzarekin negozioa egiten jarraitu ahal izatea bermatzen dutela, eta etxebizitza gehiago eraikitzearen onuradun nagusiak eraikuntza enpresak direla dio Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. "Legeak joan legeak etorri, etxebizitzak ez dio negozio izateari utzi, eta, promesak promesa, ez dago alderdi bakar bat ere etxebizitzak merkantzia objektu izateari utz diezaion proposatzen duenik. Alderdi guztiek bat egiten dute errentatzaileen irabaziak babestu eta langile klaseko geruza zabalen pobretze prozesua normalizatzearekin".
Haien ustez, "etxebizitzaren arazoarekin amaitzeko konponbide bakarra da etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala bilakatzea, eta aldaketak eskatzen dituen mobilizazio eta borroka prozesu handi bati ekitea". Hori horrela, Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek ere bat egingo dute larunbateko Bilboko manifestazioarekin.