Begoña Eguirao: "Horrelako hizkuntza bat mantentzeak merezi du"

Iraia Korta Altuna 2024ko abe. 15a, 13:30

Begoña Aguirao mintzalaguna. (Iraia Korta Altuna)

Mexikon jaioa, 7 urterekin etorri zen Zumaiara aitarekin. Bere gurasoen ama hizkuntza gaztelania zen, aiton-amonak, aldiz, euskaldunak zituen, nahiz eta etxetik kanpo gaztelania erabili. Hori dela eta, euskara ez ikasteko esaten zioten. Hala ere, berak euskaraz hitz egiten ikasi du eta zumaiarra dela dio.

Azaroko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako edukia da honakoa.

Zergatik etorri zinen Euskal Herrira?

Ama hil zenean, aitarekin etorri nintzen Zumaiara. Aitaren arreba bertan bizi zen, eta bere etxean hartu gintuen.

Mexikon zeundela euskararen berririk ba al zenuen?

Ez. Nire aita euskalduna zela banekien eta Vascoa-ren alaba nintzela esaten zidaten. Baina euskara, zer da hori?

Noiz piztu zitzaizun euskara ikasteko grina?

Zaila izan zen. Eskolan hasi nintzen, baina behartuta. Ikasgelan gelakide guztiak euskaldunak ziren, ni nintzen erdaldun bakarra. Galduta ibiltzen nintzen. Kaixo eta agur hitzak bakarrik ezagutzen nituen. Lagun baten laguntzaz gainditu nituen ikasturteak, baina euskarak errespetu handia ematen zidan.

Zaila egin al zaizu euskara ikastea?

Asko kostatu zait. Eskolako lanengatik hasi nintzen jendearen aurrean euskaraz hitz egiten. Gorroto nuen hasieran, eta gorroto hori kentzea kostatu egin zitzaidan. Hala ere, urteak pasatu ondoren, nire ilobarekin hasi nintzen ikasten, berarekin irakurri bainuen nire lehenengo euskarazko liburua, Bernardo Atxagaren Xolak badu lehoiaren berri. Momentu berezi horiek oso lagungarriak izan ziren euskararekiko harremana hobetzeko.

Zer desberdintasun ikusten dituzu Mexikoko eta hemengo hizkuntza kulturaren inguruan?

Nire lehengusuak Mexikon bizi dira, eta pentsatzen dute euskara hizkuntza arraroa dela. Zenbat jendek hitz egiten du euskaraz? Gutxik. Hori da bere balioa. Hau da, horrelako hizkuntza bat mantentzeak merezi du, baina beraientzat erokeria bat besterik ez da. Ez dute ulertzen. Jakin-mina badaukate: "Nondik dator euskara? Latinetik al dator?" Horrelako galderak egiten dizkidate, baina beraiekin euskaraz hitz egiterakoan harrituta geratzen dira. Txinera ematen duela esaten didate. Dibertigarria da.

Faltan sumatzen al duzu Mexiko?

Alde batetik, bai, baina beste aldetik, ez. Oso matxistak ziren, orain ez hainbeste, baina oso gizarte itxia da eta klase sozialak oso banatuta daude.

Nola izan zenuen Mintzalagun proiektuaren berri?

Euskaltegian hasi nintzen, kuriositatez. Nire inguruko denak erdaldunak dira eta euskaldunak direnak ere ohituta daude nirekin erdaraz hitz egitera. Ni saiatzen naiz euskaraz egiten, baina asko kostatzen zaigu elkarrizketa bat euskaraz izatea, sarritan jotzen dugu erdarara.

Zer egiten duzue Mintzalagun saioetan?

Hitz egin, entzun eta ikasi. Euskaraz hitz egiten ikasten dugu. Gauza bat da ondo idaztea eta ariketak egiten jakitea, eta bestea, hitz egiten ausartzea. Hori zaila da. Nik, adibidez, aditzarekin zailtasunak izaten ditut, baina hitz egiten ez saiatzeak gauzak okertzen ditu. Nik baditut ikasgelan euskaraz oso ondo idazten duten erdaldunak, baina hitz egiterako orduan ez dakizkite nola aplikatu idatzietan erabiltzen dituzten arauak. Ez dira ausartzen, lotsatu egiten dira eta asko kostatzen zaie euskaraz hitz egitea. Harrigarria da!

Nola lantzen duzue mintzapraktika?

Bost edo sei pertsonako taldeetan jartzen gara. Bakoitzak hitz egiteko modu ezberdina du eta ez gaude egoera berean guztiok. Hala ere, denok daukagu hitz egiteko eta ikasteko gogoa.

Mintzalagun programatik kanpo, jende gehiagorekin euskaraz hitz egiten ahalegintzen al zara?

Bai. Harakinarekin, erosketak egitera joaten naizenean, lagunekin... Gehienetan ni izaten naiz euskaraz hitz egiten hasten dena. Askotan gaizki, baina pixkanaka-pixkanaka hobetuz noa eta hori pozgarria da niretzat. Asteburuetan nire lehengusuarekin egoten naiz eta berarekin ez dut euskaraz hitz egiten, baina, hala ere, ETBko programak ikusten ditugu elkarrekin. Nire lehengusuaren bilobak ere euskaldunak dira, baina berak erdaraz hitz egiten die. Ez da ausartzen euskaraz hitz egitera, gaizki egiten duela baitio.

Gomendatuko al zenuke Mintzalagun proiektuan parte hartzea?

Bai. Talde oso polita osatzen dugu eta giro ona dugu guztion artean. Kezkaren bat izanez gero, guztion artean argitzen ditugu. Udatik bueltan, berriro euskaraz hitz egiten hastea asko kostatzen zaigu, horregatik da garrantzitsua praktikatzea. Hitz egiten ez den hizkuntza bat galdu egiten da. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide