Datozen hamar urteetako Zumaiako euskara plan estrategikoa zehazteko bost lansaio izan dira udazkenean zehar herrian. Saioetako ekarpenak behin-behineko txosten batean bilduko dituzte orain Ahize Aek aholkularitzako kideek, baina ondorio horien faltan, Josune Herrarte Zumaiako Udaleko euskara teknikariak nabarmendu du "oso pozik" daudela herritarren erantzunarekin. Gaia lantzeko "interesa eta gogoa" sumatu dituzte herrian, Herrarteren esanetan. Aipatu du, gainera, "orain arte sumatu gabeko jendea" bertaratu dela lansaioetara. Prozesua "ahalegin bat" izan arren, "oso emankorra" izan dela uste du euskara teknikariak.
Gabonetako oporretatik bueltan elkartuko dira Ahize Aek aholkularitzakoekin behin-behineko txostenaz aritzeko, eta idatzi horri ekarpenak egiteko aukera izango dute orain artean ere prozesuan parte hartu duten herritarrek. Gero, lehen udalak antolatzen zuen eta orain Larrainak antolatzen duen Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloko lehen saioan aurkeztuko dute behin betiko dokumentua. Herrartek iragarri du otsailaren 12an izango dela aurkezpen hori. "Indargune batzuk" eta "eragin beharreko esparruak" identifikatu zituzten bost lansaio horietan, Herrarteren arabera. Haren hitzetan, garaiak "asko" aldatu dira, eta beraz, "eragiteko moduak" ere aldatu egin beharko dira.
Txostenak lan ildo nagusiak nahiz ekintza puntualak jasoko ditu, eta horiek «lurrera nola ekarri» aztertu beharko dute gero. Eusko Jaurlaritzak aurten sortutako Aroa marko estrategikoaren barruan garatu dute prozesua, eta horrek "noranzko bat" ezartzen lagundu duen arren, Herrartek aipatu du ekintzak, epeak eta lehentasunak zehaztu beharko dituztela gero: "Euskara planak eta horrelako ekintzak herritik jaiotzen badira, emaitzak oparoagoak izaten dira. Beste gauza batzuk administrazioak egin behar ditu: udalak erantzukizun bat du, eta eragin egin behar du. Sortzen den lekutik sortzen dela, udalak babesa eta baliabideak eskaini behar ditu. Baina beti ez du batuta eramaten".