‘Nolakoa litzateke zaintzak erdigunean dituen Basadi?’ galderaren inguruko prozesua abiatuko dute datozen egunotan. Aurretik Zumaiako Emakumeon Etxeak, Zumaiako Mugimendu Feministak eta Malen Etxeak elkarlanean egindako lanketa bati jarraipena emango diote orain, eta horretarako Basadiko bizilagunekin kontatu nahi dutela iragarri dute proiektuaren bultzatzaileek. Bide horretan, Zumaiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango dute. Prozesua Farapi Kooperatibaren laguntzarekin garatuko dute.
Proiektua sustatu ahal izateko ezinbestekotzat ikusten dute Basadi bertako bizilagunekin egitea lanketa eta haien iritzia jasotzea. Hasteko, lehen pauso gisa, galdetegi bat banatu dute auzategiko etxebizitza guztietan. Auzoko taberna eta saltokietan ere eskuratu ahal izango dira eskuorri horiek, hala nola, Estutxo tabernan, Juanjo Larrañaga harategian, Txorro fruterian, Larraitz Ileapaindegian, Malen Etxearen egoitzan, Txoko okindegian, Arraindegian, Idoia mertzerian, Rakel estetikan eta Estankoan. Online ere jaso ahal izango da, hemen.
Zaintza lanekin lotutako beharrak identifikatzeaz aparte, auzotarrek beraien egunerokotasunean sumatzen dituzten beharrak ere detektatu nahi dituztela ere adierazi dute proiektuaren bultzatzaileek. "Besteak beste, auzotarrak ea norekin bizi diren, ea zaintzaile gisa jarduten duten edo zainduak diren erantzun beharko dute. Honekin guztiarekin, aurrera begirako erronkei modu antolatuan erantzuna eman nahi zaie, eta epe laburrean irtenbide zehatzak mahai gaineratu", adierazi dute.
Urtarrilaren 12ra bitartean erantzun ahal izango dira galdetegiak, eta behin beteta, aurrez aipatutako komertzio edo tabernetan jarritako buzoietan utzi izango dira.
Lau lan saioa
Behin galdetegia erantzuteko epea bukatuta, lau parte hartze saio izango direla ere iragarri dute prozesuaren gidariek. Urtarrilaren 14an, otsailaren 11n, martxoaren 11n eta apirilaren 15ean egingo dira saio horiek. "Ahalik eta jende gehien bertaratzea gustatuko litzaiguke, jakin badakigulako auzotar bakoitzaren beharrak ez direla berdinak, eta askotariko adin tarteek ez ezik, bestelako hainbat faktorek (jatorria, hizkuntza, kultura…) ere baldintzatzen baitute irudikatu nahi dugun eredu komunitarioa", azaldu dute.
Prozesuaren emaitza dokumentu batean jasoko dute, eta 2025eko irailetik aurrera, auzora begirako ekintza konkretuak diseinatzen hasteko oinarria izango dela adierazi dute. "Basadi auzunea Zumaia osoan eta bestelako lekuetan martxan jarri daitezkeen neurrien “entsegu moduko bat” izatea nahiko genuke".
Izan ere, prozesuaren sortzaileen iritziz, Basadik baditu herriko beste auzategiek ez dituzten ezauzarriak: "60 urtetik gorako emakumeak dira gehiengoak Basadin, eta alde handiz, bakarrik bizi diren biztanleen gehiengoa emakumezkoa da. Bestalde, herriko beste auzo batzuetan ez bezala, komertzio eskaintza zabala du, eta jakin badakigu, zeharka edo zuzenean bada ere, merkataritzak lotura zuzena duela auzo-zaintzarekin: bezeroekin duten hartu-eman zuzenagatik, edozein beharren aurrean elkar laguntzeko erakutsi ohi duten prestutasunagatik...".