Herritarrak kantuan aritzera animatu nahi ditu aurten Gabon Koruak

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 22a, 09:00

Gabon Korua San Pedro Parrokian abesten.

Abenduaren 24an, Gabon egunean, kalez kale ibiliko da aurten ere Amaia Aldalurrek zuzenduko duen abesbatza. Azken urteotan egin bezala, ohiko kantei berreskuratu duten bat gehituko diote. 

Hilabetean zehar Ubillosen egindako entseguen fruitua entzuteko aukera izango da etzi, asteartez. Abenduaren 24an, Gabon eguna, arratsalde partean kalez kale arituko da Gabon Korua. Azken urteotan bezala, San Pedro parrokian egingo den kontzertu batekin ekingo dio aurtengo kantu saioari Amaia Aldalurrek zuzenduko duen abesbatzak. Emanaldia 17:30ean hasiko da. Bertaratuko direnek, arratsean zehar abestuko dituzten kanta guztiak entzuteko aukera izango dute. Saioa zuzenean entzun ahal izango da elizan, baita San Pedro Parrokiak Youtuben duen kanalean ere.

Urtero berrikuntzak sartzen dituzte errepertorioan, baita azken urteetan kantatu ez diren abestiak berreskuratu ere. Aurten Tomas Garbizuren Gaur hemeretzi mende abestia berreskuratuko dute. Beste berrikuntza bat ere izango da aurten: talde herrikoia izanik entzulegoa kantatzera bultzatu nahi du Gabon Koruak, eta horretarako Josu Bergararen Etxe honetan abestia prestatu dute, baita kopla berriak sortu koruko kideen artean ere.

Behin Parrokiko saioa amaituta, ehun lagun inguruk osatutako taldeak kantu kalejirari ekingo diote, txistulariek lagunduta. Ondorengo ordutegian herriko leku horietan egotea aurreikusi dute: "Otezuri ingurutik 18:15ean hasi eta Victoriano Arraten, Beheko Plazan –19:30ean– eta Erribera Kalean –19:30etik 20:05era– kantatu ondoren, Ondartxo Plazan amaituko da, 20:30ean".

Beharrean dauden herritarren aldeko diru bilketa ere egingo dute Caritasen bidez. Egunean bertan mahaiak eta poltsak egongo dira diru bilketarako, baina diru sarrerak ere egin ahal izango dira ondorengo kontu korrenteetan: 2095 5174 91 1060984019 (Kutxabank) eta 3035 0037 430370038050 (Laboral Kutxa). 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide