Abenduko ohiko udalbatza izan zen atzo, osteguna, eta beste aztergai batzuen artean, etorkizuneko Zumaia irudikatzeko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aurkeztu zuen Udal Gobernuak. Lehen onespena eman zioten, oposizioaren babesik gabe –aurka bozkatu zuen EAJren udal taldeak; abstenitu egin zen PSE-EEko Duñike Agirrezabalaga–.
Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak eman zituen HAPOaren lehen dokumentuaren nondik norakoak. Hasteko eta behin, gogorarazi zuen udalerriaren erabateko antolamendua aurrera eramateko oinarrizko tresna nagusia dela, eta lurzoruen eta eraikinen erabilerak arautzen dituela. Hiru ardatz ditu Udal Gobernuaren proposamenak: etxebizitza, jarduera ekonomikoa eta espazio eta ekipamendu publikoak. Hori guztia, hainbat zeharlerroren gainean antolatu dute, Yeregiren hitzetan, aurrez aipaturiko ardatz horiek bezain garrantzitsuak: jasangarritasuna, ingurumenaren kontserbazioa, inklusibitatea, berdintasuna, ondarearen babesa eta euskara.
Etxebizitzari dagokionez, helburua zumaiarren bizileku beharra asetzea dela aipatu zuen Yeregik, eta, horretarako, HAPOk guztira 870 etxebizitza aurreikusten ditu. Horietatik 834 izango dira berriak. Etxebizitza gune berriak Aita Marin, Puntanoetan, Narrondon, Guascorren, Estazio auzoan, Oikian eta Alde Zaharrean egitea proposatu dute, "hiri-tramari bukaera eman eta etxebizitzak eta ekipamenduak tartekatuta".
Herrian bizi eta lan egiteko industria eta merkataritzari bultzada eman nahi diete arlo ekonomikoari dagokionez, landa lurrak babestearekin batera. Lehendik aurreikusita baina garatu gabe dauden industrialdeak mantentzeaz gain, lurzoru berriak aurreikusi dituzte etorkizunera begirako erreserba moduan, Yeregiren esanetan. Jarduketa berrietan, bestalde, merkataritza erabilera sustatuko dutela ere azaldu zuen, eta lehen sektoreari dagokionez, bi kategoria arautuko dira: balio estrategiko altuko eremuak, batetik; eta trantsiziozkoak, bestetik. Autoktonoak ez diren landaketak saihestu edota "txalet alegalak" ekiditeko, eremuak babesteko mugak ezartzea ere aipatu zuen Yeregik.
Espazio publikoa eta ekipamenduak
"Komunitatearen kohesiorako eta elkarbizitzarako ezinbestekoak" dira espazio publikoak, Yeregiren hitzetan. Okupatutako espazioak liberatzea eta espazio libre berriak sortzeaz gain, mugikortasun eredu jasangarria proposatu du Udal Gobernuak –hala nola, oinezkoen bideak hobetzeko jarduketak, bidegorri sarea osatzea nahiz aparkaleku berriak aipatu zituzten–.
Ekipamendu berriak ezartzea ere aurreikusi dute, tartean, futbol zelaia Puntanoetara lekualdatzea eta paolbideko igerileku naturala. Herrian zehar banaketa orekatua egitea da horiek ezartzeko irizpide bat, Yeregiren arabera.
"Edukiei" ezetz
Xabier Odriozolak hartu zuen hitza jeltzaleen izenean behin Yeregik azalpenak amaituta. Hark aurreratu zuen HAPOren "edukiei" emango zietela ezezko botoa, "Zumaiaren beharren aurrean ez delako epe ertain-luzeko soluziorik planteatzen".
Haren hitzetan, mugikortasuna ez da bermatzen; aurrerakinean planteatzen ziren zenbait aparkaleku ez dituzte dokumentuan jaso; kiroldegia handitu nahiko balitz, zailtasunak izango lituzkete planteamendu horrekin; ez da tokiko merkataritza indartzeko egitasmorik planteatzen; ez da zortzi urtez harago etxebizitza gehiago eraikitzea planteatzen; eta ingurumenean, klima aldaketan, turismoan eta inklusibitatean proposamena "hanka motz" geratzen da, Odriozolaren esanetan. "Herriaren ardatz garrantzitsua" izan zitekeen Zuloaga Plaza-Beheko Plaza-Erkibe espazio bateratua "onespenetik desagertu" izana ere aipatu zuen.
Duñike Agirrezabalaga PSE-EEko zinegotzia, berriz, abstenitu egin zen. Hark esan zuen "oinarri bat" badagoela lanean hasteko, eta behin betiko plana "denen artean" osatzea espero duela, "gobernuak alda daitezkeelako, baina plana ez".
Erakusketa, urtarrilean
Udal Gobernuak jakinarazi zuen urtarrilaren 8an emango duten prentsaurrekoan azalduko dituztela HAPOaren xehetasunak, eta plan horrek jasotzen dituen proiektuen inguruko erakusketa ikusgai izango dela egun horretatik aurrera Alondegiko Oxford aretoan.