Entzutea handiena

Jabi Gonzalez Toston 2025ko urt. 11a, 09:00

Jabi Gonzalez Toston kazetariak 2025ko abenduko Zumaia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. 

Ia konturatu gabe iritsi gara beste urte baten amaierara. Atzera begira jarri, eta urte osoan bizitakoaren errepasoa egin ohi dugu abenduan, eta, askotan konturatzen gara urtarrilean gure buruari ezarritako helburuetako batzuk bete ditugula. Harro sentituko gara orduan, nahiz eta gure buruari aitortuko diogun asmoetako hainbat bere horretan geratu zirela. Behin betiko amore ematea edo konpromisoa berritzea erabakiko dugu urte hasieran baino are konbikzio handiagoarekin.

Atzera begirako ariketa horretan, urtearen lehen erdian lankide izandakoekin gogoratu nahiko nuke, publikoki aitortzeko oso eskertuta nagoela haiekin. Asko izan da haien ondoan izan naizen bitartean ikasi dudana, bai arlo profesionalean eta baita pertsonalean ere. Dena den, gaurkoagatik, lehenengoari erreparatu nahiko nioke eta, bide batez, eskatu, segi dezatela egiten duten lana egiten: tokiko kazetaritza bertako hizkuntzan, euskaraz. Erakusten dute txikitasunetik istorio erraldoiak kontatu daitezkeela, eta, gertutik ezagutzen ditugun bizilagunenak direnean, oraindik eta interesgarriagoak direla, gainera.

Irratira itzuli eta atzera informazio orokorreko albisteak ematen ari naizen honetan, ikusi ahal izan dut zeinen garrantzitsua den herritar xumeon gertukoenak diren kazetarien egitekoa. Hilabeteotan zer esana eman duten "tokiko" gaiak lantzea tokatu izan zaidanean, tokiko hedabideetako kazetariengana jo dut, haiek direlako bertako kontuez informatzen dutenak eta gertaeren nondik norakoak hobekien ezagutzen dituztenak. Tokian tokiko hedabide horiek erreferentziazkoak dira bertako bizilagunentzat, eta maiz gutxietsi egiten dugu haien balioa. Gainera, herritarren eta bertako kolektiboen bozgorailu ere badira.

Horrekin guztiarekin ez dut iradoki nahi irratira itzultzeko erabakia hartu izanaz damutzen naizenik, gehien erakartzen nauen komunikabidea baita. Hala ere, aitortuko dut faltan sentitu izan dudala hurbileko istorioak patxadaz kontatzea. Testigantza hunkigarriak eman dizkidaten herritar horien kontakizunetako asko uhinetan entzun gabe geratu dira minutu eskaseko kronikan sartzen ez direlako. Dena den, egunkarian ere utzi behar izaten nituen erantzun mamitsuak artikuluetatik kanpo maketaren marjinetan sartzen ez zirelako. Hau edo beste aukeratu behar izaten da eta hautu orok berarekin ekartzen du ezinbestean zerbaiti uko egitea eta horrek eragindako penari nahiz minari aurre egitea. Baina kazetariontzat, behintzat, geratuko dira elkarrizketatutako horiek guztiek egindako aitortzak, gurekin partekatutako jakituria, bizipenak, zaletasun bereziak edo direnak direlakoak. Azken finean, horixe da gure lanbidearen pribilegiorik handiena: aurrean dugun pertsonari entzutea. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide