Zabaldu dute Emakumeon Etxean emango dituzten jabetze eskoletarako izen ematea

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 9a, 09:00

Emakumeon Etxeko talde eragilea 2025ko lehen seihileko egitaraua aurkezten. (Zumaiako Emakumeon Etxea)

Hamasei jabetze eskola eta zazpi elkargune eskainiko dituzte, besteak beste, Zumaiako Emakumeon Etxean urtarriletik ekainera bitartean.

Zumaiako Emakumeon Etxeak zabaldu du urteko lehen seihilekora begira antolatutako jardueretarako izen ematea. Urtarriletik ekainera bitartean, hamasei jabetze eskola eta zazpi elkargune emango dituzte. Horiei, agendako ekitaldiak ere gehituko dizkiote, guztira egitarau oparoa osatuz.

Mota edo iraupen desberdineko jabetze eskola edo ikastaroak eskainiko dituzte urteko seihilekoan. Guztira, hamazazpi ikastaro izango dira, eta indarkeria, autoestimua, idazketa, kirolak edo dantza bezalako gaiak landuko dituzte. Horietan parte hartzeko izen ematea zabaldu dute dagoeneko Emakumeon Etxean bertan, baina izango da webgunearen bidez apuntatzeko aukera ere. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 16a izango da. Elkarguneetan ere leku berean apuntatu beharko dute interesdunek.

Agendako ekitaldietan parte hartzeko, ordea, ez da aurrez izena eman beharko. Eskaintza "oparoa" prestatu dutela nabarmendu dute Emakume Etxeko talde eragilea. Horien artean izango dira urtarrilaren 17an egingo den bazkide asanblada. Aipatzekoa, baita ere, aurtengo Raixta eguna maiatzaren 31n egingo dutela.

Sortzeneko kideek emango dute aurrerantzean arreta psikologikoa. "Bakarkako arretaz gain indarkeria matxista jasan duten emakumeak ahalduntzeko autozaintza taldea egongo da hilabetean behin. Arreta juridikoari dagokionez, hemendik aurrera Irule abokatuek eskaini dute", azaldu dute. Zerbitzu gehiago ere eskaintzen direla eta denetan aurrez hitzordua eskatu behar dela ere informatu dute. Horretarako, 633 43 27 62 telefono zenbakira deitu daiteke edo info@zumaiakoemakumeonetxea.eus helbidera idatzi.

Hemen kontsultatu daiteke seihilekora begira prestatutako liburuxka. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide